Alkatea aldatu dute Karrantzan, zentsura mozio baten bidez

Karrantza Zabala-ko Raul Palaciok hartu du alkatetza; orain arte EAJko Jose Maria Martin Iparragirrek zeukan

Erredakzioa
Bilbo
2012ko azaroaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Karrantza Zabala plataformako bozeramaile Raul Palacio izendatu zuten atzo Karrantzako (Bizkaia) alkate, EAJko Jose Maria Martin Iparragirreri zentsura mozio baten bitartez aginte makila kenduta.

Plataformak udalean dituen bost zinegotziek eta Bilduko bakarrak egin zuten zentsura mozioaren alde, eta EAJko lau zinegotziek eta alkateak, aurka.

Eguerdian egin zen udal batzarra, eta jende ugari joan zen udaletxeko pleno aretora. Besteren artean, EAJren BBBko lehendakari Andoni Ortuzar eta Bizkaiko aldundiko diputatu Juan Mari Aburto bertaratu ziren. Karrantza Zabala-koek eta EAJko jarraitzaileek hainbat oihu jaurti zizkioten elkarri, baina ez zen istilu nabarmenik izan. Alkate berriaren hitzaldiaren aurretik, EAJko jarraitzaileek Karrantza Zabala, herritarren borondatearen aurka irakur zitekeen kartel batzuk erakutsi zituzten.

«Naturaltasun osoz»

Alkate izendatu berriak zentsura mozioa justifikatu zuen esanez aurreko alkatearen gobernu taldeak «modu ilunean» eta «lanerako gaitasunik gabe» jardun duela, eta gainontzeko udal taldeekin akordiorik lortzeko gaitasunik ez duela izan.

Dena den, «elkarlanerako» deia egin zion Palaciok EAJri, eta atzoko zentsura mozioa «naturaltasun osoz, naturaltasun demokratikoz» hartu behar dela azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.