Pozaren pozez atera dira ELA sindikatuaren ordezkariak Euskadiko Lan Harremanetarako Kontseilutik, eurek, UGT sindikatuak eta sektoreko hiru patronalek sinatuta. Zahar etxeetako langileak, Babestuz familien elkartea eta sindikatuko dozenaka kide zituzten kanpoan zain. Oihuak, txaloak eta kantuak izan dira kalean.
2020ra arteko hitzarmena sinatu dute. Ordura arte hilean 140tik gorako soldata igoera izango dute. 2017ko irailetik hasiko da; aurten eta 2018an 40 euroko igoera izango dute. 45 eurokoa izango da 2019an; eta 55 eurokoa 2020an. Lanaldia 200 ordu murriztuko da. Hala, asteko 35 orduko lanaldia lortu dute. Eta ogitartekoa jateko atsedenaldia benetan lan egindako denbora gisa hartuko da aurrerantzean. Uste dute horrek langile gehiagoren beharra ekarriko duela, eta ratioetan hobekuntza eragingo duela. Lan istripu eta gaixoaldietan, soldataren %100 jasoko dute. Asteburuetako eta gauetako plusa ere handiagoa izango da.
Pozik agertu dira egindako borrokak emaitzak eman dituelako. Baina ez dituzte oztopoak eta zailtasunak ahaztu. Soraya Garcia langileen ordezkariak, esate baterako, enpresek eta Bizkaiko Diputazioak izan duten jarrera salatu du: "Esaneko eta isilik nahi gaituzte, eta eskuetan zituzten baliabide guztiak erabili dituzte gu artegira itzultzeko. Egoitzetako erabiltzaileei tratu txarrak ematea leporatzen ziguten, lankideak kalera bidaltzen zituzten, bigarren mailako herritarrak bagina bezala tratatzen gintuzten".
Borrokak fruitua eman duela sinetsita, orain Gipuzkoako egoitzetako langileei eta Bizkaian etxeko zaintza egiten dutenei pasatu diete lekukoa.