'Alonsotegi auziko' lau akusatuak absolbitu dituzte

Epaiak ez du frogatutzat jo akusatuek «legez kanpoko irabazirik» lortzeko erabili zituztenik udalak diputaziotik jasotako 600.000 euroak. Baieztatutzat jo du diru horrekin lan publiko batzuk ordaindu zirela, dirua lan horiek egiteko eskatu ez bazen ere.

Alonsotegiko auziko lau akusatuak epaiketan, urtarrilean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Alonsotegiko auziko lau akusatuak epaiketan, urtarrilean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko martxoaren 6a
16:00
Entzun

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak Alonsotegi auziarekinlotutako lau akusatuak errugabetu ditu, iritzita ez dela bildu iruzurra egin zuten frogarik. Epaiaren arabera, ez da frogatu «legez kanpoko irabazirik» izan zutenik, ezta ondasun publikoak bidegabe erabili zirenik ere, ez delako egon «altxor publikoarentzat kalterik» .

Prebarikazioa egitea, dokumentuak faltsutzea, administrazio publikoari iruzurra egitea, diru laguntzen eskaeretan iruzurra egitea eta dirua bidegabe erabiltzea egotzita epaitu zituzten lau pertsona. Urtarrilean amaitu zen epaiketa, eta otsailaren 15eko data du epaiak.

Epaiaren arabera, ez da frogatua geratu akusatuek Alonsotegin (Bizkaian) 2011n izan ziren uholdeen ostean Bizkaiko Foru Aldundiari eskatutako 600.000 euroko diru laguntza erabili zutenik «zilegitasunik gabe etekina ateratzeko». Akusatuak Alonsotegiko Udaleko aholkulari bat, arkitekto bat eta eraikuntza enpresa bateko bi arduradun izan dira.

600.000 euro

Epaiketan, frogatutzat jo dute udalak Bizkaiko Foru Aldundiari dirua eskatu ziola «ez une horretan, ez geroago egin ez ziren hiru lanetarako». Udalak 600.000 euroko laguntza jaso zuen diputaziotik, «baina ezin izan da baieztatu espediente horien tramitazioaren ostean deliturik egin denik».

Sententziaren arabera, diru publikoaren iruzurragatik zigortzeko baldintzak ez dira betetzen, «ez delako altxortegi publikoan kalterik eragin».

Epaiaren arabera, ez dute uste ondasun publikoetan kalterik izan denik, lanak ez direlako egin, «diru publiko hori beste lan publiko batzuetarako erabili zelako». Ondorioz, «iruzurrak ondasunaren lekualdatze bat eragin du, baina ez dio kalterik egiten administrazio publikoari». Horrenbestez, ikertu diren auziak ez dira prebarikazioa egotzita delitu gisa epaitzekoak, epaiaren arabera.

Epaia ez da irmoa, eta helegitea jartzeko aukera dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.