Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Amaiera gertuago, eta giroa goriago

Amaitzear da hauteskunde kanpaina, eta alderdiak dena emanda ari dira botoaren bila. Eztabaidaren tonua goratu eta gogortu egin da azken orduetan, eta, batez ere, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia ari da nabarmentzen, gainerako alderdien kaltetan.

Arnaldo Otegi eta Pello Otxandiano, elkar besarkatzen, Gasteizko ekitaldian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Arnaldo Otegi eta Pello Otxandiano, elkar besarkatzen, Gasteizko ekitaldian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
gotzon hermosilla
2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Kanpaina amaitzear da, eta alderdi guztiak dena emanda ari dira botoa erakartzeko lehia horretan. Baina, bereziki, EAJren eta EH Bilduren arteko norgehiagoka nabarmentzen ari da kanpainaren azken ordu hauetan. Hasiera-hasieratik, jeltzaleek EH Bildu jo zuten gainditu beharreko arerio nagusitzat, eta koalizioa egin zuten beren mezu, kritika, bideo eta abarren jomuga ia bakar, baina joan den asteburuko inkesten ostean badirudi joera hori areagotu egin dela, eta gainerako aurkariak ahaztu eta EH Bilduren kontrako diskurtsoaren tonua goratzea eta gogortzea erabaki du EAJk.

EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandianok SER irrati katean ETAren inguruan esandakoak direla eta, gainerako alderdiek kritika erauntsia egin zioten koalizioaren hautagaiari. Askoren harridurarako, gaia ez zen agertu EITBk astearte iluntzean antolatutako debatean, eta, hurrengo eguneko ekitaldiei erreparatuta, bazirudien ETAren mamua berriro desagertua zela kanpainaren eztabaida nagusietatik. Baina, atzo, EAJren lehendakarigai Imanol Pradalesek berriro heldu zion, eta gogor aritu zen Otxandianoren kontra Nueva Economia foroan egindako hitzaldian.

Pradalesen hitzetan, Otxandianok ez du «maila eman, ez baitu onartu ETAk eragindako kalte bidegabea». Esan zuenez, «Euskadik merezi du lehendakari bat herri honetan egondako indarkeria guztiak gaitzesten dituena, memoria globala duena biktima guztientzat, baita ETAren biktimentzat ere», eta erantsi zuen beharrezkoa dela «ETAren indarkeria terroristak eragindako kaltea onartzea, bidezkoa delako». Iluntzean Gasteizen egindako mitinean, berriz, hizlariek apur bat apaldu zuten tonua, eta Pradalesek aukera baliatu zuen alderdikideei eskatzeko «lanean» jarrai dezatela: «Abstentzioak berekin ekar dezake nahi ez ditugun horiek hauteskundeetan gailentzea. Eta haien eredua eta gurea guztiz kontrajarrita daude».

Barkamena

Atzo goizean, Otxandiano Radio Euskadin eta El Correo egunkariak antolatutako eztabaidan egon zen, eta bietan saiatu zen bere adierazpenei ñabardurak egiten eta polemika bideratzen. «Barkamena» eskatu zien ETAren biktimei bere hitzek «samina» eragin badiete: «Biktima guztien eta bereziki ETAren biktimen saminetik gertu sentitzen naiz, eta erabateko errespetua diet». Gogorarazi zuen EH Bilduk «urratsak» egin dituela bizikidetzarako bidean, eta iragarri zuen aurrerantzean «urrats gehiago» etorriko direla: «Ez da nahikoa? Beharbada bai, baina nik uste dut topo egin behar dugula bidean hain justu nahikoak ez diren urratsak eginez; 2024an gaude, eta aurrera egiteko aukera bat daukagu, aurrera egiteko baldintzak daude».

El Correo-ren eztabaidan, gainerako hautagaiek ez zituzten Otxandianoren hitzak aintzat hartu, baina geroago, espero gabeko babesa iritsi zitzaion EH Bilduko hautagaiari: Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohiak «zuzenketa positiboa» iritzi zien Otxandianoren adierazpenei: «Barkamena eskatzea, samina aitortzea eta urratsak falta direla onartzea beharrezko zuzenketa bat da».

Iluntzean, berriz, Gasteizen egon zen Otxandiano, eta, han, EH Bilduri sekula botorik eman ez dioten hautesleei mintzatu zitzaien: «Haien botoa da boto erabilgarria, ezberdintasuna eragin dezakeena». Antzera hitz egin zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak: «Ez dizuegu eskatzen EH Bildukoak egiteko, gauzak aldatzen laguntzeko baizik».

EH Bildu saiatzen ari da orain arteko kanpaina ereduari eusten, baina hauteskunde eguna hurbildu ahala koalizioa ere ari da EAJren kontrako kritikak zorrozten. Atzo goizean, Osakidetzari buruzko agerraldia egin zuten Gasteizen, Arabako Ospitale Unibertsitarioaren aurrean, eta han, «osasun sistema publikoa elkarrekin berreraikitzeko» konpromisoa berresteaz gain, Gipuzkoako hautagai Rebeka Uberak ez zuen ahoan legarrik izan EAJren jarduera kritikatzeko: «Zur eta lur ikusten ari gara nola Osakidetzaren gainbeheraren errudunak, Osakidetzako langileen iritziak eta aldarrikapenak mespretxatu dituztenak, esaten ari diren Osakidetza guztion artean, langileekin batera, sendatu eta indartu behar dela. Orain?».

EAJren eta EH Bilduren arteko lehia bereganatzen ari da arreta ia osoa, baina gainerako alderdiak ere saiatzen ari dira toki bat egiten eztabaidan. Horretan ahalegindu zen Arabako PSE-EEko zerrendaburu Aroa Jilete Gasteizen: «Batzuek sinetsarazi nahi dute bakarrik gobernu abertzale edo independentista egon daitekeela, eta hori ez da hala». Sozialistek ez daukate ahazteko Kataluniako prozesu subiranista, eta hitzeman dute ahaleginak eta bi egingo dituztela Euskal Herrian antzekorik gerta ez dadin: «Oso argiak gara: ez independentismorik, ez zentralismorik; autogobernua letra larriekin».

Sozialistak, Eibarren

Arratsaldean, ekitaldi berezia egin zuen PSE-EEk, Eibarrera joan baitzen (Gipuzkoa), euskal sozialismoaren sorleku eta Eneko Andueza lehendakarigaiaren jaioterrira. Eta ekitaldi berezi baterako gonbidatu berezia izan zuten: Salvador Illa, Espainiako ministro izandakoa eta Kataluniako PSCko idazkari nagusia. Ekitaldian, Denis Itxaso Gipuzkoako zerrendaburuak «arimarik gabeko robota» deitu zion Otxandianori, eta Anduezak esan zuen sozialistak direla «proposamenak aurkeztu eta herritarrak kezkatzen dituzten arazoez hitz egin duten bakarrak».

Salvador Illa eta Eneko Andueza
Salvador Illa eta Eneko Andueza, atzo, Eibarren. AMAYA DIAZ ENPARANTZA

EAJk eta EH Bilduk egin bezalaxe, Gasteiz aukeratu zuen Elkarrekin Podemosek arratsaldeko mitina egiteko. Han ere, EH Bilduren kontrako kritikak nabarmendu ziren: Garbiñe Ruiz Gasteizko zinegotziak esan zuen EH Bildu bat datorrela EAJrekin eta PPrekin «hezkuntza pribatizatzeko asmoetan», eta Leticia Jimenez Eusko Legebiltzarrerako hautagaiak erantsi zuen ezkerraren egoera «tristea» dela: «Alde batetik, PSE-EEkoak dauzkagu, kanpaina iristen denean ezkerreko mozorroa jantzi eta GKSkoak ematen dutenak; eta, beste aldetik, EH Bildu, baliagarria den ezker gisa aurkezten dena. Baliagarria, zertarako? Hezkuntza pribatizatzeko? Mozorroa ken dezatela, ez baitira ezkerrekoak».

Sumar, berriz, Leioan egon zen (Bizkaia). Han, Gipuzkoako zerrendaburu Andeka Larreak ezkerreko herritarrei dei egin zien, botoak Sumarren inguruan bil ditzaten: «Boto guztiak beharrezkoak dira. Garrantzitsua da azken lau urteotan agintean egon direnek gehiengoa ez izatea, hala bada Osakidetzako zerrendak ez baitira murriztuko, zahar etxeetan leku bat lortzeko zailtasunek hortxe jarraituko baitute, eta etxebizitzen prezioak ez baitira jaitsiko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.