Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen interpretazio baikorra egin du Alternatibak, eta «pozik» agertu da EH Bilduk lortu dituen emaitzekin. «Ezker subiranistak hauteskunde autonomikoetan inoiz izan dituen emaitzarik onenak lortu ditu», ondorioztatu du alderdi horretako Koordinakunde Nazionalak, atzo egindako bileraren ostean kaleratutako prentsa oharrean. Era berean, eta legegintzaldi berriari begira, nabarmendu du EH Bilduk «erantzukizunez» jokatu beharko duela, «ezkerreko erreferente bakarra» bera izango delako.
EH Bilduk kanpainan izan dituen «oztopoak» aztertu ditu, halaber, Alternatibako zuzendaritzak. Hala, ondorioztatu du «alderdi handiak eta haien menpeko komunikabideak» estaltzen saiatu direla EH Bilduren proposamenak, eta horrek kalte egin diola koalizioari. «Hauteskundeetan, bi poloen arteko liskarra pizten saiatu dira: euskal abertzaleen eta abertzale espainiarren artekoa». Aldiz, uste du herritarrek EH Bildu ikusi dutela «eskumaren aurkako harresia» eraikitzeko aukera gisa. Bide horretatik jarraitzeko eta eredu politiko, sozial eta ekonomikoaren «errotiko aldaketaren» aldeko apustuan sakontzeko konpromisoa agertu du EH Bilduko kide den alderdiak.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bozen ondorena
Alternatibak dio «ezkerreko erreferente bakarra» izango dela EH Bildu
Pozik azaldu da emaitzekin:«Ezker subiranistak EAEko hauteskundeetan lortu dituen onenak dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu