Aldebakartasunez aritzera deitu ditu Aralarrek Espainia eta Frantzia

Aralarren arabera, «garrantzitsua» da Espainiak egiaztatzea ETAk armak behin betiko utzi dituela

Dani Maeztu, Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta atzo Donostian egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
Donostia
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Aldebakartasunez jokatzeko eta ETAk armak behin betiko utzi dituela egiaztatzeari «garrantzia osoa» emateko eskatu die Aralarrek Espainiako eta Frantziako gobernuei. Aralarren ustez, bakegintza eta normalkuntza politikoaren prozesua etenda dago, eta«kezkagarria» da hori: «Espetxe politikarik ez da aldatu, elkarrizketa politiko demokratikorik ez da garatu eta ez da urratsik egin borroka armatuaren behin betiko etena egiaztatzeko». Normalkuntza prozesua eten izanaren erantzuletzat Mariano Raxoi buru duen Espainiako Gobernua jo du Aralarrek, eta esan du gobernuak erabiltzen dituen argudioak eta «aitzakiak» ez direla onargarriak.

Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak, Dani Maeztu koordinatzaileordeak eta Rebeka Ubera alderdiko antolaketa idazkariak prentsaurreko bat eman zuten atzo arratsaldean, alderdiak Donostian duen egoitzan. Agerraldian salatu zutenez, oraindik ez da ekinaldirik egin «aldatu beharreko» salbuespeneko legediak aldatzeko: «Egoera hau kaltegarria, bidegabea, jasanezina eta giza eskubideen urratzailea ari da bihurtzen». Bakea egonkortzeko eta bultzatzeko arriskatu egin behar dela uste du alderdiak, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei arduraz jokatzeko eskatu die, «interes alderdikoiak eta bestelako kalkuluak alde batera uzteko».

Batetik, aldebakartasunez jokatzera dei egin die gobernuei. Aralarrek nabarmendu du ETAk aldebakartasunez aitortu zuela behin betiko borroka armatuaren amaiera, Gernikako Akordioari eta Aieteko konferentziari jarraiki. Alderdiaren ustez, orain, Espainiako Gobernuak ere aldebakartasunez abian jarri behar ditu espetxe politikaren eta elkarrizketa politikaren aldaketak. Aralarrek «harrigarritzat» jo du Espainiako Gobernuaren jokabidea ETAren jardunak baldintzatzea. Hori dela eta, kritikatu egin du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ETA deuseztatu artean neurririk ez duela hartuko esan izana: «Onartezina da ETAk egiten duenak edo egiten ez duenak baldintzatzea espetxe politika aldatzearen moduko zeregin garrantzitsuak».

Bestalde, ETAk armak behin betiko utzi dituela egiaztatzeari «garrantzia osoa» eman behar zaio, Aralarren ustez. «ETAren desegiteak bermea izateko, gobernuak aintzat hartu behar du egiaztatzea, eta praktikara eramateko prest agertu behar du». Gogorarazi du zeregin horretarako prest daudela «maila eta duintasun handiko» bitartekariak.

«Ez dago berritasunik»

Patxi Zabaletak atzo adierazi zuenez, Aintzane Ezenarro, Oxel Erostarbe eta Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideen egoeraren inguruan «ez dago inolako berritasunik». Kasua berme batzordearen esku dago oraindik; Ezenarrok, Erostarbek eta Basabek alderdiaren barne diziplina hautsi ote duten aztertzeko eskatu zion Aralarreko zuzendaritzak batzordeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.