Politika egin nahi badu, legea betetzeko esan eta esan aritu zaizkio ezker abertzaleari Espainiako Gobernutik. Hala egingo duela esan duenean, ordea, legea betetzea ere ez dela nahiko erantzun dio. Ramon Jauregi Espainiako Presidentziarako ministroak esan du ezker abertzaleak lege barruan aritu ahal izateko «ETArekiko haustura egiaztatzeko ekintza frogagarriak» eman behar dituela. Haren esanetan, larunbatekoa, ezker abertzaleak «legeztatzeko bidean» egindako «eszenifikazioa» da. Areago, «duela urte gutxi batzuk joko politikorako agertoki berri baterako egiten saiatzen ari diren bidean aurrera egiteko» urratsa izan dela uste du, «indarkeria amai dadin saiatzeko» bidean, «agian». Hori uste duen arren, ez dela nahikoa dio: «Ez da estrategia aldatzeko adinako datua».
Ministroaren ikuspegitik, garrantzitsuena ez da legea beteko duen estatutuak aurkeztea, gainontzekoek bere asmoei buruzko «uste osoa» izatea baizik: ETAren indarkeria hor baldin badago, ezker abertzaleak «horrekin hautsiko duen, baztertu eta kondenatuko duen sineste osoa» izatea. Gaur-gaurkoz ez dagoela horretaz seguru esan du Jauregik, eta, beraz, ezin zaiola legeztatzea ziurtatu.
Candido Conde-Pumpido Espainiako Estatuko fiskal nagusiak ere antzeko adierazpenak egin ditu. Haren arabera, ezker abertzalearen iragarpenak ez du esan nahi alderdi politiko berria debekatuko ez dutenik. Larunbatean jakinarazi zuen ezker abertzaleak alderdi berriaren estatutuak aurki aurkeztuko dituela eta Alderdien Legeak eskatzen dituen baldintzak beteko dituela. Baina hori ez da aski Conde-Pumpidoren hitzetan. «Iruzur egin eta Batasuna ordezkatu nahi badu, ezingo du hauteskundeetara aurkeztu», adierazi du.
«Alderdien Legeak ez ditu terrorismoarekin lotutako alderdiak bakarrik debekatzen; aurrez legez kanporatu diren alderdiak modu iruzurti batean ordezkatu nahi dituztenak ere debekatzen ditu», argudiatu du estatuko fiskal nagusiak. Hortaz, «sektore politiko horrek bizitza publiko baketsuan» parte hartu nahi badu, ETAk «armak behin betiko utzi» behar dituela edo «Batasunak ETA behin betiko utzi» behar duela esan du. «Bitartean egiten duten guztia ez da nahikoa izango».
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Idoia Mendiak esan du ezker abertzaleak iragarritakoa «bide onean» doala, baina «ETAri indarkeria betiko uzteko eskatzea eta erakunde armatutik argi aldentzea» faltan sumatu duela.
EAJko kideen esanetan, ezker abertzaleak hurrengo hauteskundeetan egon behar luke. Edozein moduz, hainbat mezu eman dituzte Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak eta Joseba Egibar GBBkoak. Bozetan egoteko badakiela «zer egin behar duen», esan dio Urkulluk ezker abertzaleari. Nolanahi den, Urkullu «benetan kezkatzen» du ETAk indarkeria behin betiko utzi duela iragarriko duen edo ez duen.
Egibarren esanetan, berriz, «agerikoa» da alderdi berriak ez duela «inolako loturarik» izango indarkeriarekin, «estrategia politiko-militarra amaitzen ari delako». Ezker abertzalea «aro berri bati buruz» ari dela ohartarazi du, eta ez dagoela «aitzakiarik» alderdi berria ez legeztatzeko. Espainiak etxeko lanak dituela esan du: estatutu berriek legea betetzen duten aztertu, eta horren arabera jokatu. GBBko burua seguru dago «giza eskubide guztien errespetua» oinarri izango duen «garai berria» abiatzen ari dela.
Horixe uste du EBk ere, eta «bake prozesuaren hasiera ez boikotatzeko» eskatu die PSOEri eta PPri. Zapateroren «lehentasunezko bazkide» direnez, «arduraz joka dezala» eskatzeko esan die jeltzaleei.
Ezker abertzalea legez kanpo uzteko erabilitako argudioak gainbehera erori direla ohartarazi, eta arduraz jokatzeko eskatu dio ELAk Espainiako Gobernuari: ezker abertzaleari politika gainontzekoen aukera beretan egiten uzteko.
Alderdien Legea betetzea ez dela nahikoa dio Espainiako Gobernuak
Jauregik dio ezker abertzalea indarkeria amaitzen saiatzen ari dela baina hori ez dela nahikoa gobernuaren estrategia aldatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu