Alternatiben Herrixka bihurtuko da Donibane Garazi asteburuan

Sistematik kanpoko bizimoduak erakutsiko dituzte arloz arlo.Susan Georgek eta Joel Mamerek hartuko dute hitza gaurko mintzaldietan

Lehen Alternatiben Herrixka Baionan egin zuten, duela bi urte. GAIZKA IROZ.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko urriaren 10a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Europan barrena 5.600 kilometroko bizikleta itzulia egin ondotik, Alternatiba mugimenduak ezarria du hurrengo ekitaldia: gaur eta bihar Alternatiben Herrixka bilakatuko dute Donibane Garazi, hain zuzen. Klima aldaketa bultzatzen duen sistematik kanpo bizi daitekeela frogatzea dute helburua, eta, horretarako, hitzaldi, merkatu, erakusketa, kontzertu eta bertzelakoen bidez bizitzeko modu «alternatiboak» erakutsiko dituzte.

Alternatiben Herrixkaren egun nagusia biharkoa izan arren, hitzaldi andana prestatua dute gaurko ere. Goizetik hasita, erraterako, herrietako hautetsiek martxan jar ditzaketen hainbat desmartxa «arduratsu eta berritzaile» aurkeztuko dituzte. Donibane Garaziko Herriko Etxean emana dute hitzordua 10:00etan, eta hirigintza, garraioa, energia, eraikuntza eta hondakinak bezalako gaiak jorratuko dituzte, ikuspegi ekologistatik.

Arratsaldean, berriz, Larrialdi klimatikotik, sistema aldaketara izeneko hitzaldi sortari ekinen diete. Txetx Etxeberri Biziko militanteak hitz eginen du lehenik, 17:30ean, eta 20:00etatik aitzina Susan Georgek eta Noel Mamerek aldaketa klimatikoa, TTIP akordioa eta bertzelako gaietan sakonduko dute.

Alternatibak, arloka

Bezperako hitzaldietan teoria barnatuta, praktikan ezartzeko aukera izanen dute bihar, 09:30etik gauera arte. Horretarako, Donibane Garaziko erdigunea oinezkoek soilik erabili ahal izateko moduan itxiko dute, eta herriaren puntu anitzetan arloz arloko gaiak lantzeko eremuak prestatuko dituzte. Horietan tailerrak, hitzartzeak, esperientzia trukaketak eta erakusketak eginen dituzte, bertzeak bertze, honako gaien inguruan: ura, eko-eraikuntza, garraioa, turismoa, haurdunaldia, hezkuntza, elkartasuna, kontsumo arduratsua, finantza solidarioa, kultura, laborantza eta elikadura. Tokiko produktuen merkatua ere ezarriko dute herrian, eta «apartamendu eredugarri» bat bisitatzeko aukera eskainiko dute. Hitzaldientzako tarterik ere izanen da horretarako espresuki prestaturiko gunean, goizetik arratsera arte.

Bi urte pasatu dira jada Baionan lehenbiziko Alternatiba Eguna antolatu zutenetik, eta laster 111.era iritsiko dira, Europako herri andanatan antolatu diren guziak zenbatuta. Ipar Euskal Herri barnealdeko Bizi mugimenduak antolatu du Donibane Garazin gaur eta bihar eginen duten herrixka, eta Euskal Herriko hurrengoa Bilbon eginen dute, urriaren 24an. Helburua da COP21 goi bilerara arte klima aldaketaren aurkako dinamika eraikitzaileak biderkatzea, eta horretarako hitzordu anitz prestatuak dituzte udazkenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.