«Gehiago estimatzen edo miresten gaituzte lanean, kirolean edo politikan egiten dugunagatik, ama gisa egiten dugunagatik baino», azaldu du familiako terapeuta Laura Gutmanek (Buenos Aires, Argentina, 1958).
Emakume batzuentzat zergatik da eragozpen ama izatea oraindik ere?
Ez nuke esango ama izatea eragozpen edo traba bat denik emakumeentzat. Eragozpen edo zigor bat da emakumeen sexu askatasuna kontuan hartuz gero, adibidez. Emakumeok erditzeetan jasaten dugun tratu txarra ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko.
Zuk esana da ama izateak ikusezin egiten dituela emakumeak. Zertan oinarritzen zara hori esateko?
Ama moduan egiten dugun funtzio edo ekarpenak ez du balio sozialik. Hori dela eta, ikusezin bihurtzen da jendearentzat. Gehiago ikusten da beste alor publiko batzuetan egiten dugun ekarpena: lanean, ikasketetan, kirolean, politikan... Gehiago miresten eta estimatzen gaituzte horregatik, ama moduan egiten dugunagatik baino.
Nola uztartu ama izatea emakumea, alaba, ahizpa, bikotekidea edo laguna izatearekin?
Jasaten zaila den intimitate emozional bat izatera behartzen gaitu askotan ume batek. Horrek arazoren bat ekar dezake. Dena den, nik ez dut uste uztartze kontu bat denik. Normalean bat ez datozenak, gainera, zera dira: umeen behar afektiboak eta helduok behar horiei erantzuteko dugun denbora.
Zergatik dute oraindik ere emakumeek ardura handiagoa haurren zaintzan? Ardura hori hartu ezin badute, gainera, batzuk errudun sentitzen dira. Zer egin horren inguruan?
Nik uste, lehen hilabeteetan, behar hori bizirik irauteari dagoela lotuta. Azken batean, jaioberri gehienak amaren bularretik elikatzen dira, eta hor dago beharra. Hortik aurrera, ez luke horrela izan behar. Hasierako hilabeteak igarota, egingo duguna oso lotua egongo da txikiak ginenean bizi izandakoarekin. Kasu batzuetan, babesgabetasun edo zaintza eta afektibitate falta bat izan dute txikiak zirenean. Hori dela eta, ez dute berdin pasatzerik nahi. Beraz, ardura hori beren bizkar hartzen dute.
Eta zein izan beharko luke aitaren egitekoak zaintza horretan?
Nik uste aurreko galderaren amaieran esan dudana baliagarria dela honetarako ere. Txikitan bizi izandakoak eragina izango du. Hortik aurrera, ezinezkoa da erantzun orokor bat ematea. Baldintza askoren araberakoa da egiteko hori: bikoteak adostutakoa, familiaren osaera, egoera ekonomikoa, errealitate afektiboa... Kasuan-kasuan aztertu behar da egoera, eta horren arabera egitekoa ez da bera izango.
Zer iruditzen zaizkizu erakundeeklana eta familia uztartzeko abian jarritako politikak? Ez al daude oso ikuspegi ekonomikotik eginda?
Gizartearen isla dira politika horiek, eta gizartea guztien artean egiten dugu, ez bakarrik erakundeek. Denen artean egin behar ditugu politika horiek.
Amaren diskurtsoaren indarra izeneko hitzaldia eskainiko duzu hilaren 21ean, Donostian. Argitaratu duzun azken liburuari dago lotuta. Zertan oinarritzen da liburua?
Liburuan lan egiteko erabiltzen dudan metodologia azaldu dut.Metodo horretan, garrantzia ematen zaio haurtzaroaren lehen zatian umeek babesgabetasun egoerei aurre egiteko egin dutenari. Ume izan ginenekoaz dugun pertzepzioaz ere hitz egiten da.
Laura Gutman. Familiako terapeuta eta idazlea
«Ama gisa dugun funtzioak ez du balio sozialik; hori dela eta, ikusezin bihurtzen da»
Umeen behar afektiboak ez datoz bat helduek horiei erantzuteko duten denborarekin, Laura Gutman terapeutaren ustez. Hilaren 21ean hitzaldia emango du Donostian, Meitaimaitie elkarteak gonbidaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu