Amedok lekuko gisa deklaratu du Garcia Goenaren hilketaz

Deklaratu ondoren, polizia ohiak esan du Sancristobalen eta Veraren ika-mikengatik hil zutela Garcia Goena

Erredakzioa
2014ko otsailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Rafael Veraren eta Julian Sancristobalen arteko tirabirei egotzi die Jose Amedo polizia ohiak Juan Karlos Garcia Goenaren hilketa. Haren esanetan, CNI Espainiako zerbitzu sekretuei saldu beharreko goi mailako teknologiaren harira izandako ezadostasunek eragin zuten euskal iheslariaren aurkako atentatua. Amedok dio 1987ko ekainean bilera bat egin zutela Verak eta Sancristobalek salmenta hori Sancristobalen Marconi enpresaren bidez gauzatzeko, baina uko egin ziola Verak. «Sancristobalek dena nahi zuen beretzat, eta Verari ez zion sartzen utzi». Hilabetera hil zuten Garcia Goena, uztailaren 24an.

Espainiako Auzitegi Nazionaletik irten ondoren azaldu zuen hori Amedok, atzo. Aurrez, lekuko gisa deklaratu zuen Garcia Goenaren hilketaren auzian, Pablo Ruz epailearen aurrean. Pedro Rubira fiskalak eta Laura Martinek, Garcia Goenaren alargunak egin zuten eskaera, Amedok Cal viva liburuan emandako datuak direla eta. GALen ekintzak justifikatu zituen liburuan, eta Patxi izeneko bat aipatu zuen hilketarekin lotuta. Martinek adierazi zuen Hendaiako Photo Galaxie argazki estudiora joan zirela sarri Garcia Goena eta bera, eta Patxi zuela izena estudio hartako jabeak ere.

Espainiako Barne Ministerioko idazkariorde zen Vera garai hartan, eta Segurtasuneko estatu idazkari Sancristobal, Verak kargu hori utzi ondoren. Amedok azaldu zuen «mundu guztia» harritu zuela Garcia Goenaren hilketak, urte eta erdi lehenago, 1986ko otsailean, hartua zutelako GAL bukatzeko erabakia orduko Espainiako presidente Felipe Gonzalezek eta Frantziako presidente François Mitterrandek.

Amedo 1991n absolbitu zuten

Jean Louis delako bat ere aipatu zuen atzo Amedok atentatuaren egile gisa, eta, nor den jakin ez arren, adierazi zuen Sancristobalek ezagut dezakeela.

1991ko irailean, Garcia Goenaren hilketagatik absolbitu egin zituen Amedo eta Michel Dominguez, Bilboko Informazio Brigadako polizia ohia. 2001ean auzia artxibatu egin zuen, behin-behinean, Auzitegi Nazionalak. Hamar urteren ondoren, 2011n zabaldu zuten berriz, informazio berria zegoelako.

GALen azken biktima ofiziala izan zen Garcia Goena; soldadutzatik ihesi joan zen Ipar Euskal Herrira, zazpi urte lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.