Udal eta foru hauteskundeak. Agurra. PATXI LAZKOZ

«Ametsa» bete zuen zinegotzia

«Kasualitatez» sartu zen alderdi sozialistan, 21 urte zituela, eta bi hamarkada luze egin ditu Gasteizko Udalean, PSEko zinegotzi gisa; tartean, hiriburuko alkate izan zen. Patxi Lazkozek betiko utziko du politika ekainaren 13an, eta «militante soila» izango da aurrerantzean. Abokatu gisa jardungo du gero.

1 RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2015eko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Gasteizko Udalean 24 luze eman ostean, politika behin betiko utziko du Patxi Lazkoz PSE-EEko zinegotziak (Iruñea, 1965). Udal eta foru hauteskundeen ostean lagako du. Gutxi geratzen zaio, beraz.Ibilbide politikoazehazki zer egunetan bukatuko duen ongi daki Lazkozek: «Ekainaren 13an utziko diot zinegotzi izateari, talde berria sartzean». Atzerako kontaketa hasia du, eta, hartutako erabakiak «ilusioa» sortzen badio ere, malenkonia sumatzen zaio bi hamarkadetako errepasoa egiten hasten denean. Baina hartutako erabakiak «ez du atzerakorik». Lazkozek argi utzi du politikako lehen lerroan egoteko aroa «iragana» dela jadanik. Hemendik aurrera, bizitza goitik behera aldatuko zaio, batez ere lan merkatura emango duelako jauzia, abokatu gisa jarduteko. Sozialismoa bihotzean eramaten jarraituko du, hala ere, baina bidea balkoitik neurtuta. «Militante hutsa izango naiz aurrerantzean». Erabakia irmoa da, eta bere buruarekin lasai dagoela aitortu du, «koherentziaz» eta «zintzo» jokatu duelako.

Zapore «gazi-gozoarekin» utziko du politika Lazkozek, nahiz eta «gozotik gehiago izan gazitik baino». Eduki baititu zenbait frustrazio; nagusia, 2011n Gasteizko alkatetza galtzea: «Alkate izaten segitzeko asmoa nuen, baina kale egin nuen». Dena den, alde txarrak baino gehiago nabarmentzen ditu onak. Atzera begira jartzean, irribarrea agertzen zaio aurpegian. Gasteizko Udalean eman dituen 24 urteak «ederrak» izan direla aitortu du, politikaz «maitemintzeraino»; udal politikaz, zehazki. Izan ere, pasio bilakatu zen Gasteizko Udalean lan egitea Lazkozentzat: «Udala baino leku egokiagorik ez dut ikusten nire hoberena emateko».

Politika uzteko erabakia «aspaldi» hartua zuen, baina joan den urtean Arabako PSEko idazkari nagusi izateko asmoak porrot egin izana mugarria izan zen haren hautuan. Sakoneko arrazoi bat izan du urrats hori egiteko: «Politikan denbora gehiegi egotea ez da onuragarria, herritarren aurrean oso itxura txarra ematen dugulako». Alderdi politiko gehienen arazoa horixe dela uste du: «Alderdietan ardura dutenek erakundeetako eserlekuetan egokitzeko ohitura dute». Ez du bat egiten printzipio horrekin, eta, dioenez, hautagai izatea ardurazko postuak edukitzearekin bateraezina izatea proposatu duten «bakarrenetarikoa» izan da alderdi sozialistaren barruan. «Erakunde batetik bestera ibiltzeak ez du itxura onik ematen herritarren aurrean». Haren ustez, horixe da alderdien «bekaturik larriena», eta horren ondorioz sortu dira Ahal Dugu, Ciudadanos eta halako alderdiak. Lazkozen irudiko, ulergarria da herritarrak haiekiko gertuago sentitzea.

Erremin apur bat sumatzen zaio PSEri buruz mintzo denean;ez du ukatzen hori. «Bere garaian bestelako erabakiak hartu izan bagenitu, ziur naiz ez ginatekeela egoera honetan egongo». Azken urteotan maiz aldarrikatu du «aldaketa eta berrikuntzaren» beharra PSOEren eta PSEren barruan, eta behin baino gehiagotan kritikatu ditu, barruan nahiz jendaurrean, alderdiarenzenbait erabaki. Beraz, politika uzteko egindako hautuak badu, neurri batean, etsipenetik. «PSOEk eta PSEk hainbat pauso eman ditu, baina ez egoerak eskatzen duen bezain sakonak. Ez gaur arte, bederen. Urrats gehiago egin behar ditu herritarren konfiantza berreskuratu nahi badu». Haren ustez, galduta dago sozialisten eta herritarren arteko konfiantza.

Gizartearen eta bere alderdiaren arteko urrunketa 2010ean kokatu du Lazkozek. Jose Luis Rodriguez Zapateroren Espainiako Gobernuak hartutako zenbait neurri ideia sozialistetatik aldendu zirela dio, eta horrek ekarri zuela herritar askok PSOErekiko konfiantza galtzea. Alfredo Perez Rubalcabarekin egoerak ez zuela hobera egin dio : «Ezinezkoa da sinesgarritasuna izatea aurpegiak aldatu gabe. Aurpegi berriak behar ziren». Haize freskoaren falta Arabako sozialistengan ere sumatu duela aitortu du Lazkozek: «Gure proiektu ideologikotik aldentzen ari ginen, eta aldaketa behar zen. Hori maiz esan nien alderdikideei».

Arabako sozialisten norabidearekin ere ez dago gustura. Maite Berrocal zinegotziarekin gertatutakoarekin «harrituta» dagoela aitortu du —Berrocalek alkategai izateari utzi zion, zuzendaritzak zerrenda inposatu nahi ziola salatu ostean—. Lazkozek babes osoa agertu dio hari, eta nabarmendu du hautagai batek «beti» izan behar duela askatasuna zerrendako gainerako kideak aukeratzeko: «Astakeria bat da zerrenda osatzeko konfiantzako pertsonak aukeratu ezina». Ziur da alderdiak izandako ika-mika horiek ez direla onuragarriak eta ez dutela lagunduko udal eta foru hauteskundeen emaitzetan.

Lehen urteak, «ederrak»

Kritikoa izan arren, alderdi sozialistaren ideologia barru-barruan darama Lazkozek. Gazte zela hasi baitzen han militatzen: 21 urte zituenean. Ordurako, piztua zuen politikarekiko grina: «Baina, batez ere, nazioarteko politika interesatzen zitzaidan». Kasualitatez sartu omen zen PSOEn: «Ikasketak ordaintzeko, zerbitzari gisa lanean ari nintzen; alderdiko pertsona bat ezagutu nuen, eta hark animatuta eman nuen izena PSEn». Ordutik aurrera, alderdi sozialistari lotuta egon da.

1991n ekin zion udal politikagintzari, EAJren eta PSEren arteko gobernu koalizioan. Orduan, Jose Angel Cuerda (EAJ) zen Gasteizko alkatea, eta Lazkoz Gazteria, Hiri Segurtasun eta Garbiketa zerbitzuetako zinegotzi karguan egon zen legealdi hartan. Oroitzapen bikainak dituela dio. «Ederra izan zen, izugarria». Gobernu berean egonagatik ere, EAJko eta PSEko zinegotzien artean «nolabaiteko lehia» bazegoela dio, bakoitzak lan hobea egiten zuela erakutsi nahi zuelako. Norgehiagoka hark hainbat anekdota bitxi utzi zituen, Lazkozek gogora ekarri duenez. «Garbiketaren inguruko sentsibilizazio kanpaina abian jarri genuen, eta aurkezpena egitera joan ginen Guridi zinemetara Javier Rojo alkateordea eta biok. Ezustean, Cuerda alkatea agertu zen, gu bigarren mailan uzteko asmoz edo... Aho bete hortz geratu ginen».

Gizarte eta garbiketa zerbitzuen zinegotzi izatea «erakargarria» zen, haren esanetan. «Kalean sumatzen zen egindako lanak harrera ona zuen ala ez, eta hori oso polita zen». Harro gogoratzen du auzoetarako garbiketa bereziak martxan jartzea bere departamenduak asmatu zuela. Zaramaga auzoan egin zuten aurrenekoa, eta, Lazkozek dioenez, EAJko zinegotzi bat ibili zen «erdi ezkutuan» lanak nola egiten ziren ikuskatzen. Barre egiten du hura gogoratzean.

Udal politikarekiko zaletasunak goia jo zuen 2007an, Gasteizko alkate izatera iritsi zenean. Hiriburuak izan duen alkate sozialista bakarra izan da Lazkoz. Pozik dago lorpen horrekin, «ametsa» bete zuelako: «Uste nuen baino esperientzia aberasgarriagoa izan zen, sekula ez nuelako imajinatu erabakiak hartzeak hainbesteko garrantzia izango zuenik». Bere agintaldiaz harro mintzo da: «Nire gobernuak ez zion inolako atsekaberik eragin hiri honi». Alkatetzan egon zen lau urteetan bizi izandakoak alde onak eta txarrak izan zituen. Gasteizek hiriburu berdearen saria irabazteaizan zen alde on bat, dioenez. «Izugarria izan zen; batez ere, Bartzelonaren moduko hiriburu bati irabaztea». Une gogorrenak, berriz, ETAk alderdikideak hil zituen garaiekin lotu ditu.

Autokritikarako tartea ere hartu du Lazkozek, eta ez dauka arazorik alkate zenean egindako «hutsegiteez» mintzatzeko. Haietako bat da Bai Center proiektuaren alde bere udal gobernuak egindako apustua. «Apustu estrategiko hura azaltzerakoan, oker asko egin nituen ikuspuntu pedagogiko batetik». Penaz mintzo da, herritarrei egitasmoaren esanahia eta balioa azaltzen jakin ez zuelako.

«Ikuspuntu kontzeptualago» batetik, berriz, badu damurik. «Hiriaren eredu jakin bat geneukan, baina ez genuen asmatu jendeari azaltzen». Bernardo Atxagaren Euskal Hiria kontzeptuarekin lotzen du Gasteizerako zuen planteamendua .«Cuerdaren garaitik bere buruaz aski den hiriburutzat geneukan Gasteiz, eta inertzia hori apurtu nahi genuen, hiri modernoagoa sortzeko, hain errotuta dagoen probintzialismo hori apurtzeko». Asmoa argi azaltzeko gai ez izatearen erantzukizuna berea izan zela aitortu du Lazkozek: «Ausardia txikiagoa eta patxada handiagoa erabili izan banu...».

Laguna, Bildukoa

Esperientzia politikoak alde pertsonala ere aberastu diola aitortu du zinegotzi sozialistak. Bi hamarkada luze hauek lagun asko egiteko balio izan diote, eta adiskidetasun batzuk aurkari politikoak direnekin landu ditu. Badago bat nabarmentzen duena: egun Bilduko zinegotzi den Antxon Belakorturekin duen adiskidetasuna «berezia» dela dio. «Ezagutu nuenean, iraultzaile burugogor bat zela iruditu zitzaidan, baina gauzak nola diren: oso harreman polita daukagu gaur egun. Antxon oso tipo dibertigarria da». Konfiantzazko harremana landu dute biek, eta elkarri errespetua diote, Lazkozek dioenez. Gogoratu duenez, alkate zenean Belakorturekin «hitzez» lortzen zituen akordio asko, elkarren konfiantzaren seinale: «Ez genuen paperik sinatu behar; hitza elkarri emanda nahikoa genuen. Eta hala egin genuen hiribururako berebiziko garrantzia izan zuten akordio askotan». Bildun ez ezik, gainerako alderdietan ere baditu lagunak;besteak beste, PPko Idoia Garmendia eta EAJko Iñaki Prusilla aipatu ditu.

Aldiz, beste politikari batekin ezin da konpondu, PSEkoak aitortu duenez: Javier Maroto (PP) alkatearekin. Ezagunak dira bi politikarien arteko ika-mikak, udaletako bilkura eta batzordeetan maiz egin baitute talka, baita eztabaida sutsuak izan ere. Bien arteko ezinikusia ez da berria. Lazkozek dioenez, ez dute sekula «feeling» bereizirik izan: «Aspaldikoak dira gure arteko desadostasunak. Oso kontu pertsonala da, eta nahiago dut ez kontatu». Egunen batean bere memoriak idazten dituenean Gasteizko egungo alkatearekin dituen konponezin horiek nondik datozen azalduko duela dio, barrez. Oraingoz, baina, nahiago du isilik egon.

Nolanahi ere, azken bi hamarkadetan norbaitekin talka egin badu, Jose Antonio Pizarro UAko zinegotzi izandakoarekin egin du. «Harekin bai nituela liskarrak!». Bien arteko desadostasun politikoek arlo pertsonalean ere izan zituzten ondorioak, elkar agurtzeari uzteraino. «Pizarrok eta biok ezin genuen toki berean elkarrekin egon!». Unidad Alavesa alderdia 2005ean desegin eta Pizarrok politika utzi zuenean konpondu zituzten euren arteko tirabirak. «Marotorekin daukadan harreman txarra, beraz, ezin parekatu daiteke Pizarrorekin nuenarekin».

«Aldaketa badator»

PPko alkatearentzat hitz gozorik ez dauka. Marotoren legealdiaren balantzea egiterakoan, «sentimendu bipolarra» duela dio. Batetik, PPkoak etorkinen aurka abiatutako gurutzada «astakeria» bat izan delako: «Hiriburuaren irudia zikintzen ari da Maroto, eta amorru handia ematen dit».Horrez gain, ustelkeria kasuek Gasteiz «Valentziaren mailan» jarri dutelako. Baina, bestetik, herritarrek emandako erantzunarekin oso pozik dagoela aitortu du. «Gasteizen herritar askok aurpegia eman dute hiri honengatik, eta harro sentitzeko modukoa da». Haren ustez, kalean «gehiengo zabal batek» Maroto alkatetzatik kendu nahi du, eta horrek itxaropena ematen dio. «Ziur alkate berria izango dugula; ez dakit gizona ala emakumea izango den, baina aldaketa badator».

Hori bai, Gasteizko Udalean aldaketa etorriko den ala ez beste edozein herritarrek bezala ikusiko du Lazkozek: kanpotik. Zinegotzi kargua uzten duenean, politikatik aldendu eta abokatu gisa jardungo du. Zuzenbide ikasketak egin arren, ez du inoiz abokatu gisa lan egin, baina pauso hori emango du orain. Izena emana du Praktika Juridikoen Eskolan,eta irailetik aurrera bulego bat irekitzeko asmoa dauka. «Bertigo»apur batekin helduko dio etapa berriari: «Nahikoa erosotasun ematen duen inertzia batetik nator, eta zaila izango da aldatzea. Hemen, hilaren 25erako soldata jasotzen dugu, sekulako soldata gainera, eta orain autonomo gisa ibili behar izateak beldur handia ematen dit». Hala ere, «ilusioa» ere badu, eta aurrean duen erronkari gogoz helduko dio: «Erretiroa hartu arte gutxienez 18 urtezlan egin beharko dut. Bizitza oso bat daukat aurrean, eta, beraz,espero dut dena ongi joatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.