Marisol Taberna Berako alkatearen aurkako pintaketak eta festen hasierako txupinazoan izandako «gertaerak» gaitzetsi ditu Aralarrek. Herriko etxearen hormetan egin dituzte pintaketak Aralar alderdiko alkatearen aurka. Hala, udal taldearen kontra pintaketak egiten dituzten bigarren aldia dela salatu du.
Horrez gain, festen hasierako txupinazoan Bilduko kideek herriko etxeko balkoian euskal presoen ikurrak paratu zituztela ere salatu du, «herriko etxean ikurrik ez jartzea adostu zenean osoko bilkuran».
Erabaki horren «aurka» egitea, adostasuna «haustea» eta giroa «kaskartzea» leporatzen dio Aralarrek Bilduri. Aralarrek azaldu du, gainera, festak giro «onean» ospatzeko eta herritarren «elkargune» izateko lanean aritu dela aurreko legegintzaldian eta ari dela oraingoan.
Horretarako, adierazi du festetako programaren koordinazioa herriko elkarte eta eragile «guztiekin» egin duela, «tartean, programa osatzeko 10.000 euro baino gehiagoko laguntza zuzenak emanez elkarteei».
Jarrera «argia»
Gertaeren aitzinean jarrera «argia» eta «irmoa» eskatu dio Aralarrek Bilduri; bakea herrietatik lantzen hasi behar dela gogorarazi dio, eta «ez soilik agintari batzuen diskurtsoetatik».
Hori dela eta, festak giro «onean» eta «tentsiorik gabe» joan daitezen lan egiteko eskatu dio Aralarrek Bilduri.
Alkatearen aurkako pintaketak gaitzetsi ditu Berako Aralarrek
Jaien hasieran «adostasuna» haustea eta giroa «kaskartzea» leporatzen dio Aralarrek Bilduri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu