Ikusmina eta arreta, biak bereganatu zituen Amaiurreko bozeramaile Iñaki Antiguedaden hitzaldiak Espainiako Kongresuan. Formetan bizia izan zen, eta edukietan argia. Amaiurrek eskua luzatu zion Mariano Raxoiri, trantsizio berri bat egitera gonbidatuz, gatazkaren konponbide integralean parte hartzera deituz eta Euskal Herriaren herri eskubideak aitortzera proposatuz. «Elkar ulertzera behartuta gaude». Norabide horretan pausoak emateko beharra azaldu zion Antiguedadek Raxoiri. «Pausoak? Nolako pausoak eman behar ditut nik? Legea eta demokrazia defendatzea, besterik ez». Raxoiren erantzuna ETAren biktimak gogoratzea eta pausorik emateko beharra ez aitortzea izan zen. Raxoik ez zuen hartu bere gain garai berria sendotzeko ardura. Alderantziz, ETA desegitea eskatu zuen, eta ETA desegiteko eskaera egin dezala exijitu zion Amaiurri.
Antiguedad eta Raxoiren arteko ika-mika dialektikoa izan zen atzo inbestidura saioan gehien jarraitutako unea. Gainerakoa nahiko aurreikusita zegoen. EAJk elkarrizketarako prestasunaren truke abstentziora jo zuen; Geroa Baik ezezkoa hobetsi zuen, eta Raxoi gehiengo osoz gobernuburu izendatu zuen Espainiako Kongresuak, 187 aldeko botorekin.
Antiguedadek hitza hartu zuenean, isiltasuna nagusitu zen hemizikloan. Gainerako diputatuek arretaz entzun zuten hamar minutuko hitzaldia, etenik gabe. Saioa amaitutakoan hitzaldiaren oihartzuna nabaritu ahal izan zuten Amaiurreko diputatuek, beste alderdietako hainbat diputatu hurbildu zitzaielako izandako harrera ona azaltzera. Jesus Posada mahaiburua bera joan zitzaion Antiguedadi korridoreetan «ongi» aritu zela esatera.
Amaiurrek, lehenik, azaroaren 20ko hauteskundeen emaitzak ongi irakurtzeko eskatu zion Raxoiri. Espainiako Gobernuan izandako ziklo aldaketaz gain, Euskal Herrian beste ziklo aldaketa bat egon dela ohartarazi zion Antiguedadek PPko hautagaiari. «Amaiur aulki gehien atera duen indarra da, eta horrek zerbait esan nahi izango du». Hauteskundeetako emaitzek utzitako argazkiak berak, Antiguedaden esanetan, erakusten duizaera politikoa duen gatazka bat dagoela konpondu gabe. Horren «konponbide integralaren» beharra nabarmendu zuen Antiguedadek, eta irtenbidean parte hartzera deitu zuen alderdi popularra.
Nazioarteko izen handiko sei pertsonak sinatutako Aieteko Adierazpenaren edukia ekarri zuen gogora Amaiurreko diputatuak. «Espainiako Gobernua behin betiko konponbide integralaren beharrezko eragilea da, Aieteko Adierazpenaren arabera», gogoratu zuen Antiguedadek. Espainiako Gobernuaren eginkizunetako bat seinalatu zuen Amaiurrek: preso dauden pertsonen gaineko salbuespeneko neurriak desaktibatzea. Nafarroako Parlamentuak bezperan espetxe politika aldatzeko eskaera onartu zuela gogorarazi zion. Halaber, neurri horiek ezartzea legezkotasunaren barruan dagoela oroitarazi zuen.
Amaiurren aldetik «biktima guztiak aitortu, errespetatu eta erreparatzeko apustu irmo bat» dagoela argi utzi nahi izan zuen Antiguedadek. Kongresuan bertan, «metro gutxira», ETAren biktima zuzenak izandakoak zeudela aitortu zuen, baina Rubalcabak aurreko egunean memoriari buruz egindako aipamena gogora ekarriz, memoriaren ehuneko ehuna eskatu zuen biktimen ehuneko ehunentzat.
Biktimen harira, joan den larunbatean Gernikako Akordioak biktimei buruz egindako adierazpena ekarri zuen gogora. «Han pauso bat eman zen; batzuek diote ez dela nahikoa izan, baina batzuk etengabe pauso ez-nahikoak ematen ari gara, eta nahikotasunerantz aurrera egiten ari gara; beste batzuk, ordea, ez dira pausoak ematen ari, eta, gainera, jarrera oztopatzaileak dituzte. Hori ere gainditu behar dugu».
Raxoi eta PPren txaloak
Konponbidearen inguruko ildoaz gain, Amaiurrek Madrilen egin nahi duen jardunaren beste bi ardatzak azaldu zituen. Batetik, Euskal Herriaren eskubide nazionalen defentsa. «Independentistak gara, eta euskal estatu baten alde gaude. Estatua ona bada herritar espainiarrentzat, zergatik ez euskaldunontzat?». Hala ere, Antiguedadek argitu zuen Kongresura ez direla joan independentzia eskatzera, baizik eta herri eskubideen aitortza eskatzera. Baita eredu sozio-ekonomiko ezberdin baten aldarrikapena ere. «Badaude krisiari aurre egiteko beste modu batzuk».
Raxoik bide errazena aukeratu zuen Amaiurreko diputatuari erantzuteko, PPko alderdikideen txaloak eragingo zituena: biktimak oroitzea eta ETA desegiteko eskatzea. «Eman beharreko pausoa da ETAk iragartzea desegin egingo dela; hori da pausoa», adierazi zuen Raxoik. Halaber, Amaiurri zuzenean eskatu zion desegiteko eskaera egin diezaiola ETAri. «Nik zuri ez dizut ezer zor», esan zuen ozen, PPko diputatuen txaloak eraginez. Bigarren txandan mezu berari heldu zion.
Espainiako Kongresua. Inbestidura saioa
Amaiurrek konponbiderako eskua luzatu dio Raxoiri, baina ez dio jaso
Espainiako gobernuburu berria ez da prest azaldu pausorik emateko; aitzitik, Amaiurri ETA desegiteko eska dezala exijitu dioAntiguedadek euskal herritarren hitza eta erabakia errespetatzeko beharra azaldu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu