EUSKARALDIA

Alderdien jarioa Euskaraldian: aho-belarriak prest edo bizkarra emanda

Euskal Herriko indar politiko gehienek bat egin dute Euskaraldiarekin. Batzuek euskara dute lehentasun sare sozialetan, baina erdarak nagusi dira beste askoren mezuetan.

Eusko Legebiltzarreko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Euskaraldiarekin bat egiteko argazkian. EUSKO LEGEBILTZARRA
Eusko Legebiltzarreko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Euskaraldiarekin bat egiteko argazkian. EUSKO LEGEBILTZARRA
Ion Orzaiz.
2025eko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskaraldian parte hartzea txapa bat janztea baino gehiago da. Konpromiso bat eskatzen du, hizkuntza ohiturak aldatze aldera. Euskal Herriko alderdi politikoek, baina, ez dituzte beren hizkuntza ohiturak aldatzen ariketa sozialak irauten duen egunetan. Ez, behintzat, sare sozialei dagokienez. Oro har, euskaraz eta erdaraz komunikatu ohi diren taldeek neurri berean erabiltzen dituzte bi hizkuntzak Euskaraldian; eta kontrara, urte osoan erdaraz jarduten direnek apenas aldatu dituzten beren ohiturak egun hauetan. Txapa jantzita ere, erdara darabilte askok egunerokoan. Bai ezpainetan bai belarrietan.

Alderdi abertzaleen artean, adibidez, ugariak dira eledun euskaldunak, eta, egunotan, ia denak ibili dira ahobizi edo belarriprest txapa paparrean jarrita. EH Bilduren eta EAJren kontu ofizialetan, ordea, euskararen nagusitasuna ez da erabatekoa. Elebitasuna nagusi da bi taldeon profil ofizialetan, baina alde handiak daude ordezkari politiko batzuen eta besteen artean.

EH Bildu koalizioak X sarean duen kontu ofizialak, esate baterako, 61 mezu argitaratu edo berrargitaratu zituen Euskaraldia hasi zenetik atzo arte. Horietatik, %57,4 euskaraz eman zituen (35 argitalpen), eta %42,6 erdaraz (26). Fokua apur bat gehiago zabaldu eta apirilaren bigarren hamabostaldia erreferentzia gisa hartuta, are argiagoa da euskararen nagusitasuna: EH Bilduren kontu ofizialak 141 mezu argitaratu zituen bi aste horietan, eta horietatik, %63,8 euskaraz izan ziren. 48 mezu propio eta 42 berrargitalpen; 90 guztira. Epe berean, erdaraz idatzi zituzten 27 mezu —26 gaztelaniaz eta bat frantsesez— eta beste erabiltzaile batzuen 24 txio zabaldu zituzten gaztelaniaz.

EH Bilduko ordezkari politiko nagusien sare sozialetan ere nagusi da elebitasunaren aldeko joera, baina kasu askotan, euskarari lehentasuna emanda. Hala antzeman daiteke Arnaldo Otegiren —hamabi argitalpen edo berrargitalpen euskaraz eta hamar erdaraz—, Pello Otxandianoren —hamahiru euskaraz eta bost erdaraz— eta Maddalen Iriarteren —hamahiru euskaraz, lau gaztelaniaz— maiatzeko jarioan. Hala ere, alde handiak daude eledun batzuen eta beste batzuen artean: badira beren jardun ia osoa euskaraz egiten duten ordezkariak —Eneka Maiz Nafarroako parlamentaria, esaterako—, baina baita nagusiki gaztelaniaz aritzen direnak ere —Mertxe Aizpurua eta Oskar Matute Espainiako Kongresuko diputatuak dira horren adibide—.

EAJren hizkuntza hautua ere euskararen aldera lerratzen da. Euskaraldia hasi zenetik, 43 mezu argitaratu edo berrargitaratu dituzte X sare sozialeko kontu nagusian. Horietatik 29 izan dira euskaraz (%67,4), eta 14 gaztelaniaz (%32,6). Lagin handiagoa hartuz gero, joera bertsua da, euskara baita nagusi apirilaren 15etik 30era bitarteko mezuetan: 110 txio eta birtxio guztira; eta horietatik 78 euskaraz (%71) eta 32 erdaraz (%29).

Ordezkari jeltzaleen artean, EBBko buru Aitor Estebanek neurri bertsuan argitaratzen ditu mezuak euskaraz eta erdaraz, X sareko bere kontuan: zazpi mezu euskaraz eta sei gaztelaniaz, maiatzean. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak apenas erabiltzen duen X, baina Instagramen maiatzean argitaratutako mezuei erreparatuta, agerikoa da euskarari ematen diola lehentasuna bere kontu ofizialean.

EH Bai koalizioan, azkenik, euskaraz idatzi dituzte maiatzean X sare sozialean argitaratutako mezuen %58,8, eta frantsesez, berriz, gainerakoak: %41,2.

Ez bizi, ez prest

Alderdi espainiazaleen artean, berriz, panorama askoz etsigarriagoa da: gehienek mezu gutxi batzuk bakarrik idatzi ohi dituzte euskaraz eta, kasu gehienetan, Euskaraldiaren harira argitaratutakoak dira.

UPN, esate baterako, erdaraldi betean bizi da urteko 365 egunetan: ez du mezu bakar bat ere zabaldu euskaraz Euskaraldia hasi zenetik... ezta horren aurretik ere. X sare soziala erreferentzia gisa hartuta, 94 mezu argitaratu ditu alderdiak maiatza hasi zenetik: 46 mezu propio idatzi ditu, eta beste erabiltzaileek idatzitako 48 berrargitaratu —gehienak, Cristina Ibarrola alderdiko presidentearenak—. Denak gaztelania hutsean.

Txio horietan guztietan, gainera, alderdi eskuindarrak ez die aipamen txikiena ere egin ez Euskaraldiari ez euskarari berari. Hilabete honetan alderdiaren timeline-an azaldu dira, konparaziorako, Tauromakiaren Nazioarteko Eguna, Leon XIV. aita santuaren izendapena, Familien Nazioarteko Eguna, Guardia Zibilaren 181. urteurrena eta Manolo el del bombo Espainiako futbol selekzioaren jarraitzailearen heriotza, besteak beste. Erregionalisten community manager-ek, ordea, ez dute abagunerik ikusi hilabete osoan Euskaraldiari mezu, iruzkin edo interakzio txikiena ere eskaintzeko. Are gutxiago euskaraz.

Alderdi Sozialistak euskarari eskaintzen dion tartea lurraldearen araberakoa da: elebiduna Gipuzkoan, baina nagusiki erdalduna Araban, Bizkaian eta Nafarroan. PSE-EEren kontu ofizialari erreparatuta, argitaratzen dituzten mezuen laurdenak izan ohi dira euskaraz. Euskaraldia hasi zenetik, zehazki, 98 mezu argitaratu edo berrargitaratu ditu PSE-EEk X-n. Horietatik, euskaraz idatziak dira 23 (%23,4), eta erdaraz 75 (%76,5).

Sozialistek Hego Euskal Herrian dituzten kontuen artean, Nafarroako PSNrena da erdaldunena. Maiatzean, 78 mezu argitaratu dituzte X sarean: 69 mezu propio eta beste erabiltzaile batzuen bederatzi berrargitaratze. Horien guztien artean, mezu bakarrean erabili dute euskara: hain zuzen, Euskaraldiaren hasierari erreferentzia egiten ziona. Alta, mezu hori ere ez dago euskara hutsean idatzia, «Bat egiten dugu #Euskaraldia ekimenarekin» esaldiaren azpian, gaztelaniazko beste bat erantsi baitute: «Una herramienta que ayuda a compartir el euskera desde un mensaje positivo, inclusivo y voluntario» (Mezu positibo, inklusibo eta boluntario batetik abiatuta, euskara partekatzeko lagungarri den tresna).

Txio hori aintzat hartuta, beraz, mezu guztien %1,28 eman ditu PSNk euskaraz hilabete honetan. Deigarria da, bestalde, BERRIAk Maria Txibiteri eginiko elkarrizketa bera ere gaztelaniaz iragarri zuela alderdiak maiatzaren 17an idatzitako mezuetan, hala X-n nola Facebooken eta beste sare batzuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.