Unibertsitateko irakasleen Elkarbide elkarteak antolatutako ekitaldian parte hartu dute Otegik eta Fullaondok, eta esan bezala, Batasunaren hurrengo urteetako ildo politikoa biltzen duen Euskal Herria ezkerretik eraikiz txostena aurkezteko baliatu du Fullaondok. Debekuen dinamikan orain arte ez dutela hartarako aukerarik izan nabarmendu du.
Eta debekuen haritik, atzo jakin zen Otegi eta Batasuneko beste zazpi buruzagi inputatu gisa deklaratzera deitu dituela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak, Iruñean alderdi horren izenean ekitaldia egiteagatik.
Albiste hori jakin eta atzo arratsaldean egin zuten balorazioari eutsi dio gaur Otegik: hau da, nabarmendu du egoera "larria" dela, eta bide horretatik ezingo dela konponbiderik iritsi. Hala ere, oztpo horien gainetik Batasuak konponbidea jorratzeko borondateari eutsiko diola nabarmendu du, eta, zehazki, ezker abertzaleak konpromiso gehiago hartuko dituela bere gain alderdien mahaia bultzatzeko. Konpromiso horiek zeintzuk diren datorren astean jakinaraziko dutela iragarri du.
Otegik nabarmendu du alderdien mahaia ezinbestekoa dela prozesua abiatzeko: "mahairik ezean, ez dago prozesurik", esan du. Era berean, mahaia eratzekotan Batasunaren aurkako erasoak amaitzea derrigorrezkoa dela ohartarazi du: "Espainiako eta Frantziako estatuek etengabe egiten diete eraso Batasunari eta ezker abertzaleari", iritz dio. "Beraz, alderdien arteko elkarrizketarako berdintasun baldintzarik ez badago, ez dago alderdien arteko elkarrizketarik. Eta alderdien arteko elkarrizketarik ez badago, ez dago konponbiderako mahairik. Eta mahairik ez badago, ez dago prozesurik".
Ildo horretatik, eragile guztiei dei egin die prozesuarekin "egiaz engaiatzeko". Alderdien mahaiaren eraketa atzeratzeko aitzakiarik ez dagoela azpimarratu du. Ezker abertzaleak bere konpromisoak "garbi, argi eta garden" hartuko dituela nabarmendu du.
Politika
Alderdien mahaia bultzatzeko konpromiso gehiago hartuko ditu ezker abertzaleak
Alderdien mahaiaren osaketa bultzatzearren, ezker abertzaleak datorren astean konpromiso gehiago hartuko dituela bere gain jakinarazi du Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak. Atzoko adierazpenak berretsiz, "egoera zaila" dela ohartarazi du, eta alderdien mahaia eratzea dela aurrera egiteko modu bakarra. Leioan egin ditu adierazpen horiek Otegik, Marije Fullaondorekin batera. Batasunaren ildo politikoa jasotzen duen =i Euskal Herria ezkerretik eraikiz=i txostena aurkezteko baliatu du Fullaondok ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu