Alerta egoera ezarri dute Tuteran, Ebro ibaiaren emari handia dela eta

Nafarroako Gobernuak iluntzerako espero du ur emaririk handiena. Castejonen, lubeta bat gainditu du ibaiak, eta Tuterako kale batzuk urak hartuak dira jada. Elgoibar eta Mendaro arteko tren zerbitzua etenda egonen da hamar egunez, luizi baten ondorioz.

(ID_13651309) ESPAÑA TIEMPO LLUVIAS
Ultzama ibaia, gaur, Atarrabiatik igarotzean (Nafarroa). JESUS DIGES / EFE
2024ko otsailaren 28a
18:30
Entzun

Hegoalderako bidea hartu dute urek. Atzo, gainezka egin zuten ibaiek Euskal Herriko hainbat tokitan. Nafarroako iparraldean eta erdialdean, esaterako, zenbait errepide moztu behar izan zituzten, eta gaur arte ez da trafikoa berrezarri. Iparraldea normaltasunera bueltatzen hasi delarik, ordea, Erribera aldera mugitu da arriskua. Arga eta Ebro ibaiak hazita doaz eremu horietan, eta alerta egoera ezarri dute Castejonen, Funesen eta Tuteran, besteak beste. Nafarroako Gobernuak gaur iluntzerako espero du Ebroren emaririk handiena Tuteran, baina haren ibaiadarretako batek, Queiles ibaiak, gainezka egin du dagoeneko: Udaltzaingoak jakinarazi duenez, urak hartuta dago Tuterako Verjas kalea, eta larrialdiko 1 maila aktibatu dute.

Castejonen ere, lubeta bat gainditu du Ebro ibaiak, Antso Handia zubiaren parean. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, N-113 errepidea moztu beharko dute ziurrenik, baina ez dirudi ura A-15 autobideraino iritsiko denik. Izan ere, emaria handia izanagatik, ez da larrialdi zerbitzuek espero zuten bezain bortitza, eta herri askotan hasiak dira urak beren bidera itzultzen.

Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko bozeramaile eta Barne, Funtzio Publiko eta Justizia kontseilariak adierazi duenez, ez dute espero ibaien hazkundeak «hiriguneetan eragin handirik izatea». Arga ibaiak 09:30ean izan du goraldia Funesen, eta segundoko 2.000 metro kubikoko emaria neurtu dute ordu horretan. Ega ibaiaren kasuan, berriz, eguerdi partean erregistratu dute mailarik altuena Andosillan. Ordutik, ur emariak behera egin du, herrietan kalterik sortu gabe.

Euskotren zerbitzua etenda Elgoibar eta Mendaro artean

Euriteek bestelako kalteak ere eragin dituzte egunotan. Elgoibar eta Mendaro arteko trenbidean (Gipuzkoa), esate baterako, ezponda bat erori da luizi baten ondorioz; hortaz, bi herri horien arteko tren zerbitzua etenda izanen da hamar egunez, konpontze lanek iraun bitartean. ETS Euskal Trenbide Sareak jakinarazi duenez, eguraldiak eragin zuen luizia.

Zerbitzua etenda dagoen bitartean, bidaiariek autobusa hartu beharko dute Mendaroko geltokitik (Bilborako noranzkoan) Elgoibarreraino, eta Elgoibarko geltokitik (Donostiarako noranzkoan) Mendaroraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.