Autodeterminazio eskubideari buruz Espainiako Kongresuan aurkeztu duten egitasmoa eztabaidatu ahal izateko, «bide guztiak» erabiliko dituzte Amaiurrek, ERCk eta BNGk. Ohartarazi dutenez, nazioartera jotzeko prest daude Espainiako Gobernuak orain arteko «zentsurari» eusten badio.
Alfred Bosch ERCko diputatuarekin eta BNGko Guillerme Vazquezekin batera Bilbon eginiko agerraldi batean, Amaiurreko Jon Iñarrituk salatu du «oso aurrekari larria» dela eztabaidarako aukera ukatu izana, eztabaida politikoa galaraztea dakarrelako, eta Espainiako Gobernuaren jarrera zein den agerian utzi duela.
Eskubidea lege bihurtzea
Autodeterminazio eskubidea lege bihurtzeko eta Espainiako legedia nazioarteko itunetara egokitzeko proposamena aurkeztu zuten hiru alderdi horiek Espainiako Kongresuan, otsailaren 7an. Kongresuko Mahaiak, baina, ez zuen tramiterako onartu. PSOEk eta CIUk alde bozkatu zuten arren, PPk bertan duen gehiengoa baliatu zuen ekinaldia atzera botatzeko.
«Ez gara ari Espainiako Estatuarekin negoziazio prozesu baten bila edo Konstituzioa aldatu nahian, baizik eta munduko herri guztiek erabakitzeko eskubidea dutela onartzea nahi dugu», azaldu dute hiru alderdi horietako ordezkariek.
Azaldu dutenez, berriz ere aurkeztuko dute ekinaldia Kongresuko Mahaian, eta espero dute gainerako alderdiek «estu hartzea» PP. Mahaiak ekinaldia beste behin ere errefusatuko balu Auzitegi Konstituzionalera joko dutela esan dute. Eta «Espainiako elkarrizketa bide guztiak» erabiltzeko aukerak «ixten» badizkiete «nazioartera» jotzeko prest daudela; «autodeterminazioa oinarrizko eskubidea dela onar diezaguten», nabarmendu dute.
Amaiurrek «bide guztiak» jorratuko ditu Madrilen, autodeterminazioaren alde
ERC eta BNGrekin batera Kongresuan aurkeztutako ekinaldia atzera bota izana «oso larria» dela salatu du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu