Alderdiak

Alderdi independentistak legez kanpo uzteko eskatu dute Voxek, PPk eta Ciudadanosek

Madrilgo Erkidegoko Biltzarrean onartu dute legez besteko proposamena. Europako Batasunak CDRak "talde terroristatzat" hartzea ere eskatu dute.

Rocio Monasterio, Voxeko burua Madrilgo Bitzarrean. KIKO HUESCA / EFE
Iosu Alberdi.
2019ko azaroaren 8a
14:21
Entzun

"Espainiaren batasunaren aurka atentatzen duten alderdi separatistak" legez kanpo uztearen aldeko legez besteko proposamena onartu du Madrilgo Biltzarrak. Proposamenak Madrilgo Erkidegoko Gobernuari eskatzen dio Espainiako Gobernuari alderdi horiek legez kanporatu beharra dagoela adierazteko, hark "legezko tresna guztiak" erabil ditzan horretarako. Voxek aurkeztu du eskaera, eta PPren eta Ciudadanosen babesa izan du. Horrez gain, Kataluniako CDR Errepublikaren defentsarako batzordeak Europako Batasuneko "talde terroristen zerrendan" sartzeko eskatu dute.

Voxek adierazi du buruzagi independentisten aurkako epaiaren ostean Madrilen egin ziren protesten ondorio dela proposamena. Orduan, 4.000 lagun inguru bildu ziren Espainiako hiriburuan, zigortuentzat amnistia eskatzeko. PPk adierazi du proposamena ez dela egokia juridikoki eta teknikoki, baina aldeko botoa eman duela Alderdien Legeari men eginez: "Alderdien Legeak dioen bezala, gure erregimenaren aurkako atentatua egiten duten alderdiak legez kanporatzeko eskatzen da". Ciudadanosek, berriz, adierazi du Vox beraren legez kanporatzea ere mahai gainean dagoela, "ordenamendu juridikoaren eta balio konstituzionalen" aurka egiteagatik. Mas Madrid, Podemos eta PSOE proposamenaren aurka agertu dira, eta "marra gorria" igaro izana leporatu diote Voxi.

CDRei eginiko "edozein ordainketa edo diru laguntza" bertan behera uzteko ere eskatu dute hiru alderdiek, eta talde horiekin "lotura zuzen edo zeharkakorik" duten erakundeak ere legez kanpo uztea. Halere, esan bezala, legez besteko proposamena izanik, ez du legezko baliorik, eskumen horiek ez baitaude Madrilgo Erkidegoaren esku.

"Demokraziaren kontrako erasoa"

Besteak beste, EAJk eta EH Bilduk erabakia gaitzetsi dute. "Demokrazioren kontrako erasotzat" eta "faxistatzat" jo du erabakia EAJko Kongresurako hautagai Joseba Agirretxeak. EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik, berriz, adierazi du agerian uzten duela "estatua oso ahul" dagoela eta ez duela eskaintza politikorik. Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrentek salatu du Kataluniako Parlamentuak ezin duela autodeterminazio eskubideaz eztabaidatu, baina Madrilgoak "alderdi demokratikoak legez kanporatzeaz" hitz egin dezakeela: "Estatuaren sendotasuna demokraziaren aurretik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.