Amaiurren irudiko, Espainiako Gobernuak nabarmen kalte egiten die abendu amaieran aurkeztutako neurriak gizarteko sektore ahulenei; gainera, sektore espekulatzaileen «zerbitzura» jokatzen du. Horregatik, Amaiurrek Kongresuan «erabateko oposizioa» agertuko die PPko gobernu berriak aurkeztutako neurri horiei. Hala ere, koalizio abertzalearen jarrera politikoa ez da «ezezko hutsean» geratzen. Hartara, LAB sindikatuak herenegun zabaldutako mezuaren ildo beretik, Amaiurrek beharrezkotzat jotzen du euskal gizarteak beharrezko tresna instituzional eta politikoak izatea bere esku, Euskal Herriaren behar sozioekonomikoei «modu eraginkorrean»erantzun ahal izateko.
Amaiurren ustez, «inoiz baino premiazkoago eta garrantzitsuago da esparru subiranoa» aldarrikatzea, Euskal Herriak bere neurri ekonomikoak hartzeko, ongizatea indartzeko eta lan harremanetarako zein babes sozialerakoesparru propioa eskuratzeko.
Atzo Sabino Cuadra eta Rafa Larreina Amaiurreko diputatuek kritika zorrotza egin zuten Iruñean PPk berriki proposatutako lege dekretuaren inguruan. Biek azpimarratu zuten —Cuadrak euskaraz, eta Larreinak gaztelaniaz— PPren neurri multzoa «Espainiako Estatuaren krisiari buruzko diagnostiko oker baten» emaitza dela. Amaiurren irudiko, PPren neurriek ez diote heltzen arazoaren muinari eta sektore espekulatzaileen —hots, «banketxeak eta eraikuntza»— egitura ekonomikoa «betikotzea» dute helburu, sektore produktiboei bizkar emanez. Horri lotuta, «burbuila instituzional» bat dagoela uste du Amaiurrek, eta orain arteko administrazioaren egiturak ez duela inongo eraginkortasunik.
Pobretze orokorra
Amaiurreko diputatuen arabera Raxoik ez dio heldu langabeziaren arazo larriari, eta defizita murriztea du xede nagusi. «Hau da, merkatuaren beharrei erantzutea du helburu, pertsonen lehentasunei eman ordez». Amaiurrek ohartarazi du neurri horiek «herritar gehienak pobretzea» ekarriko dutela: «Ez dute eraginik izango kapital handia dutenengan; aldiz, murriztu egingo dituzte herritarren diru sarrerak eta gizarte babesa».
Jarraian, neurri batzuk aztertu dituzte. Alde batetik, salatu dute pentsioak %1 igotzeak ez duela konpentsatuko iaztik izandako erosahalmenaren galera, eta gogorarazi dute aurtengo inflazioa handiagoa izango denez ezerezean geratuko dela balizko igoeraren eraginkortasuna. Gainera, lanbide arteko gutxieneko soldata izoztea larria dela deritzote.
Gastu murrizketaren inguruan, «sinbolikotzat» jo dituzte alderdi eta sindikatuei funts publikoak txikitzea. Amaiurrek salatu du murrizketa sakona egiazki Mendekotasun Legearen ezarpenaren atzerapenean, gazteei alokairurako laguntza kentzean edo garapenerako laguntzen murrizketan emango dela.
Zerga erreforma, berriz, bidegabea dela deritzote, krisiaren kostua «lan errenten gain» jartzen delako. Salagarritzat jo du Amaiurrek «linbo fiskalean» diren erakundeen aurkako neurririk ez hartzea: Sicav kapital aldakorreko inbertsio sozietateek %1 eskaseko zerga tasarekin jarraituko dute, adibidez. «Ihes fiskalaren apologia hori onartezina da».
Amaiur: «Euskal gizarteak berehala behar ditu tresna politiko eta instituzionalak»
Raxoiren neurriei kontra egingo die Kongresuan, «neurri atzerakoiak eta antisozialak direlako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu