Bezperan meteorologoek egindako iragarpenak bete egin ziren atzo; euria gogotik bota zuen, eta elurrak ere bazter ugari zuritu zituen. Horiek eragin zitzaketen arazoei so, alertan joan zen eguna. Euria ia etengabe bota zuen leku askotan: hara, esaterako, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak nabarmendutako datuak: metro koadroko 93 litro bota zituen Ameraunen (Berastegi, Gipuzkoa); 91, Arrasaten. Luiziak eragin zituen euriteak hainbat tokitan, ibai eta erreketan arazoak.
Jaurlaritzak egun osoan izan zuen martxan alerta plana uholde arriskuarengatik. Oria, Urola eta Deba ibaiak oso hazita joan ziren, eta uholdeetarako protokoloakabiaraztea erabaki zuten hainbat udalek arratsalde partean. Halaber, Nafarroan Arga, Baztan eta Ega ibaien inguruko hainbat bazterretan alerta aurreko plana jarri zuten. Lapurdin ere izan ziren arazoak, esate baterako, ondoan pasatzen den errekak gainezka eginda, Sarako kobazuloetarako bidean gorabeherak izan ziren.
Errepidean geratuta
Bigarren mailako errepide sareko zenbait tokitan arazoak eragin zituen elurrak, eta gorabeherak izan ziren errepide sare nagusian ere; A-15 autobidean, bereziki. Egunak aurrera egin ahala, elurra pilatuz joan zen, eta itxi egin behar izan zuten azkenean, bi noranzkoetan. Ondorioz, ez aurrera eta ez atzera geratu ziren hainbat ibilgailu. Iruñean, halaber, garraio publikoak arazoak izan zituen elurrarengatik. Istripu txiki asko jazo ziren, eta larrienetako bat Sarrigurenen (Nafarroa); automobil bat bidetik irten zen, eta pertsona bat zauritu zen. Haizetsua ere izan zen eguna, eta arazoak sortu ziren hainbat tokitan, arbolak-eta erori zirelako. Gaur, eguraldiak baretzera egingo du: prezipitazio gutxiago izango da.
Alertan joan da eguna,euria eta elurragatik
A-15 autobidean eragozpen handiak eragin ditu elurrak.Hainbat ibaik, gainezka egitear, kezka eragin dute; haizeak arazoak sortu ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu