Segurtasuna

Alderdi guztiek sinatu dute Bilboko segurtasun ituna

35 neurri biltzen ditu itunak. EH Bilduk, Goazenek eta Udalberrik plana babestu badute ere, kritiko agertu dira zenbait punturekin.

Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek sinatu dute segurtasun ituna. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
Asier Arrate Iruskieta.
2018ko martxoaren 5a
14:36
Entzun

Gaur goizean sinatu dute Hiriko Segurtasun Ituna Bilboko udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek. 2018-2023 plan estrategikoaren parte izango den itun horrek 35 neurri biltzen ditu, segurtasun eredua zehaztea helburu dutenak. Prebentziozko segurtasun ereduaren alde egin dute itunean, eta lehentasuna eman diete arriskuan dauden kolektiboei, auzoetako bizi kalitateari eta ekitaldi jendetsuei. Ituna sinatu eta sei hilabeteko epean, segurtasun plan estrategiko bat osatzea du helburu udal gobernu taldeak. Plan estrategikoaren jarraipena ikuskatzeko, alderdi politikoak, gizarte eragileak eta elkarteak bilduko dituen batzorde bat eratzea aurreikusten da.

Neurrien artean agertzen dira, besteak beste, auzoetako ikuskaritzarako langile gehiago jartzea, protokoloak eratzea arrisku egoeren atzemate goiztiarrerako, udaltzaingoaren baliabideak, ebaluazioa eta trebakuntza hobetzea, polizia prozedurak birdiseinatzea, biktimentzako arretarako unitatea bat sortzea eta puntu beltzen mapa etengabe eguneratzea.

Itunaren zirriborroa udal gobernua osatzen duten EAJk eta PSEk proposatu zuten urtarrilean. Oposizioko alderdiak, PP izan ezik, kritiko azaldu ziren zirriborroarekin, eta beraien ekarpenak egin ostean ere, ez zegoen argi bat egingo zuten edo ez. Gaur, ordea, guztiek sinatu dute ituna. Ildo horretatik, Juan Mari Aburto alkateak alderdi guztiei eskertu die ados paratzea: “Sinatutako akordioa osoa eta sendoa da”. EAJko eta PSEko bozeramaileek ere, akordioa adosteko “esfortzua” eskertu dute.

Oposizioa kritiko

EH Bilduk, Goazenek eta Udalberrik baiezko kritikoa eman diote itunari. EH Bilduko Aitziber Ibaibarriagak adierazi du segurtasuna “gizarteari arduratzen dion gaia dela, eta ez ziotela izkin egin nahi izan”. Hala ere, argi utzi du ituna sinatzeak ez duela esan nahi “ez direla kritiko zenbait punturekiko”. Udalberriko eta Goazeneko bozeramaileek adierazi dute ituna sinatu dutela “ardura politikoagatik”. Biek kritikatu dute itunak polizia kopurua eta baliabideak indartzean jarri duela arreta. Bereziki, deitoratu dute, aldi baterako udaltzainen kontratazioa bultzatzea. Carmen Muñoz Udalberriko bozeramaileak ezinbestekotzat jo du “segurtasunari lotutako diagnostiko sakon bat egitea”. Alderdi Popularra, bestalde, pozik agertu da itunarekin: “bilbotarren eskariari erantzuten dio”.

Irailean, kurtso politiko berria hastearekin batera, azaldu zuen alkateak segurtasun plan berri bat lantzeko beharra. Hala ere, Otxarkoagako bikotearen eta Ibon Urrengoetxearen hilketek segurtasun itun berri bat adosteko premia sortu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.