Presoen egoera

Alternatiba, Lokarri, Segi eta ELB ere joango dira Bilbora

Manifestazioa babestu ez dutenei presoen eskubideen alde egiteko eskatu die Aralarrek

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Euskal presoen eskubideen alde larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute Alternatibak, Lokarrik, ELBk eta Segik ere. Egin Dezagun Bidea mugimenduak antolatuta Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira lelopean egingo den manifestazioak atxikimendu ugari jaso ditu.

Manifestazioa «historikoa» izango dela aurreikusi du Alternatibak, ETAk jarduera armatua uzteko erabakiaren berri eman ostean egingo den aurrenekoa delako. Horregatik, Oskar Matute alderdiko bozeramaileak esan du «aitzakiak» sobran daudela: «Dagoeneko inork ezin du aitzakiarik jarri salbuespena eta mendekua oinarri dituen espetxe politikaren amaiera ez eskatzeko». Larunbatean Bilbora joateko deia egin die herritar orori.

Aralarren iritzian ere, ez dago presoen eskubideen alde ez egiteko arrazoirik. Horregatik, manifestazioko deiarekin oraindik bat egin ez dutenei eskubide horien errespetuaren aldeko lanari lotzeko eskatu die.

Lokarrik ere manifestazioan izango dela jakinarazi du. Elkarbizitza eraikitzeko iraganeko estrategiak baztertu egin behar direla uste du Lokarrik, eta, horregatik, azpimarratu du «terrorismoaren kontrako instrumentu gisa» erabili den espetxe politika aldatu behar dela. «Bergizarteratze sozialerako erreminta» izan behar du espetxe politikak aurrerantzean, Lokarriren ustez.

ELBren ustez, berriz, «amnistia osoa» da helburua, baina legea aplikatuz «berehala konpontzen ahal diren kasuak» ere badirela dio, prozesuak «jendetasuna» har dezan.

Presoak gerturatzea «irabazi beharreko ezinbesteko pausoa» dela uste du, bestalde, Segik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.