Amaiur Kongresuko talde mistoko bozeramaile izango da uztailera arte

Koalizio abertzalea taldeko eledun izango da, gainera, legealdi osoan zortzi batzordetan

Amaiurreko diputatuak, Talde Mistoko beste hainbat kiderekin, Espainiako Diputatuen Kongresuan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Kongresuko Mahaian duen gehiengoa baliatuz, PPk Amaiurri parlamentu taldea ukatzeko erabakiaren ondorioetako bat izan da inoizko Talde Mistorik handiena egongo dela legealdi honetan: zortzi alderditako 18 diputatuk osatzen dute taldea. Tartean, Hego Euskal Herriko hiru indar daude: Amaiur bera, Geroa Bai eta UPN. Asteazkenean egindako bileran, Talde Mistoko alderdiek hitzartu zuten bozeramaile kargua txandakatzeko ordezkaritza hartzea irizpide gisa; hau da, alderdi bakoitzaren diputatu kopuruaren arabera zehaztuko da zenbat denboraz hartuko den kargu hori. Amaiurrek zazpi diputatu dituenez, zazpi hilabetez (uztailera arte) izango da Talde Mistoko eledun. Gero, ERCk hiru hilabetez jarraituko du. Geroa Baiko Uxue Barkos izango da azkena orden horretan.

Osoko bilkuretan Talde Mistoko eledun kargua garrantzitsua bada ere, horretara ez zen mugatu postuen banaketa. Era berean, Kongresuko batzorde iraunkorretako bozeramaile karguak banatu zituzten eta irizpide bera hartu zuten aintzat: alderdi bakoitza ordezkaritzaren eta boto kopuruaren arabera, alegia.

Amaiur, ordezkari gehien izaki, zortzi batzordetan izango da eledun. Aipagarria da bake eta normalizazio prozesua eta krisi ekonomikoa jorratuko diren batzordetako eledun postuak hautatu dituela Amaiurrek. Hala, besteak beste, Barne Arazoetarako batzordea; Justizia; Ekonomia, lehiakortasuna eta ogasunaeta Administrazio publikoetan izango du hitza hartzeko aukera.

Alboko eledunen lorpena

Gainera, Nazioarteko Lankidetza edo pentsioen inguruko Toledoko Itunaren jarraipena egiten duen batzordeko eledun izango da Amaiur. Klima aldaketa edo ezgaitasunaren auzia jorratzen dituen batzorde ez iraunkorretan ere eledun izango da. Horrez gain, alboko eledun izango da batzorde gehienetan —hala nola Kanpo Harremanetarako Batzordean—.

Talde Mistoko alderdi txikienen eskakizunari men eginez, Kongresuko presidentetzak onartu du alboko eledunek batzordeetan hitz egiteko gaitasuna izatea. Bederatzi legealdietan inoiz ez da hain Talde Misto heterogeneorik izan, hainbeste alderdi eta diputatuz osatua. Alderdi txikietako batzuk kexu azaldu dira PPk Amaiurri taldea ukatu diolako eta ondorioz euren jarduera ere mugatu egingo delako legebiltzarrean.

Horregatik, lorpen txikia bada ere, presidentziak batzordetako Talde Mistoko albokoek ere hitz egiteko ahalmena izatea onartzeak zertxobait hobetu egingo du alderdi horien parte hartzea Kongresuan.

Talde Mistoko kide bakoitzak ganberan izango duten posizioaren inguruan ezadostasunak daude, ordea. Raxoiren inbestidura egunean Amaiurreko diputatuek hartu zuten toki horretan ordezkaritza txikiagoa duten alderdietako diputatuak izatea eta eurak aurrerago egotea nahiago dute Amaiurreko diputatuek. Hau da, ordezkari kopuruaren arabera aukeratu nahi du tokia. Aldiz, Geroa Bai, UPN, Foro Asturias, Compromis eta Coalicion Canaria aurka daude, eta bidegabetzat jotzen dute azken harmaila hori eurei ematea. Ezadostasun hori ziurrenik Kongresuko Mahaiak konpondu beharko du. Aurrekaria ikusita, Amaiurrek zail izango du tokiz aldatzea.

Barkos, 2013ko irailean

Talde Mistoko alderdiek hitzartutako akordioaren arabera, UPNko Carlos Salvador eta Geroa Baiko Uxue Barkos izango dira Talde Mistoko eledun postua hartzen azkenak. UPNk 2013ko uztailean hartuko du kargua, eta abuztuan legebiltzarra itxia egon ohi denez, irailean Barkosi egokituko zaio. Ondoren, berriro, Amaiurrengana itzuliko da. Salvador Kanpo Harremanetarako batzordeko eledun izango da; Barkos, berriz, Enplegua eta Gizarte Segurantza batzordekoeta Kongresuko Araudiari buruzko batzordeko eledun izango da.

Behin eledunen postuak erabakita eta hitzartuta, akordio hori Kongresuko presidente Jesus Posadari igorri diote, eta harekin bilduko dira datorren astean. Hain Talde Misto handia izaki, alderdiek eskatuko diote euren parte hartze politikoa handitzeko malgutasunez jokatzea. Osoko bilkuran parte hartzeko denbora tarte handiagoak izatea nahi dute Talde Mistoko kideek. Ikusiko da Posada prest dagoen edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.