«Bazen garaia». EH Bilduk gogo onez hartu du hauteskundeak aurreratzea, Laura Mintegi lehendakarigaiak atzo adierazi zuenez. Batetik, «gabezia demokratiko handiko garaia» amaitzear delako eta, bestetik, gaitasunik gabe ikusten duelako egungo Eusko Jaurlaritza: «Gobernuak ezin dio erantzun iazko urriaren 20an hasitako garai politikoari, ezta krisiak eragindako eskari sozioekonomikoei ere». Gauzak bestela egiteko «aukera errealak» dauzkala sinetsita agertu da, eta koalizioak proposatzen duen «aldaketa sakonean» parte hartzeko deia egin die euskal herritarrei.
Jaurlaritzako sailburugaiak ondoan zituela egin du agerraldia Mintegik Bilbon. Haren hitzetan, «ilusioz, arduraz eta energiaz» ekingo diote bozen etapari. «Proiektu politikoa behar da, eta badugu. Lantaldea behar da, eta badugu. Borondatea behar da, eta badugu». Beste alderdiekin itunak sinatzeko aukerak, ordea, urriagoak dira, PPk eta PSE-EEk dagoeneko baztertu baitute halako akordiorik. Mintegirentzat «oso tristea» da jarrera hori, «ez da eraikitzailea», eta alderdion «kalitate demokratikoaren adierazle». Elkarrizketaren eta adostasunaren filosofian «esfortzu handiak» agindu ditu lehendakarigaiak: «Indar politiko desberdinen arteko bat egitean bagaje bat dugu. Gure izaera demokratikoak ez liguke utziko a priori ezer baztertzen».
Proposamenei dagokienez, ezkerreko politika ezartzeko helburua berretsi du lehendakarigaiak: fiskalitate progresiboa, 35 orduko lan astea, familia guztientzako oinarrizko errenta, azpiegitura erraldoien atzerapena, eskualdeen garapena... Subiranotasuna eta eraldaketa sozioekonomikoa uztartu nahi du: «Burujabeak izan nahi dugu gure herria antolatzeko, gaur egungo sistema aldatzeko». Eta krisia formula zaharkituak baztertzeko garaia izan daitekeela erantsi du: «Lehentasun kontua da. Diru gutxi badago, espekulatzaileei erantzuteak, agian, ez du lehentasunezkoa izan behar».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Aldaketarako «aukera errealak» ikusten ditu Mintegik
Iazko urrian abiatutako garai politikoari erantzuteko gai ez izatea egotzi dio egungo Eusko Jaurlaritzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu