Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduko (AEM) lau kide atxilotu ditu Ertzaintzak Bizkaian. Efe berri agentziak baieztatu duenez Sendoa Jurado, Ziortza Fernandez, Zaloa Respaldiza eta Txabeli Delgado dira atxilotuak, eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu dituzte, deklarazioa hartzeko.
Izan ere, mugimendu horrek berak jakinarazi zuen martxoan Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu zituzten sei lagunetatik lau ez zirela joan. Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijok eta AVT elkarteak jarritako salaketaren ondorioz iazko abuztuan Bilbon antolatu zuten manifestazioan "terrorismoari gorazarre" egin ziotelakoan deitu zituzten deklaratzera.
Fernando Andreu epaileak bihar hartuko die deklarazioa, eta Ertzaintzari agindu dio atxilotuta eramateko Madrilera.
Ertzaintzaren eta EAJren jarrera salatu du AEMk: "EAJk bere zipaioen armada historikoki erabili izan du espainiar estatuaren egonkortasuna eta bere interes ekonomiko propioak defendatzeko". Gainera, horretarako herritarrak "jipotu", "torturatu" eta hainbat kasutan "erailtzeko" erreparorik ez izatea aurpegiratu die.
Atxiloketekin AEMren jarduna baldintzatu nahi dela salatu dute, baina halakorik ez dela gertatuko ohartarazi dute: "Gure herriarentzat irtenbide duina eta globala bultzatzeko asmoz" lanean jarraituko dutela ohartarazi dute; "errepresaliatu guztiak etxeratzeko baliogarria izango dena eta etorkizunean gehiago ez egotea bermatuko duena".
Sorturen salaketa
Atxiloketak salatu ditu Sortuk: "Argi eta ozen diogu: ez da onargarria —ez lehen, ez orain—, edozein izanda ere defendatzen den egitasmo edo proiektua, haren alde egiten duten pertsonen kontrako jazarpen polizial edo judizialik".
Euskal Herria "konponbidearen aldeko urratsak" egiten ari den garaian "bitarteko zaharrekin" erantzutea leporatu dio Sortuk Espainiari.
Era berean, indarrak batzeko deia egin du alderdiak: "Zentzurik zabalenean aske izan nahi dugun guztion arteko gogoa areagotu eta agertoki berrietara eroango gaituzten indarrak josiko ditugu".