euritea

Alerta gorria ezarri dute Zadorraren, Urumearen eta Oriaren ibarretan

Gauean uholde arriskua handitzea espero da. Oriak gainezka egin du, Villabonan eta Tolosan; Zadorrak Gasteizen, eta Ibaizabalek Galdakaon. Nafarroan, gauerako aurreikusi dute ur maila altuena Arga eta Arakil ibaietan. Ebron eta Egan, berriz, bihar izango da ur emari gehien, iragarpenen arabera.

Zadorra ibaia, gainezka eginda, Gasteizko Abetxuko auzoan. JUANAN RUIZ, FOKU
2018ko apirilaren 11
07:30
Entzun

Iragarpenen arabera, euriteak ez du etenik izanen datozen orduetan ere. Ondorioz, uholde arriskua handituko da gauean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, Zadorrak, Urumeak eta Oriak dute gainezka egiteko arrisku gehien, eta alerta gorria ezarri dute ibai horien ibarretan.

Dagoeneko, gainezka egin du Oriak, Villabonan eta Tolosan (Gipuzkoa); oraingoz, aparteko arazorik eragin ez badu ere. Hona Tolosa aldean grabatu duten bideo bat:

Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta egoera ezarri du arratsaldean uholde arriskuagatik, eta Larrialdi Plan Bereziaren lehen maila jarri du indarrean. Gipuzkoan bihar arte luzatu dute alerta laranja. Ekialdean espero da euri gehien. Metro koadroko 80 litroraino pilatu daitezke han 24 orduan. Bizkaian, berriz, alerta horia jarri dute indarrean, metro koadroko 60 litro espero baitituzte datozen 24 orduetan.

Uribarri Ganboako urtegiak ur askatze erritmoa azkartu du euriteen ondorioz. Urtegia bere gaitasunaren %90ean da eta azken iragarpenak aintzat hartuta segundoko 60 metro kubiko askatzea erabaki du Zadorraren Sistemaren Erakundearteko Mahaiak. Ura agentziak adierazi duenez, helburua urtegian tokia egitea da, hurrengo orduetan espero den euri kopurua hartu ahal izateko.

Euriteek, Uribarriko urtegiaren husteak lagunduta, urak gainezka egitea eragin du Zadorra ibaiaren ibilbideko hainbat puntuta. Besteak beste, Gasteizen, Abetxuko auzoan.

Añarbeko urtegiak (Arano. Nafarroa), berriz, astelehenean hasi zuen hustea eten du. Urumea ibaira ura askatzeari utzi dio 12:30ean, eta ohiko emariari eutsi dio soilik. Donostialdea hornitzen duen urtegia bere edukiera gaitasunaren %88,5era iritsi da.

Bizkaian, Ibaizabalek gainezka egin du Galdakao parean, baina ondorio esanguratsurik gabe. Ez ditu etxebizitzarik edo azpiegiturarik kaltetu.

Ibaien ur emari handia jasotzen islatzen duten irudiak zabaldu dira sare sozialetan.

Erriberan eta Nafarroa erdialdean, 40 litro bota ditzake 12 ordutan; eta Pirinioetan, gainera, elurteak espero dituzte 900 metrotik gora. Hori kontuan izanik, eta ibaiak dagoeneko haziak doazela ikusirik, Nafarroago Gobernuak larrialdi aurreko egoera ezarri du lurraldeko zenbait eremutan.

Iturri ofizialen esanetan, ur mailarik altuena gauean izango dute Arga eta Arakil ibaiek. Iruñean, Arga ibaiak 250 eta 400 metro kubiko har ditzake segundoko, aurreikuspenen arabera. Arakilen kasuan, 500 metro kubikora hel daiteke segundoko, Asiain parean.

Ega ibaiak bihar eguerdi partean izango du mailarik handiena Lizarra parean, eta uholde arriskua egon daiteke bihar arratsaldean Andosillan eta Funesen ere.

Erriberan, aldiz, bihar iluntzean eta gauean espero da Ebroren ur maila handiena. Arga eta Egaren emari handiaren ondorioz, 2.000 metro kubiko ur har ditzake segunduko Castejonen. Babes Zibileko zuzendari Isabel Anauten esanetan, "2.000 metro kubikoetara iristen bada, arazoak agertzen hasiko dira. Uholdeak kaltetu ohi dituen puntuak zaindu beharko ditugu". Anautek adierazi du litekeena dela gaur arratsaldean alerta maila igo eta zenbait errepide moztu behar izatea.

Zidakos eta Elorz ibaietan ere ur emaria nabarmen handituko dela iragarri dute. Ez da arazorik espero, ordea, Irati eta Aragoi ibaietan, horien emaria Esako urtegiarekin kontrolatzen ari baitira.

Euriteek irudi ikusgarriak utzi dituzte Bardeetan, normalean basamortu itxura izan ohi duten lurrak ibai bilakatuz.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, errepide sare nagusiaren egoera normala da. Bigarren mailako errepide sarean, berriz, kateak beharrezkoak dira NA-137 errepideko 50. kilometroan, Belagoako mendatean (Burgi eta Izaba artean); eta 55. kilometrotik aurrera itxita dago errepidea. Bestalde, ezohiko saihesbideak ezarri dituzte NA-5310 errepidean, Uxue parean, eta NA-6100 errepidean, Artederreta eta Martzilla artean. Araban, berriz, A-4302 errepidea moztu behar izan dute, Zadorra ibaiak gainezka egin ostean.

Ezbeharra

Adingabe bat larri ereman dute erietxera, zuhaitz bat gainera erorita. Donostian gertatu da ezbeharra, goizean. Hernaniko ikastola bateko ikaskideekin irteera batean zen haurra, 15 metroko altuerako zuhaitz bat haiek zeuden egurrezko txabolaren gainera erori denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.