espainiako hauteskundeak

Amaiur deituko da koalizio berria

Ezker abertzalea, Aralar, EA eta Alternatiba ados daude izen berriarekin, eta bihar onartuko dute. Igandean ekitaldi zabala egingo dute Iruñean, eguerdian. Koalizioa "Nafarroako errealitate politikoa kontuan hartuta" ariko da. Lau eragileak elkarrekin aurkeztuko dira Espainiako hauteskundeetara, azaroaren 20an.

2011ko irailaren 27a
19:20
Entzun

"Euskal Herriaren nazio eskubideak" defendituko ditu ezker abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralarren koalizioak Espainiako Kongresuan eta Senatuan, lau eragileek gaur esan dutenez. "Helburua bereziki gure nazioaren aitortza eta hari dagokion erabakitzeko eskubidea izango da".

Zehaztu dutenez, "Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako gizon-emakumeen borondate demokratikoa errespetatzeko eskakizun demokratikoa" defenditzean, "betiere Nafarroako errealitate politikoa kontuan hartuta" ariko dira, "erritmoak eta abiadurak errealitate horri egokituz eta nafarren erabakiak errespetatuz".

Koalizioa aurkezteko agerraldia egin dute Donostian, Miramar jauregian baina ez dute izenen berri eman. Nolanahi ere, arratsaldean baieztatu da Amaiur izena izango duela. Lau alderdien onespena du izenak, eta gaur onartuko dute hala izatea.

Horrelako xehetasunak-eta jakinarazteko beste ekitaldi bat egingo dute: igande honetan Iruñean, Baluarte jauregian 12:00etatik aurrera, eta bertara joateko dei egin dute, ekitaldi zabala izateko asmoz. Hain justu, azaroaren 20an izango dira Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak.

Gaurko agerraldian izan dira, besteak beste, Rufi Etxeberria, Idoia Aiastui eta Txelui Moreno (ezker abertzalea), Pello Urizar (EA), Oskar Matute (Alternatiba), Txentxo Jimenez eta Rebeka Ubera (Aralar), Nestor Basterretxea artista, Arkaitz Estiballes eta Julio bertsolariak, Josu Muguruza zenaren bikotekide Elena Bartolome... Aiastui, Urizar, Matute eta Uberak hitz egin dute, eta gero eta indar eta borondate gehiago batu behar direla azaldu dute.

Madrilen "Euskal Herriaren ordezkari gisa" azalduko direla hitz eman dute, eta bake eta normalizazio politikoa aldarrikatuko dute (Gernikako Akordioa ardatz hartuta), ekonomian lan harremanen euskal esparrua eskatuko dute, gizarte politiketan "pertsona guztien arteko berdintasun eraginkor eta benetakoaren" alde ariko dira, hezkuntzan eta osasun arloan eredu publikoa defendituko dute, "ingurumen eta ekologia iraunkorra", "egitura eta azpiegitura sozialak"... Euskararen eta euskal kulturaren arloetan "zor zaien berehalako onarpena" lortzen lan egingo dute, gaur adierazi dutenez.

Ezker abertzaleko, EAko, Alternatibako eta Aralarreko ordezkariek euren negoziazio prozesuan nabarmendu dute Espainiako hauteskundeek "berebiziko garrantzia" dutela Euskal Herriarentzat. Izan ere, haien ustez, azaroko hauteskundeetan azaleratuko da Euskal Herriaren eskakizuna "subjektu politiko" gisa duen eskubidea betetzea dela, bai bere mugen barruan eta baita Madrilekin eta Europarekin izan beharreko harremanetan ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.