Alde guztiekin hitz egin behar dela erantzun diote alderdiek Basagoitiri

PPko buruak EAJri eta PSEri proposatu die ETAren amaiera elkarrekin gidatzea, ezker abertzaleari «protagonismoa kentzeko»Urkullu prest dago Basagoitiri entzuteko, baina denekin hitz egingo duela esan du

Iñigo Urkullu eta Antonio Basagoiti, iazko ekainean egin zuten bilera batean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
ETAk jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri ostean hasi den aro berrian gidaritza nork hartu behar duen eztabaidak lekurik ez duela, eta garai berriaren kudeaketa alde guztien parte hartzearekin egin behar dela erantzun diote hainbat alderdik PPko EAEko lehendakari Antonio Basagoitiri, hark EAJri eta PSE-EEri ETAren amaiera «elkarrekin gidatzea» proposatu eta denbora gutxira.

SER irratiari eskainitako elkarrizketa batean esan zuen Basagoitik EAJrekin eta PSE-EErekin harremanetan jarriko dela proposamen hori egiteko. PPko buruaren asmoa da hiru alderdiek gutxieneko batzuk adostea «ETA desegin dadin elkarrekin exijitzeko, agenda politikoa ezartzeko eta mahai gainean ibilbide demokratikoa jartzeko». Helburu bat ere badu: «Batasunaren munduari protagonismoa kentzea», Basagoitiren arabera gaur egun ezker abertzalea ari baita ETAren amaiera gidatzen, «eta gainontzeko alderdiak Batasunaren lehentasunei buruz jarrera hartzera bultzatzen gaitu, alegia presoez eta autodeterminazioaz hitz egitera».

«Ez nabil PPrentzako protagonismo edo domina bila; hiruren arteko hitzarmen bat behar dugu», gaineratu zuen.

Urkullu, entzuteko prest

Basagoitiren asmoen berri jakin orduko, EAJko EBBko lehendakari Iñigo Urkullu prest agertu da PPko lehendakariak esan nahi diona entzuteko. Urkullurentzat, «pozgarria da, Basagoitiren proposamena aintzat hartuta, PPk onartzea ETAren amaieraren testuinguruan gaudela»; dena den, «beste kontu bat izango da elkarrekin lan egiten dugun edo ez», zehaztu du.

Bizkaia irratiari eginiko adierazpenetan, ordea, EAJko buruak garbi utzi zuen bere alderdiak «alde guztiekin» hitz egin nahi duela: «Bai, batzuok besteekin hitz egiteko beharra daukagu, eta PPk PSEErekin eta gurekin hitz egin nahi badu, ongi dago; baina guk nahiago dugu denekin hitz egin».

«Kultura politiko guztiak»

Ezker abertzaleak gogorrago jo du Basagoitiren asmoen aurka: «Gure herrian hasiko aro berriari bazterketatik ekin nahi dio PPk, elkarrizketa politiko zabal eta normalizatuari bizkarra emanez», esan zuen atzo Maribi Ugarteburu bozeramaileak. Horregatik, PPk egindako proposamenaren harira, ezker abertzaleak uste du ziklo armatuaren amaierak «konponbiderako elkarrizketa demokratikoaren zikloa» ireki behar duela. «Eta elkarrizketa onuragarri horretarako, herri honetako kultura politiko guztiak dira beharrezkoak».

Ugartebururentzat, proposamen horrekin PPk «gatazkaren inguruan kontakizun faltsua ezarri nahi du», «gatazkaren erro politikoa ukatuz, eta herri honetan gertatu den sufrimenduaren askotariko izaera ezkutatuz». Ezker abertzalearentzat, PPk «eskakizun partikulartzat» aurkeztu du «jendartearen gehiengoaren aldarrikapena». «Baina, egiari zor, jada gehiengo sozialak eskatzen du, esate baterako, kartzela politika kriminalaren amaiera, edota atxiloketa, epaiketa eta zigor politikoen amaiera».

Herritarrak protagonista

Aralarrek ere Basagoitiren proposamenaren aurka jo du, «lidergorako borondate zaharkituak» alboratzearen alde agertu da eta «bazterketarik gabeko elkarrizketak gauzatzeko gaitasuna» eskatu du. Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak agertu duenez, «lidergoa inori badagokio, urtarrilaren 7an Bilbon egin zen manifestazioan kalera atera zen gizarteari dagokio». «Normalizazioan eta bakegintzan edukiak dira garrantzizkoak, eta ez lidergoak; politikan jarduteko Basagoitiren modua erabat zaharkitua da», gaineratu du.

Eusko Alkartasuneko Komunikazio idazkari Ikerne Badiolarentzat, berriz, Euskal Herriaren etorkizunaren eraikuntzak «adostua eta sentsibilitate politiko guztien artean partekatua» izan behar du, eta ezingo da egin «independentismo progresista alboratuz». Horregatik, PPren asmoaren aurka agertu da, eta deitoragarritzat jo du haren jokaera, «duela bi egun onartu ere egiten ez zuen prozesuaren gidaritza hartu nahi baitu orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.