Alderdi guztiek arbuiatu dituzte Buesaren omenezko monolitoari eta hilobiari egindako erasoak

Herenegun monolitoari eraso zioten, eta bart gauean gorozkiekin eta pintura beltzarekin estali dute Buesaren hilobia. EH Bilduk ez du Gasteizko Udaleko adierazpen instituzionala babestu, 'gaitzespen' hitza agertzen zelako. EH Bilduk galdetu dio Urkulluri biktima guztiekin «partziala» ote den; Urkulluk zalantzan jarri du EH Bilduk garbi ote duen indarkeria oro «injustua» izan zela.

Buesaren hilobia gaur goizean, erasoa jasan ondoren. ADRIA RUIZ HIERRO, EFE
Edurne Begiristain/ Xabier Martin
2023ko urriaren 6a
12:03
Entzun

Bi egunen buruan birritan eraso diote PSE-EEko agintari Fernando Buesaren memoriari —ETAk hil zuen, 2000. urtean—. Herenegun, haren omenezko monolitoari pintura beltzarekin eraso zioten Gasteizen, eta bart gauean gorozkiekin eta margoarekin estali dute haren hilobia. Erasook salatu dituzte alderdi politiko guztiek, hala sare sozialen bidez nola hitzez. Gasteizko Udalak adierazpen instituzional bat kaleratu du gertatutakoa gaitzesteko. Haatik, erdarazko gaitzespen hitzean katramilatu da eztabaida, eta EH Bilduk ez du testua babestu. Gasteizko Udaleko gainerako alderdien babesa izan duen testuan esaten dute erasoak «onartezinak» direla, eta «biktimen sentsibilitatea eta memoria gutxiesten» dituztela. Era berean, elkartasuna agertu diete Fernando Buesaren eta Jorge Diez ertzainaren sendiei. EH Bilduko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, testuaren edukiarekin erabat ados zeuden, baina ez gaitzespen hitza jasotzearekin. Hitz hori ez agertzeko eskatu die EH Bilduk gainerako taldeei, baina aurka agertu dira EAJ, PSE-EE eta PP. Gauzak horrela, EH Bilduk ez du adierazpena babestu, eta ez da onartu.

Atzo, Rocio Vitero EH Bildu taldeko bozeramaileak erasoen aurkako «arbuio irmoa» agertu zuen, eta jokaera horiek «lekuz kanpo» daudela gaineratu.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, berriz, erasoen aurkako «erabateko arbuioa» agertu du sare sozialetan idatzitako oharrean. Otegik salatu du «onartezinak» direla erasoak: «Gertakari horien izaera eta jatorria ezezaguna da, eta benetako probokazioa dira gure herriko bizikidetza demokratikorako», idatzi du. Otegik gogoratu du EH Bildu engaiatu egin zela biktimak umiliatuko zituen edozein jarrera arintzeko, eta konpromiso hori berretsi du gaur. «Erabat arbuiatzen ditugu gertakari horiek guztiak, pentsarazten baitigute gure herrian bizikidetza horrela bortxatzen dutenek zer bilatzen duten eraso horiekin». Gaineratu du biktima guztien memoria errespetatzea «oinarrizko baldintza» dela bizikidetza eraikitzeko.

Etxerat elkarteak ere «erabat gaitzetsi» ditu Fernando Buesaren eta Jorge Diezen memoriaren aurkako erasoak. «Gure konpromisoa biktima guztien errekonozimenduaren eta bizikidetza demokratikoaren alde da», adierazi du.

Erasoak gaitzetsi ditu Iñigo Urkullu lehendakariak ere. «Gaitzespen irmoa» agertu du Urkullluk, eta ohartarazi halakoek «berriro biktimizatzen» dituela hildakoa, haren sendia eta euskal gizartea. Erasoak «biolentzia politikoa» aldarrikatzen duten «taldexka» batzuei egotzi dizkie, eta dei egin die talde horien gainean eragina dutenei bide hori alboratzeko eskatzeko.

Idoia Mendia lehendakariordeak esan du erasoek erakusten dutela oraindik bide luzea egin behar dela memoria eta hezkuntza esparruetan. Halaber, «urtetan terrorismoa legitimatu zutenei» galdegin die ez daitezela isilik geratu.p>

EAEko Arartekoak ere «zeharo gaitzetsi» ditu erasoak. «Intolerantziaren eta gizagabetasunaren adierazle larri horiek bizikidetza demokratikoaren kontrako erasoak dira, eta, bereziki, terrorismoaren biktima guztien kontrakoak», adierazi du ohar batean Manuel Lezertua arartekoak. Elkartasuna adierazi nahi die Buesaren eta Diezen familiei.

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, talde denek izan dituzte ahotan azken bi egunetako erasoak. Besteak beste, Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak salatu du erasoak «lotsagarriak» eta «nazkagarriak» direla. Miren Gorrotxategi EP-IUren bozeramaileak gogor gaitzetsi ditu erasoak, eta talde guztiei eskatu die gauza bera egiteko: «Astakeria hori gaitzestea eta horrelako egun gogorretan biktimen familiak babestea da Euskadik behar duen gutxienekoa».

Sanchez Corbiren domina

EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak arbuiatu egin du Buesaren hilobiaren aurkako erasoa, eta Manuel Sanchez Corbi torturak egiteagatik zigortutako guardia zibilak jaso berri duen dominari buruzko galdera egin dio Urkullu lehendakariari Eusko Legebiltzarrean. «Biktima batzuen» alde egin ohi dituen adierazpen «ugariak» gogoratu dizkio Arzuagak Urkulluri, eta, Kepa Urra Bilboko Salveko kuartelean torturatutako biktimaren erreparazioa aintzat hartuz, domina horrekin bat al datorren galdetu dio lehendakariari.

Labur erantzun du Urkulluk: «Ez, ez da biktimek merezi dutena».

«Monosilaboa» eskertzen diola esan dio Arzuagak, eta zalantzan jarri du ea Urkulluk «torturatzaile bati emandako dominaren gaiari» erreparatuko ote zion gaia legebiltzarrera ekarri izan ez balu. Bilduko parlamentariak esan du ez dagoela «berdintasunik» biktima batzuen eta besteen erreparazioari dagokionez: «Zure adierazpenak eta isiltasunak entzuten ditut. Partziala zara?», galdetu dio Arzuagak Urkulluri.

«Galdetzen edo ziurtatzen ari zara?», erantzun dio lehendakariak. Egia, justizia eta erreparazioa biktima guztientzako nahi dituela azpimarratu du. Haien «aitortza» eta haiekiko «hurbiltasuna» beharrezkoak direla esplikatu du, eta galdera zehatza bota dio Arzuagari: «Zuek errespetatzen al dituzue irizpide horiek guztiak?».

Berriro esan du ez datorrela bat guardia zibil torturatzailearen dominarekin, eta garbi utzi du aitortu egin behar dela «torturaren injustizia, baina baita ETAren hilketen injustizia ere». «Guk garbi dugu, eta zuek?».

Manuel Sanchez Corbi torturak egiteagatik zigortu zuen Espainiako justiziak, 1992an. Kepa Urra atxilotuari egindako torturen auzian kondenatu zuten, baina Corbi ez zuten kargutik kendu edo zigortu; aitzitik, bere ibilbidean mailaz igotzen jarraitu du urte hauetan, eta UCOren buruzagi ere izan da. Bada, aurreko astean Zilarrezko Domina jaso du, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.