Amaiur: «Rubalcabak hartu zuen betoa ezartzeko erabakia, azken orduan»

Betoa «kalkulu politiko hutsez» egin izana egotzi dio alderdi sozialistari, eta EAJren jarrera gaitzetsi du

Bilbo
2012ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Helegiteak ez du izan beharko lukeen indarra; PSOEren jarrerak ahuldu egiten du pentsiodunen eskubideen defentsa, ez delako oposizio osoaren babesarekin aurkezten», adierazi du Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondok. Salatu du Alfredo Perez Rubalcabak «kalkulu politiko hutsez» hartu duela azken unean erabakia, eta horren erakusgarri aipatu du sozialistak gehienak betoaren jakitun ez izatea. UPDren presioari men egitea egotzi dio.

«PP ongizate estatua desegiten ari da astez aste». Ondorioz, egoeraren larritasunak ezkerreko indar aurrerakoiak bat egitea, sendo erantzutea eskatzen duela adierazi du, Euskal Herrian zein Espainian. «Amaiurrek jakin egin du sinadura honetara heltzeko estatuko sindikatu handienekin dituen ezberdintasunak gainditzen eta pentsiodunen eskubideak lehenesten», esan du Errekondok. Planteamendu ideologiko «itxien» gainetik, eduki eta helburuei erreparatuz lan egin dutela gaineratu du.

«PSOEk arazoak ditu, antza, Amaiurrekin batera agertzeko argazkian, baina ez du inolako arazorik alderdi jeltzalea edo CIUrekin batera akordioak lortzeko, hauek eskuinekoak izan arren». Gogorarazi du beste hainbat gairen inguruan sozialistek eginiko proposamenak babestu dituztela legegintzaldi honetan. PSOEk«iparra galdu» duela eta erabaki hauek alderdi barneko ahulezia agerian uzten dutela nabarmendu du Amaiurreko diputatuak.

Jeltzaleen jarrera ere kritikatu du, «bereziki larria» dela esanez. «EAJ ez dago kaleko jendearen zerbitzura; finantza eta ekonomia elitearen beharrei erantzutea da bere ardura nagusia». Halaber, pentsioen pribatizaziotik ere «etekina» jaso nahi dutenen alde egotea leporatu dio. Amaiurren helburu nagusia pertsonen interesak defendatzea dela azpimarratu du, «finantza erakundeak babesten ibili beharrean».

Emilio Olabarriak egindako adierazpenen inguruan azaldu du horrek asko esan nahi duela EAJri buruz eta «garai historiko honetan» hartu nahi duen norabideaz.Errekondorentzat, ez da kasualitatea alderdi jeltzaleak ezkerreko indar aurrerakoiei halako «gaitzespenarekin» begiratzea. «EAJk ondo daki, herri honetako benetako alternatiba eskaintzen ari garenok zelako indarra hartzen ari garen, bai gizarte arazoetan eta baita politikoan ere».

Era berean, «ulergaitza eta mingarria» da Amaiurrentzat Izquierda Pluralek helegitea sinatzea. «Jarrera tinkoagoa espero genuen, demokrazia oinarrizkoenaren urraketa larri honen aurrean. Egoeraren mailan egon behar dugu guztiok eta espero dugu jarrera laster zuzentzea».

Arduraz jokatzeko dei egin die alderdiei. «Bazterkerian oinarritutako inertzia zaharrak alboratzeko eta konpontzeke dauden arazoei irtenbidea emateko, Euskal Herriaren aniztasuna kontuan izan dadin». Salatu du Euskal Herriari dagokion oro «estatu arazoa» dela PP eta PSOErentzat. «Euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko emandako edozein pauso, edo gizarte eredu justu eta solidarioagoa eraikitzeko eskuratzen duten edozein tresna propio blokeatu nahi dute».

Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua beharrezkoa dela esan du:«Euskal Herriak oinarri justu eta solidarioetan oinarritutako pentsio sistema propioa behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.