Politikarien solasaldia

Alderdi guztietako ordezkariak "kezkatuta" agertu dira Auzitegi Konstituzionalak har dezakeen erabakiarekin

Pernando Barrena (SA), Mikel Arana (EB-IU), Nekane Alzelai (EA), Markel Olano (EAJ) eta Ramon Etxezarreta (PSE-EE) kezkatuta agertu dira Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Espainiako Gobernuak sartutako bi inpugnazioak onartu egingo dituelako. Guztiek ere Espainian "justizia politizatzen" ari dela azpimarratu dute, eta Etxezarretak PSOEk PPrekin hitzarturiko 'Itun antiterrorista' etengo dela espero duela esan du.

2003ko abenduaren 5a
11:59
Entzun
Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren proposamenari jarritako bi inpugnazioak eta handik aste batera Auzitegi Konstituzionalak "forma akatsak direlako ontzat ez ematea" Mikel Arana EB-IUko kideak harritu egin dela nabarmendu du. "PPri beste aukera bat eman nahi diote Konstituzionalak, inpugnazioak ez baitu batere zentzurik", esan du Aranak. Haren esanetan, Ibarretxe planaren eztabaida hasi ere ez da egin, "eta ez du zentzurik forma juridikorik ez duen gauza baten aurka inpugnazioak aurkeztea".

Pernando Barrena Batasuneko kidearentzat ez da harritzekoa, PPk aspalditik dituen joerek "argi erakusten baitute politikatik baino gehiago dutela bide prozesaletik". Barrenaren esanetan, PPK badaki zein izango den Auzitegi Konstituzionalaren epaia, "baina orain Gobernuari eskatu diote gauzak hobeto aurkezteko, inpugnazioak txukunago aurkezteko". Ibarretxek eztabaida egin eta herri galdeketa bat egiteko asmoa agertu zuela esan du Barrenak, eta hori ikusita, PPk ikusi du legea urratzen duela, eta horretaz baliatu da inpugnazioak aurkezteko. Batasuneko kidearen ustez, PPk nahiago du "etapa guztiak erre, urte eta erdi kontu honen bueltan ibiltzea baino".

Nekane Alzelai EA kideak berriz, Ibarretxe planaren inguruan, Espainian, ez diren gauza asko saltzen ari dela esan du, "baina ez dute hitz egiten Gernikako Estatutuaren garapenaz ezta Ibarretxek eztabaidarako aukeztu duen txostenaz ere". Alzelairen esanetan, Auzitegi Konstituzionalak PPk aurkezten dituen inpugnazio berriak onartuko ditu, botere judiziala erabat politizatuta dagoelako".

Markel Olano EAJko parlamentarioak ere Alzelairen maila berean hitz egin du, eta "politika erabat judizializatuta" dagoela nabarmendu du. Ramon Etxezarretak, berriz, PSOEk PPrekin hitzartutako 'Itun antiterroristaz' hitz egin du, eta akordio hori "laster etengo" dela espero duela azpimarratu du.

Fernandez Iradiren atxiloketa

Mikel Arana "pozik" agertu da atzo Ibon Fernandez Iradi ustezko ETAko kidea eta beste bi kide Frantzian atxilotu izana. "Iradik atentatu askotan parte hartu zuela diote, eta zentzu horretan, berri bezala berri ontzat jo behar dela, azken finean, bere herrian bizi den pertsona bat hiltzeko prest dagoenarentzako lekurik onena kartzela da", adierazi du Aranak.

Barrenak, berriz, bera ez dagoela "batere pozik" adierazi du, "ez berarengatik, ez bere familiarengatik, eta ezta atxiloketa honen atzean dagoen errealitate politikoarengatik". Honek erakusten du, Barrenaren ustez, jende asko prest dagoela guztia emateko bere egunerokoan, eta "atzean dagoen gatazkaren gordintasuna" erakusten du.

Nekane Alzelaik adierazi duenez, atzoko hiru atxilotuek bide bat hartu zuten, eta "nik ezin diet babesik eman eurek hartutako bideari". Gatazka gainditu behar dela esaten denean, hitz egiteko beharra azpimarratzen dela esan du Alzelaik, eta "horiek hartutako bidea ez da hitz egitea".

Markel Olanorentzat, berriz, garrantzitsua da Ibon Fernandez Iradiren ibilbideari erreparatzea. "Polizia informazioei ere ez zaie guztiz sinistu behar". Olanoren esanetan, hausnarketa egiteko garaia da, eta "murgilduta gauden gurpil zorotik ateratzeko garaia".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.