Amaiur koalizioak Espainiako Kongresuan talde parlamentarioa edukiko duela argitaratu du Elpais.es-ek gaur 10:45 aldera, eta koalizioak berak ere esan du talde propioa eduki ahal izango duela. Gaur bertan egin du eskaera ofiziala. Jesus Posada Kongresuko Mahaiko presidenteak azaldu du ganberako zerbitzu juridikoen iritzia "erabakigarria" izango dela. Atzo Jose Bono Kongresuko aurreko presidenteak aitortu zuen zerbitzu juridikoekin "zehatz-mehatz" aztertu zuela kasua eta Amaiurrek taldea izateko eskubidea duela.
Zazpi diputatu dauzkanez, taldea izateko gutxieneko diputatu kopurua badu, baina ez du betetzen aurkeztutako lurralde guztietan botoen %15en babesa exijitzen duen baldintza, Nafarroan ez baita horretara iristen (%14,86). Hala, Amaiurrek esan du hasieran sei diputaturekin osatu ahal izango duela taldea: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako seiekin. Geroago batuko litzateke Nafarroakoa —Sabino Cuadra—, berak eskatuta; araudiak hori ahalbidetzen du.
Hain zuzen, 10:00etan hasi da Espainiako X. agintaldia. Azaroaren 20an hautatutakoek karguak hartu dituzte gaur, eta Kongresuko Mahaia osatu dute. Amaiurren aldetik Cuadra bera gaur ez da Kongresuan izan, "arrazoi pertsonalengatik", koalizioaren arabera.
Espainiako Gobernuko presidentearen inbestidura saioak hilaren 19an eta 20an izango dira; Mariano Raxoi izango da gobernuburu, PPk gehiengo osoa lortu baitzuen.
Cuadraz gain, Iñaki Antiguedad, Jon Iñarritu, Iker Urbina, Maite Aristegi, Rafa Larreina eta Xabier Mikel Errekondo dira Amaiurren diputatuak, eta atzo jaso zituzten Kongresuan kreditazioak, eta PPri "errezeta zaharrak alboratzeko" eskatu zioten. Ganberako alderdiekin atzo bertan hasi ziren hizketan. Amalur Mendizabal, Alberto Unamunzaga eta Urko Aiartza koalizioko hiru senatariek ere euren kreditazioak jaso zituzten atzo.
Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatzen dute Amaiur. Hego Euskal Herrian diputatu gehien lortu zituen indarra izan zen, zazpirekin —334.000 boto—.