Alergiarik izanez gero, sasoi gogorra espero

Neguan aurreko urteetan baino euri dezente gehiago egin duenez, polen maila iazkoaren bikoitza izango da udaberri honetan. Horrek kalte nabarmena egingo die polenari eta gramineoei alergia dieten herritarrei.

Alergiak dituzten herritarrek makina bat doministiku egingo dute udaberri honetan. BERRIA.
urtzi urkizu
2013ko apirilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euri asko egin du neguan, aurreko urteetan baino dezente gehiago. Euskal Herriko toki batzuetan, azkeneko 60 urteetako negu euritsuena izan da. Ondorioz, iazkoaren aldean, gramineo eta polen maila handiagoa izango da udaberri honetan. Horrek eragin kaltegarria izango du alergiak dituzten pertsonengan. Datozen hiru hilabeteetan haien egunerokotasuna zaildu egingo dela iragarri dute adituek.

Gurutzetako ospitaleko Alergia Saileko arduradun Isidro Liartek (Badalona, Herrialde Katalanak, 1950) azaldu duenez, urtero egiten dituzte polinizazio mailaren azterketak. «Aurten euri asko egin duenez, eta udaberria lehor samarra baldin bada, polinizazioa aurreko urtekoaren bikoitza izango da».

Euskal Herrian arazo gehien sortzen dituzten polenen arteangramineoak daude. Maiatzean eta ekainean izaten dute eragin handiena. «Pinuen polenak ere arazoak sortzen ditu leku batzuetan otsailean eta martxoan. Baina ez jende askori», esan du Liartek.

Polinizazioa oso handia bada, alergikoentzat bi hilabete «gogor» etorriko direla iragarri du alergietan adituak: «Alergiko gehienek udaberri honetan sudurrean azkura izango dute, doministikuka ariko dira eta mukiak izango dituzte. Horrez gain, begietan min dezente izango dute. Polen alergiak dituztenentzat okerragoa izaten da begietako mina sudurreko arazoa baino». Alergiko horietako batzuek, gainera, asma sufrituko dute.

Arazoekin hasi bezain laster, tratamendua jarraitutasunez egitea gomendatzen dute mediku guztiek. «Gaixo askok tratamendua nahierara hartzen dute, soilik arazoak dituztenean. Baina nahiz eta eguraldi lainotsua izan, eta, ondorioz, hobeto sentitu, funtsezkoa da tratamenduarekin egunero jarraitzea», iradoki du Liartek.

Alergiak antzemateko diagnostikoak hobetzen ari dira azkeneko urteetan. Baita sintomak kontrolatzeko tratamenduak ere. «Proba bakan batetik, orain, hainbat diagnostiko egin daitezke. Polen bati baino gehiagori alergia dioten gaixoen kasuan da eraginkorra hori batez ere, alergien artean nagusia zein den azaleratzen delako».

Gero eta alergiko gehiago

Euskal Herrian gero eta gehiago dira polenari alergia dioten herritarrak. Polenari alergia fruta batzuen alergiarekin batera duteherritar askok. Nafarroan, adibidez, azkeneko hamarkadan, urtero %10 ugaritu dira alergikoak. Herrialde horretan 60.000 pertsona inguruk diote alergia polenari; horietatik 48.000k gramineoei.

Alergien ondorioak, bestalde, gehiago pairatzen dituzte hiriguneetan bizi diren herritarrek, nekazaritza guneetan eta herri txikietan bizi direnak baino. «Badirudi hirietako kutsadurak polinizazioa bortitzagoa bilakatzen duela. Hiriguneetan, polena zatitu egiten da, eta sakonago sartzen da gizakiaren arnas aparatuan».

Alergikoentzat udaberri gogorra datorrenez, Gurutzetako ospitalean lan egiten duen adituak zentzuzko gomendio batzuk eman ditu: «Begiko minari aurre egiteko, eguzkitako betaurrekoak erabiltzea komeni da. Autoan lehiatilak itxita eramatea ere gomendatuko nuke». Tratamenduei dagokienez, txertoak daude. «Tratamendu luzeak izaten dira, lau urte ingurukoak. Tratamendu horri esker, alergiko gehienen egoera dezente hobetzen da. Baina arrakasta ez dago erabat ziurtatuta ».

Liartek esan duenez, gizartean batik bat udaberriari begiratzen zaio alergia kontuei. «Baina Euskal Herrian antzeko alergiak egoten dira urteko beste sasoi batzuetan. Akainek alergia eragiten diotenen egoera, adibidez, udaberrian zein udazkenean okertzen da». Akainei alergia diotenek goizaren hasieran pasatzen dute okerren. Polenari alergia diotenek, berriz, kalera atera eta eguraldi ona badago sufritzen dute gehien.

Polenari eta gramineoei alergia dieten herritarrek udaberri honetan sarri begiratuko diote zeruari. Gero eta lainotuago egon, gero eta euri gehiago egin, kaltea txikiagoa izango da haientzat. Baina eguraldia lehorra bada, batez ere maiatz aldera, dezente oker daiteke haien eguneroko bizitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.