Gaur aurkeztu ditu EH Bilduk Nafarroan aldaketa politikorako akordioak bilatze aldera landu beharreko edukiak. Aritz Romeo, Adolfo Araiz y Miren Aranoa koalizioko kideek aurkeztu dituzte proposamenaren nondik norakoak.
Nabarmendu dutenez, egungo eredu politiko, ekonomiko eta instituzionalak ondorio "ezin larriagoak" eragin ditu Nafarroan, "ustelkeria" eta "garapen ekonomikorako berebiziko garrantzia duten instituzioen desagerpena", kasu.
Horren aurrean, alternatiba bat erakitzeko beharra azpimarratu du koalizioak: "Ados jarri behar gara Nafarroako jendarteak desio duen aldaketa politiko eta sozialari ekiteko". Alternatiba hori "bultzatzeko eta adostasunak lortzeko konpromiso sendoa" agertu du.
Aldaketa politikorako negoziaketak "behar den denbora, behar diren harremanak burutuz eta ahal den zabaltasun guztiarekin egiteko prest" azaldu da koalizioa, eta bat egitera deitu ditu Geroa Bai eta Ezkerra, "zein Nafarroan aldaketaren alde agertu diren beste eragile politiko, sozial eta sindikalak".
Akordioaren ezaugarriak
Eragileen arteko akordioak "zabala, integratzailea, eraikitzailea, sendoa eta irismen luzekoa" izan behar duela uste du EH Bilduk. Edukiez ere eztabaidatu beharra dagoela iritzi dio koalizioak, eta horietako batzuk izan ditu ahotan: Nafarroako politika ekonomikoa, gardentasuna kudeaketa publikoan, oinarrizko eskubide sozialak, hezkuntza, osasuna, hizkuntz politika, lurralde antolaketa, Nafarroako estatus politikoa, Nafarroako erakunde publiko guzien demokratizazioa eta bake prozesuak aurrera egiteko urratsak.
"Eztabaida eraikitzaileak eta hitzarmen zabalak behar dira. Hori da hain zuzen EH Bilduren konpromisoa. Aldaketaren alde gauden sektore ezberdinen arteko akordioa erdiestea", esan dute.