Bederatzi ziren Gipuzkoan atez ateko bilketa sistema erabiltzen zuten herriak. Eta atzo hamahiru herritara iritsi zen kopurua, Alegiak, Anoetak, Irurak eta Zizurkilek pausoa eman eta gero. Birziklapen datuak %25etik %80era eramateko helburua jarri dute Tolosaldeko lau herri horietan.
Alegiako alkate Unai Iraolak atzo esan zuen %80ko emaitza hori herritarren ahaleginari esker lortuko dela. «Atez atekoaren aldeko hautua egin dugu, birziklapenaren alde gaudelako, eta herritarrengan sinesten dugulako», azaldu zuen. «Ohitura aldaketak zailak izaten dira beti hasieran, baina emaitzak azkar ikusiko ditugu. Eta guztion artean, Alegia jasangarriago bat egingo dugu»
Alegian lehen ontziak jaso eta gero, Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkari Amaia Azkuek esker oneko hitzak egin zituen Alegiako, Anoetako, Irurako eta Zizurkilgo udal eta herritarrentzat. «Herri hauek jauzi handi bat ematera doaz eskualdeko birziklapen datuak iraultzeko bidean», iragarri zuen. Tolosaldeko herrietako birziklatze tasa gaur egun %30ekoa da. «Harrotasunez, zero zabor eskualdea gero eta gertuago dugu. Eta hori herritarrei esker izango da», adierazi zuen mankomunitateko ordezkariak.
Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak Tolosaldeko lau herriak zoriondu zituen emandako pausoarengatik, eta eskualde horretan lehen aldiz organikoa biltzen hasiko direla nabarmendu zuen. «Lau udal hauen erabakiari esker, Gipuzkoa birziklatze tasa handiago baten bidean jarriko da».
Azkeneko hilabeteetan atez ateko sistema martxan jarri duten herrietan birziklatze datu oso onak lortu dituzte: Legorretak %33tik %72ra igo du birziklatze tasa; Zaldibiak %34tik, %78ra; Itsasondon, %88ko birziklatze tasara iritsi dira herriko erdigunean; Astigarragan, %27tik %85era pasatu dira; eta Lezon, %28tik %83ra.
Galdeketak bost herritan
Datozen bi asteburuetan, hondakinen bilketa sistemen inguruko hainbat herri galdeketa egingo dituzte Gipuzkoan. Tolosaldea Txukun plataformak deituta, larunbatean eta igandean Zizurkilen egingo dute galdeketa. Hilaren 29rako eta 30erako, berriz, Villabonan, Anoetan eta Iruran antolatu dituzte galdeketak. Asteburu horretan bertan, Ordizian ere izango da galdeketa. Iruran berriro hasi dira sinadurak biltzen atez atekoaren aurka.
Maiatzaren 31n, manifestazio bat egin zuten atez atekoaren aurka Villabona eta Zizurkil artean. Egun berean protesta egin zuen Villabonan Zero Zabor taldeak.
Bestalde, Azkoitiko atez atekoaren aurkako plataformak 3.547 sinadura aurkeztu ditu udaletxean, atez atekoaren kontra eta bosgarren edukiontziaren alde.
Alegian, Zizurkilen, Anoetan eta Iruran, atez atekoa abian
Gipuzkoan hamahiru herri dira jada atez ateko bilketa sistemarekin; 60.000 biztanle inguru

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu