Betharramgo afera zabaldu ondoan, Ipar Euskal Herriko hainbat ikastetxetan izandako bortizkeriak argitara eman dira azken hilabeteetan. Apiril hasieran, hamahiru salaketa jarri zituzten Baionako Auzitegian. Gehienak ikastetxe katolikoetan gertatuak dira, baina Angeluko Jean Jaures ikastetxe publikoan (Lapurdi) izandako bortizkeriak ere salatu ditu biktimetako batek. «Eskola publikoan ere ohikoak ziren bortizkeriak», berretsi du Beak —ez du abizena agertzerik nahi—. Duela 50 urte inguru Garazi eskualdeko (Nafarroa Beherea) herri txiki bateko eskolan bizi eta ikusitakoaren kontakizuna egin die BERRIAri eta Euskal Irratiei. Bortizkeria fisikoa eta sexu jazarpena pairatu zituen hark, baina sexu erasoen berri ere izan du: «Urte batzuk geroago ikasle ohi batek kontatu zidan bi urtez bortxatu zuela errientak. Pertsona horren bizi osoa suntsitua izan da».
Urteetako isiltasunaren ondotik, bizitakoa ulertu eta barnean zeraman «ondoez» horri erantzunak aurkitzeko lanketa egin duela kontatu du Beak. Argi erran du: «Ez dut gehiago beldurrik, ez dut gehiago lotsarik». Baina, abokatu batek hala aholkatuta, lekukotasuna anonimoki ematea erabaki du azkenean. Ez du zehaztu zein herritako eskolan izan zen, eta ez du eman ikasleei eraso egiten zien irakaslearen izenik. Haatik, argitu du 1974 inguruan neskato baten amak salaketa jarri zuela haren kontra. «Kontuak zalaparta sortu omen zuen denbora batez, baina dena aski fite isildu zen. Auzitegira joan zen afera, baina errienta zuriturik atera zen». Hamarkada bat geroago eskola berean ikasi zuen batek BERRIAri baieztatu dio oraindik han segitzen zuela irakasle hark, eta bortizkeria handikoa zela ikasleen kontra. Gaur egun, zendua da.
«Han banintz bezala berriz bizi ditut errientak nire ikaskideei egiten zizkien gogorkeriak eta sentitzen nuen arriskua. Ikaratua nintzen»
Eskola ttipia zen 1970eko hamarkadan Beak ezagutu zuena: hiru klase zeuden, bakoitza bi mailakoa, eta orotara hiru irakasle zeuden. «Ez dut batere gogoratzen zer ikasi nuen urte horietan, baina han banintz bezala berriz bizi ditut errientak nire ikaskideei egiten zizkien gogorkeriak eta sentitzen nuen arriskua. Ikaratua nintzen», kontatu du. «Errientak ikasle bat belarrietatik harrapatzen zuen maiz, behin eta berriz altxatzen zuen bortizki, txotxongilo bat balitz bezala, ikasgela osoaren aitzinean, eta oihu eta irri eroak botatzen zituen. Aldika, ikasle bat aurpegia odoletan ateratzen zen errient horren ikasgelatik egun amaieran».
Makilarekin kolpeka
Gogoan du irakaslea ikasgelan zehar ibiltzen zela banbuzko makila bat eskuan —«bost zentimetro inguruko diametroa zuen makilak, eta 40 zentimetro luze zen, gutxi gorabehera»—, eta arbelera joan beharko zuen ikaslea aukeratzen zuen. «Gehienetan ikasle bera hautatzen zuen, eta buruan jotzen zuen behin eta berriz. Egun batez, ikaslea jotzen ari zela, banbua hautsi zitzaion. Soka batekin konpondu, eta erabiltzen segitu zuen». Arbelaren ondoko izkinera bidaliz zigortzen zituen irakasleak, eta han, metalezko erregela karratu baten gainean belauniko egon behar izaten zuten. «Erregelak belaunak mozten zizkigun. Erregela bera erabiltzen zuen ikasleen hatz punten jotzeko».
«Dudarik gabe, zigorgabetasuna, indarra, boterea sentitzen zituen. Eskolako errienta zen, herriko agintarietako bat; beraz, ukiezina»
Arrazoirik gabeko indarkeriak ziren, Bearen hitzetan: «Gizon horren pultsio sadikoak asetzeko baizik ez zuten balio. Dudarik gabe, zigorgabetasuna, indarra, boterea sentitzen zituen. Eskolako errienta zen, herriko agintarietako bat; beraz, ukiezina». Gehitu du errient horren alaba haren ikasgela berean zegoela. «Bere ikaskideen aurka aitak egiten zituen indarkeria ekintzen lekuko izan zen».
Gainerako irakasle eta langileen «konplizitatea» ere aipatu du, modu batera edo bestera gertatzen zenaren lekuko izan baitziren. «Indarkeria eguneroko biziaren parte zen, batzuentzat hezkuntzaren parte zen ere. Indarkeria ohikoa eta arrunta zen. Betharramgo eskola aipatzen zen, Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa eskola ere. Bagenekien eskola oso zorrotzak zirela eta hobe genuela hara ez joatea. Aldi berean, bagenekien inguruko eskoletako irakasle batzuk bortitzak zirela ikasleekin. Banekien ere apez batzuekin kasu eman behar nuela, batzuk portaera desegokia zutelako. Hala zen, barneratua genuen».
Sexu jazarpena eta erasoak
Eskolako jolastokian, bere neskato gorputza «arriskuan» sentitu zuen Beak, orduan nola azaldu ez bazekien ere. «Batere sanoa ez zen giroa sumatzen nuen: handienen errienta eskola ondoko zahar etxeko egoiliarra zen lagun batekin ibiltzen zen jolastokian zehar. Neskengana hurbiltzen ziren, eta errientak erraten zigun: 'Libera bat emanen dizu bularrak hunkitzen uzten badiozu'. De Gaulle ezizena zuen, sudur lodi eta gorria zuelako. Nazkagarria zitzaidan gizon hura. Eskolako jolastokian egoten zen egunero. Bi gizonak handiak ziren, beldurra ematen zidaten». Errientak pubertarora heltzen ari ziren neskato batzuei ukituak egiten zizkiela ere erran du. «Jokabide perbertso horiek denak ikusten genituen. Zigorgabetasun osoz jokatzen zuen».
«Gutako bat kanpoan egoten zen, eta oina ate azpitik pasatzen zuen, barnean zegoena une batez lasai egon zedin. Bi gizonak han zebiltzan, itzulinguruka»
Komunera joateko, binaka antolatzen ziren neskatoak, ateak espazioak zituelako goian eta beherean. «Gutako bat kanpoan egoten zen eta oina ate azpitik pasatzen zuen, barnean zegoena une batez lasai egon zedin. Bi gizonak han zebiltzan, itzulinguruka». Igerilekuan errienta noiznahi sartzen zen nesken aldageletan, «gu aldatzen ari ginela ustekabean harrapatzeko». Gimnasia saioak errepikatzen zituztenean ere han egoten ziren bi gizon «biziotsuak», umeei begira. «Sentitzen nuen haien begiradak ez zirela sanoak, eta nire intimitateari eraso egin ziotela. Banekien zerbait ez zegoela ongi». Eskolara joateko galtza luzeak janzten zituen beti, baita bero egunetan ere. «Mesfidatzen nintzen, beldur nintzen».
Urte batzuk geroago, ikasle ohi batek kontatu zion errienta horrek bi urtez bortxatu zuela. «Bortxaketak eskola orenetan izaten ziren, errientaren ikasgela gaineko apartamentuan; bertan bizi zen familiarekin». Ez daki biktima bakarra izan ote zen, baina ez du beste lekukotasunik bildu ahal izan. Urte batzuk geroago, ikaskide izan zituenetako bik bere buruaz beste egin zuten. Bortizkeria larrienetakoak jasan zituztenen hurbilekoak biak ala biak. «Ez dut frogarik bi gertakariak lotu ahal izateko, baina baliteke. Zenbat bizitza suntsitu ote dira gizon horren ekintzen ondorioz?».
Sendatzerainoko bidea
Herri horretatik pasatzen den bakoitzean «korapilo» bat sentitzen duela aitortu du Beak; garaian izan zituen ikaskideekin kontaktu oro moztu zuen. Duela hilabete, eskola aitzinera joan zen argazkiak ateratzera. «Mina» sentitu zuen. «Oroitzapen horiek beti izan dira presente eta argi nire buruan». Esplikatu du luzaz ez duela ulertu zergatik egoten ziren isilik biktimak. «Nire kasuan, gainera, segur nintzen etxetik kanpo kontatu banu ez ziola nehork kasurik eginen, gutxietsiko eta mespretxatuko zutela. Baina etxean ere ez nuen kontatu...».
Aipatu ditu bere inguruan eraikitako «oskola», besteekiko «mesfidantza», bere gorputzaren eta feminitatearen «ukazioa», bizitakoaren «minimizazioa». Helduaroan ere bortizkeriak jasateko «harrapakin erraza» bilakatu zela erran du, eta gerora jasandako jazarpen kasu baten berri eman. Hainbat testigantza eta ikerketa irakurri ondoren barneratu du nolakoak diren trauma ondorengo defentsa mekanismoak. Terapeuta batekin ere aritu da lanean azken urteetan. «Berriki ohartu naiz, azken urteetan, bortizkeria horiek nire bizitzan izan duten eraginaz».
Gaur egun funtsezkoa zaio lekukotasuna argitara ematea. «Ez dut isilik egoteko eskubiderik, gaur egun, oraindik, haur gehiegi abusatuak baitira. Isiltasun kate hau apurtzen parte hartu behar dut». Gisa bereko bortizkeriak jasan zituztenak mintzatzera animatu ditu. «Garaia da biktimen ahotsa askatzeko, eta lekukotasunak entzun eta kontuan hartzeko. Lotsak eta beldurrak erasotzaileen aldera pasatu behar dute».
Beak Euskal Irratietan eman du testigantza.