Etxe kaleratzeak

Alderdi politikoek bat egin dute etxe kaleratzeen kontra

Etxe kaleratzeak amaitzea hartu du helburu nagusitzat Bilduk; prozedura gelditzen saiatuko da EAJ

jon eskudero
Donostia
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako etxe kaleratzeen legea ezbaian jarri zuen Europak herenegun, eta atzo, berriz, Euskal Herriko alderdi politikoek kritikatu zuten indarrean dagoen legea, beste hainbaten artean. Gogor kritikatu ere. Patxi Lopez, oraindik ere Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atsekabeturik agertu zen gertakariarekin, «lagun baten» heriotzagatik: «Irtenbide bat bilatu behar diogu arazo larri honi, ezin baita herritarren bizitzarekin jolasean ibili». Lopezen arabera, krisiaren alderdi «zitalena» bihurtzen ari dira desjabetzeak.

Amaia Egaña PSE-EEko zinegotzi izan zen 1983an, Eibarko Udalean; horregatik, hainbat sozialistak hunkituta hitz egin zuten. Odon Elorza Donostiako alkate ohiak, esaterako: «Hunkituta ez ezik, izututa ere banago, zer pentsa handia ematen duelako halako ezbehar batek. Sozialistok argi esan behar dugu ez dugula kaleratze bat gehiago ere onartzen. Gizarteak hori eskatzen du, eta gure kontzientziak ere bai». PSE-EEko Gipuzkoako buru Rafaela Romerok ere atsekabea adierazi zion Egañaren familiari: «Politikatik Barakaldoko etxe kaleratzearen ondorioz gertatutako heriotzaren konplizeak gara».

Baina sozialistek bakarrik ez, gainontzeko alderdi politikoek ere nahigabe handia azaldu zuten. EH Bilduko kide Laura Mintegik jakinarazi zuen koalizioak legebiltzarrean izango duen lehen helburua etxe kaleratzeak amaitzea izango dela: «Pertsonen gainetik bankuen interesak jartzen dituen politika ekonomikoaren ondorio larria da gertaturikoa», azaldu zuen Mintegik. Haren arabera, beharrezkoa da neurriak azkar hartzea: «Koalizioak egingo duen lehen proposamena bankuak hustu nahi duen etxea bere gain hartuko duen erakunde publiko bat eratzea izango da».

Gipuzkoako Diputazioak eta Donostiako Udalak, bestalde, etxe kaleratzeak berehala bertan behera uzteko eskatu zioten Kutxabanki.

Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileordea ere mintzatu zen gaiaren inguruan,eta salatu zuen «onartezina» dela krisiaren aitzakipean murrizketa sozialen bidearekin jarraitzea.

EAJ alderdiak ere ez du eskuak gurutzatuta geratzeko asmorik. Iñigo Urkullu lehendakarigaiaren arabera, berehalako neurriak hartu behar dira, Jaurlaritza berria osatu arte itxaron gabe: «Etxe kaleratzeen aginduak bertan behera uztearen alde gaude, baina legea berritu bitartean egon daitezkeen kasuak geldiarazten saiatuko gara». Urkulluren hitzetan, EAJren konpromisoa da «aldi baterako ostatua emango duen sare publiko bat ahalbidetzea, eta desjabetzea pairatu osteko ondorioen aurrean babesa ematea».

Konpromiso berarekin jokatuko du PPk, Antonio Basagoiti alderdiko kideak sare sozial batean azaldu zuenez: «Etxe kaleratzeak konpontzeko konpromiso irmoa hartuko dugu, arazoari aurre egiteko».

UPDren arabera, kaleratzeak «murrizketa politika okerraren» ondorio dira, eta arazoa eteteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu die gobernuei. Gorka Maneiro UPDko kidea: «Beste pertsona batek bere buruaz beste egin baino lehenago amaitu beharra dago zentzugabekeria honekin». Maneiroren esanetan, PP da gertaeraren erruduna.

LAB: «Ez da halabeharra izan»

Alderdi politikoek ez ezik, sindikatuek eta gizarte eragileek ere hitz egin zuten gertaeraren aurrean, eta etxe kaleratzeen kontra agertu ziren. LABek elkartasuna adierazi zien Egañaren senitartekoei, eta salatu zuen heriotza ez dela halabeharrez gertatu: «Espekulatzaileen interesen menpe jarri dira herritarren eskubideak. Bankuak eta legedia garatu eta babestu duten alderdiak dira gertaeraren erantzuleak».

CCOO sindikatuko idazkari Unai Sordok esan zuen «berehala» amaitu behar direla etxe kaleratzeak, eta arazoa konponduko duen lege bat egin beharra dagoela. ELAk ere bide beretik jo zuen: «Erantzuleek badakite zer egin duten, baina nahiago dute beste alde batera begiratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.