Alzheimerrari buruzko ikerketa indartzeko eskatu dute

Adituen arabera, belaunaldi bat edo bitan posible izango da gaixotasuna desagertutzat jotzea

Bilbo
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Alzheimerraren Nazioarteko Eguna izan zen atzo. Horren harira, gaixoen senideek eskaera bat egin diete erakunde publikoei: ikerketarako inbertsioa ez gutxitzeko. «Ez dadila krisi ekonomikoa aitzakia izan. Ikerketa da gu guztion itxaropen nagusia», azpimarratu zuen Maria Angeles Diazek, AFA Bizkaiko Alzheimerdun Senideen Elkarteko lehendakariak.

Aldarrikapenarekin bat eginez, atzo Bilbon antolatutako ekitaldian Manuel Fernandez medikua ere izan zen, Gurutzetako Ospitaleko Neurologia zerbitzukoa (Barakaldo, Bizkaia).Fernandezen ustez ere ikerketa ezinbestekoa da, arriskuko biztanleria zehazteko: «Horren bidez zilegi litzateke 10-15 urteren buruan tratamendu prebentiboak lortzea». Hain zuzen, helburu horren bila ikerketak egiten ari dira dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat neurologia zerbitzutan, Fernandezen arabera. «Alzheimerraren hasieran eta garapenean eragina duten markatzaile genetikoak ikertzen ari gara, hala nola odoleko proteina bat, gaixotasuna garatuko duten pazienteak aurretiaz diagnostikatzeko balio duena».

Ume direnen geroa, hobea

Aurreikuspen are baikorragoa egin zuen Araclon Biotech bioteknologia enpresako ordezkari Jose Luis Uliaquek. «Guk alzheimerra dugu, baina ikerketei esker, gure umeek ez dute izango».

Alzheimerra 65 urtetik gorako herritarren %10ek garatzen duten gaixotasuna da. Biztanleriaren zahartzeak, hain zuzen, datozen urteetan gaixo kopurua handitzea eragingo du. Ikerketarako dirua biltzeko asmoz, Bizkaiko Alzheimerdunen Senideen Elkarteak Bilboko Euskalduna jauregian gala bat antolatu du hurrengo larunbaterako. Bertan, Urko Azkonaren hainbat koreografia ikusi ahalko dira.



Zaintzaileentzako laguntza telefonoa: 900 100 356

Atzo bertan, Bizitzen fundazioak Jakiten ekimena aurkeztu zuen, profesionalak ez diren EAEko zaintzaileentzako doako laguntza telefonoa: 900 100 356.Telefono horretan, euren kabuz pertsona nagusiren bat zaintzen duten herritarrek edozein galdera egin ahalko dute. Telefonoaren bestaldean laguntza eskaintzen, geriatrian eta gerontologian espezializatutako bi psikologo izango dira.Zerbitzua astelehenetik ostiralera eskainiko da, 08:00etatik 15:00ak arte.Telefonoaren zerbitzua osatuz, badira baita ere webcam bidezko sarekolaguntza, foro bat eta helbide elektroniko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.