«Porrot egin duen estatu baten aurrean gaude». Hala uste dute Amaiurreko diputatuek, Espainiari dagokionez. Sozialki, politikoki eta ekonomikoki porrot egin du Espainiak, haien irudiko, eta, horregatik, uste dute hiru arlo horietan eta gainerakoetan burujabetza behar-beharrezkoa dela: «Bada garaia Euskal Herriak bere burujabetza osoa agertu eta bere bideari ekin diezaion. Etorkizuna gure esku dago».
Espainiako Gobernuak egin dituen murrizketen harira egin zituzte adierazpenok Madrilen aritzen diren Xabier Mikel Errekondo eta Maite Aristegi diputatuek, atzo, Donostian emandako prentsaurreko batean. Izan ere, Espainiako Gobernuak murrizketen inguruan onartutako dekretuak eztabaidatu eta bozkatuko dituzte gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan. Oposizio guztia kontra izan arren, PPk gehiengo absolutua duenez, bere jarrera berretsiko duela baino ez da espero. Amaiurrek, atzoko prentsaurrekoan, iragarri zuen koalizioko diputatuek ez dutela parte hartuko bozketan, eta alde egingo dutela hemiziklotik, beste hainbat alderditako diputatuek bezala.
«Guztiz onartezinak» dira Amaiurrentzat gaur onartuko diren dekretuak. Euskal Herrian gertatuko dena bertan erabaki behar dela uste dute: «Nor da espainiako Estatua euskal herritarrei agintzeko zer-nolako aurrekontuak onartu behar ditugun? Nor da Euskal Herriari esateko noraino zorpetu behar garen? Nor da esateko zer egin behar dugun gai ekonomiko eta sozialetan?».
Egoera larria dela eta ongizate estatua «larrialdi egoeran» dagoela salatu dute. Horregatik, datozen egunetako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute, baita larunbaterako EH Bilduk Bilbon antolatu duen manifestazioan parte hartzekoa ere.
Amaiurren irudiko, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak ez dauka gaitasunik egoera horren aurka «batu» eta «herri gisa» erantzuteko. Horregatik, Eusko Legebiltzarrerako bozak aurreratzearen alde dago.
EAJri ere ez zaio gustatu Lopezek murrizketen ingurun hartu duen jarrera, eta «autogobernuaren alde» borroka gehiago egin dezakeela ohartarazi dio Andoni Ortuzar BBBko buruak. Buruzagi jeltzaleak Lopezi aurpegiratu dio Espainiako Gobernuari «azkarregi amore ematea», Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. «Euskadin egin behar diren murrizketak hemen erabaki behar ditugu, hemengo errealitatearen arabera». Haren iritzian, Espainiako Gobernuarengana joan beharko luke Lopezek, «konbentzitzera Euskadin neurri horiek ez direla beharrezkoak».
Ortuzarren irudiko ere, onena hauteskundeak aurreratzea litzateke, bestela 2013a «urte galdua» izango dela uste baitu.
PSE-EEk legegintzaldia amaitzeko asmoa duela esaten jarraitzen du, ordea. Jose Antonio Pastor bozeramaileak atzo esan zuen legegintzaldia amaituko dutela hezkuntza, osasun eta gizarte politiken aldeko apustuei eustea lortzen badute. Haren ustez, apustu horiei eustea posible da, gainera. «Egutegia aldatzeko aukera bakarra da oinarrizko jotzen dugunari ezin eutsi izatea. Gure marra gorriak hezkuntza, osasuna eta gizarte politikak dira».
Amaiurrek ezinbestekotzat jo du burujabetza krisitik ateratzeko
Jaurlaritzarako bozak aurreratzearen alde agertu da koalizio abertzalea, eta Pastorrek dio legegintzaldia bukatu nahi dutelaEspainiari «azkarregi amore ematea» egotzi dio Ortuzarrek Lopezi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu