Altsasuko auzia

Altsasuko auzia terrorismo delitutzat ez hartzeko eskatu dute 51 eurodiputatuk

Hamabost estatuetako 51 eurodiputatuk adierazpen bat sinatu dute Altsasuko kasuan "proportzionaltasun, justizia eta zuzentasun printzipioak" nagusitu daitezen eskatuz. Auzia Iruñeko epaitegietara itzul dadila galdegin dute.

Altsasuko auziko gurasoak gaur Iruñean egindako agerraldian. IDOIA ZABALETA /ARGAZKI PRESS
Berria
2017ko uztailaren 1a
08:05
Entzun

Ostegunean Europako Parlamentuan izan ziren Altsasuko auziko gurasoen taldeko kideak eta haien abokatuetako bat, kasuaren berri emateko eta babesa jasotzeko asmoz. Bruselan bildutako babesaren berri eman dute gaur gurasoek. Jakinarazi dutenez, bidaia "emankorra" eta "positiboa" izan da. Izan ere, hamabost estatuetako bost talde parlamentarioek Altsasuko kasuarekiko "arreta eta interesa" adierazi dute, eta horren ondorioz, 51 europarlamentarioek adierazpen bat izenpetu dute.

Sinatzaileek galdegin dute Altsasuko auzian "proportzionaltasun, justizia eta zuzentasun printzipioak" nagusi daitezen, eta halaber, gertakari horiek terrorismo delitutzat ez hartzeko. Halaber, auzia Iruñeko Instrukzioko 3. epaitegira bueltatzea eskatu dute, afera bertan epaitua izan dadin. Testuan, sinatzaileek gogora ekarri dute nazioarteko zenbait erakundek salatu dutela Espainiako zigor araudiak "terrorismo delituaren gehiegizko erabilera" egiten duela. Halaber, Altsasuko gazteen alde Euskal Herriko erakundeek, eta gizarte eragile ugarik adierazitako babesa ere azpimarratu dute. Espainian gisa bereko bestelako kasuak epaitegi arruntetan epaituak izan direla oroitu dute eurodiputatuek, eta salatu Altsasuko gazteen aurkako zigor eskaerak "neurriz kanpokoak" direla.

Alemania, Belgika, Txekia, Txipre, Danimarka, Espainia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Irlanda, Italia, Letonia, Portugal, Erresuma Batua eta Suediakoak dira adierazpena sinatu duten europarlametarioak; talde hauetakoak: Sozialista eta Demokrata europarrak (S&D), Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak (CRE), Europarako Demokraten eta Liberalen Aliantza (ALDE), Europako Ezker Batua-Ezker Berde Nordikoak (GUE/NGL) eta Berdeak/ Europako Aliantza Librea (Greens-EFA).Talde parlamentarioek kasuaren jarraipena egingo dutela eta Europako erakundeetan hainbat ekinbide egingo dituztela hitz eman dute.

Datozen egunotan adierazpen hori Europako Batzordeari bidaliko diote, zehazki, Jean-Claude Juncker presidenteari, Frans Timmermans Europako Batzordeko lehen presidenteordeari, VÄ›ra Jourová Justizia komisarioari eta Dimitris Avramopouluosi Migrazio, Barne Arazoak eta Hiritargoaren komisarioari. Halaber, Nafarroako Parlamentuko talde guztiei ere bidaliko diete, baita Nafarroako Gobernuari, Udalei eta nazioarteko haibat erakunderi zein eragileri.

Altsasuko auzipetuen gurasoek jakinarazi dute Gobernuz Kanpoko Nazioarteko Erakunde desberdinekin ere harremanetan jarri direla Bruselara egindako bidaian, eta auziarekiko "interesa eta kezka" adierazteaz gain,  jarraipena egiteko konpromisoa hartu dutela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.