Amatasun «disidente eta feministak», erdigunera

Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari buruzko ‘M ama* eme* ume*’ liburua egin dute, Tene Mujika saria baliatuta. Galderak plazaratzeko eta eztabaida sortzeko helburuarekin aurkeztu dute obra.

Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek ‘M ama* eme* ume*’ liburua egin dute. JON URBE / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 5a
19:16
Entzun

Erditu diren amak, erditu ez direnak, ama ez izatea aukeratu dutenak, ama bakarrak, banatu diren amak, adopzio bidezkoak, amonak, etorkinak, edota ama lesbianak. Amatasuna bizitzeko modu asko daude, baita ama izateko modu ugari ere, eta horietako lekukotasun batzuk bildu dituzte Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek M ama* eme* ume* liburuan.

Egileek Tene Mujika saria irabazi zuten iaz, eta horrekin ondu dute obra. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak banatzen dute beka, eta Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuetarako da.

«Ez da liburu eroso bat, eta hala behar du», adierazi du Fernandezek. Izan ere, amatasun «disidente eta feministak» erakusten dituzte liburuan, galderak plazaratzeko eta eztabaida sortzeko helburuarekin. Horregatik, hain zuzen ere, obrak «zeresana» emango duela uste duXabier Mendiguren editoreak, «eztabaida hau plazara ekartzeagatik».

Egileek azaldu dutenez, amatasunaren eta feminismoaren arteko harremana «gatazkatsua» izan da urteetan zehar, besteak beste, emakumeek batzuetan ama izatera derrigortuta daudela sentitu dutelako. Liburuan azaltzen denez, ordea, amatasunaren instituzioak zapaltzen ditu emakumeak, eta ez amatasunaren bizipenak berak. Ideia horri tiraka ondu dute obra, uste dutelako iritsi dela garaia ikusteko nolako amatasunak eraiki nahi diren. Horrekin batera, salatu dute gaur egungo sistemak amatasunak bizitzeko baldintza «eskasak» eskaintzen dituela.

Guztira hamahiru bizipen jaso dituzte liburuan, 11 emakumeenak dira, eta bi gizonenak. «Ez genuen nahi liburua ulertzea bakarrik emakumeentzako liburu bat balitz bezala, nahi genuen liburua gizonengana ere iristea», azaldu du Lagomak, eta hurbiltasun hori sortzeko modu bat aurkitu dute aitei ere ahotsa ematen; «beraien aitatasuna modu kontzientean hausnartuta bizi duten gizonei», hain zuzen.

Bizipen horiek jasotzean, ertzera jo nahi izan dute, «ertzean ez daudenak ahaztu gabe». Horrela, liburuan lantzen dira, besteak beste, amatasuna eta eritasuna, indarkeria matxista, indarkeria obstetrikoa, migrazioa, eta osasun mentaleko arazoak. Horrez gain, galerak agertzen dira, baita galdutako umeak eta doluak ere. Horrela, amei, ama izan ez diren emakumeei nahiz gaiarekin sentsibilizaturik sentitzen diren gizonentzat da obra. Finean, gizarte «justuago bat» amesten duen edonorentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.