Zuzen jardun al zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko otsailean, zaharren egoitzen gatazkan lan hitzarmenerako proposamena aurkeztu zuenean, ala esku hartu al zuen ez zegokion esparru batean, eta, ondorioz, Adegi patronalaren negoziaziorako eskubidea urratu? Auzia argitzeko atzo Bilbon egindako epaiketan, fiskaltzak zein jarrera hartuko zain zeuden aldeak: saioaren hasieran Gipuzkoako enpresen konfederazioaren alde agertu bazen ere, frogak aztertu ostean diputazioaren argudioekin bat egin zuen: «Aldundiaren proposamenak ez zuen eragotzi ondoren bi aldeek negoziatzen jarraitzea; beraz, ez dugu uste negoziatzeko eta biltzeko eskubideak urratu zituenik». Epaiaren zain geratu zen auzia.
2012ko urrian martxan jarri zuten Gipuzkoako zaharren egoitzetako beharginen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia, eta 2013ko otsailean egin zuen proposamena Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek. Idatzian, itunerako edukiak jasotzeaz gain, aldundia prest agertu zen 2013 eta 2014ko tarifak eguneratzeko eta 8,2 milioi euro emateko lan baldintzen hobekuntzak finantzatzeko.
Adegiri ez zitzaion proposamena gustatu, lan erreformaren aurkako osagaiak zekartzalako —45 eguneko kalte-ordaina eta ultraaktibitatearen muga ezabatzea, besteak beste—, eta auzitara jo zuen: negoziazio kolektiborako eskubidearen barruan, elkartzeko eskubidea urratzea egotzi zion, baita ohoreari kalte egitea ere, hedabideetan eginiko adierazpenen harira. Zigor gisa, eskatu du proposamena erretiratzeko eta 187.500 euroko ordaina emateko. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak eta Lares sektoreko patronala ere salaketan txertatu ditu.
Atzoko epaiketa saioan, Rodriguezen inguruan babes handia agertu zuen aldundiak. Martin Garitano ahaldun nagusia, Larraitz Ugarte bozeramailea eta Gizarte Politika Saileko zuzendari gehienak izan ziren auzitegian. «Auziak ez du ibilbide juridikorik; Adegik Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka duen obsesio gaixoti bati erantzuten dio», adierazi zuen Garitanok.
Proposamen «partziala»
Funtsean, Adegik argudiatu dulangileen ordezkariak eta enpresak direla negoziazio kolektiboaren subjektu bakarrak, eta ondorioz aldundiaren proposamena «injerentzia bat» dela. Akusazioaren aburuz, testu haren helburua ez zen bi aldeen arteko bitartekaritza egitea, «baldintza batzuk inposatzea» baizik: «Proposamena partziala zen: langileen eskubideak defendatzeko asmoa zuen, eta kasu hartan ez zen bere egitekoa».
Diputazioak erantzun du negoziazioa blokeatuta zegoenean egin zuela proposamena, «bi aldeek eskatuta», eta hala frogatu du bileretako akten bidez: proposamen batik bat «ekonomikoa» galdegin zuen patronalak, eta «sozioekonomikoa» sindikatuek. Halaber, horretarako eskumena bazuela nabarmendu du aldundiaren abokatuak. Batetik, legez diputazioak duelako egoitzetan emandako zerbitzuaren «erantzukizun publikoa», baita plazen prezioa erabakitzeko eta kontzertazioa kudeatzeko eskumena ere. Bestetik, Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako gastuen %87 finantzatzen dituelako. Aktetan ageri denez, Adegik berak negoziazioan adierazi zuen aldundiaren aurrekontuaren araberakoa izango zela lan baldintzen nolakotasuna.
Finantzaketarekin lotuta, Adegik uste du aldundiak langileen soldatari buruzko irizpideak soilik ezarri ahal izango lituzkeela, baina ez gainerako lan baldintzen ingurukoak: «Ez dugu ulertzen ultraaktibitateak edo kalte-ordainak zein eragin izan dezaketen zerbitzuaren kalitatean eta erabiltzaileen arretan». Diputazioa ez da bat etorri: «Enpleguaren kalitatea zerbitzuaren kalitatearekin lotuta dagoelako uste sendotik egin genuen proposamena». Abokatuak erantsi du tarifaren %60 baino ez dagoela bideratuta soldatak ordaintzera; ondorioz, finantzaketaren %40ak beste lan baldintzetan eragiten du.
Adegiren negoziatzeko eskubideari dagokionez, fiskalak eta sindikatuek nabarmendu dute aldundiaren proposamenaren ostean ere negoziatzen jarraitu ahal izan zuela patronalak, eta «adierazgarri» jo dute Lares Adegiren ildotik ateratzea. Izan ere, enpresaz enpresa aritu dira lan hitzarmenak sinatzen; egun, soilik hiru egoitza daude itunik gabe. Ildo horretan, ELAk argudiatu du aldundiaren proposamenean ez zela «inposaketarik» izan, «sinatu diren itun batzuek ez dituztelako bertako baldintzak bete».
Halere, fiskaltza ez da erabat aldundiaren alde lerrokatu. Rodriguezen taldeak «irregular» jardun zuela uste du: «Negoziatzen den horretan badu zeresana, baina ez negoziatzeko moduan; bazuen beste tresnarik».
Aldundiak ez zuen urratu Adegiren eskubiderik, fiskalaren arabera
Epaiketa egin dute, Gipuzkoako zahar etxeetako gatazkan diputazioak eginiko proposamena dela eta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu