Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari, hirugarrenez

Batzar Nagusietako 51 batzarkideetatik 34ren babesa jaso du jeltzaleak: EAJrena, PSE-EErena eta PPrena. PP mahaitik kanpo geratu da

Ana Otadui, aginte makila eskuetan, atzoko bilkuran. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ana Otadui jeltzaleak beste legealdi bat egingo du Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari karguan. 2015ean eta 2019an ere hautatu zuten kargu horretarako, eta atzo Gernikan egindako bilkuran ere berak jaso zuen boto gehien. EAJko, PSE-EEko eta PPko 34 diputatuen babesa jaso zuen, eta EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko hamazazpi batzarkideek zuri bozkatu zuten.

Mahaiaren eraketari dagokionez, PPk ez gainerako taldeek lortu dute eserlekua. EAJren esku geratu da, lehendakaritza ez ezik, baita idazkaritza lehena ere: Jane Eyre Urkieta izango da kargu horretan; PSE-EErena izango da lehendakariordetza lehena (Begoña Gil); EH Bilduk lehendakariordetza bigarrena eskuratu du (Idoia Buruaga); eta Elkarrekin-ena izango da bigarren idazkaritza (Ricardo Vaquero).

Batzar Nagusietako lehendakari modura egindako lehen mintzaldian, Otaduik «eztabaida antzuak» alboratzeko eta herritarren aldeko akordioak egiten saiatzeko eskatu zien taldeei. Agintaldi berrirako erronka nagusiak ere aipatu zituen: besteak beste, Batzar Nagusiak ezagutarazi nahi dituela azaldu zuen, eta emakumeen eta gizonen arteko «benetako berdintasunaren» alde lan egingo duela hitzeman.

Ika-mika mahaia eratzean

Mahaiaren eraketak polemika piztu zuen. Alde batetik, PPk hiru eserleku erdietsi zituen maiatzeko bozetan, Elkarrekin taldeak baino bat gehiago, baina eskuineko alderdiak ez du ordezkaritzarik lortu mahaian. EAJk eta PSE-EEk hamahiru boto eman zizkioten PPren hautagai Diego Pagadigorriari idazkaritza bat jasotzeko, baina ez ziren aski izan. Raquel Gonzalez PPren bozeramaileak EAJri eta PSE-EEri aurpegiratu zien «Pedro Sanchezen Frankestein gobernua» eraman izana mahaira, Elkarrekin Podemosi bertan tokia eginda. Hauteskundeetan PPk baino batzarkide gutxiago erdietsi zituen koalizioak, baina, Gonzalezen ustez, EAJk eta PSE-EEk «deskonposizioan» dagoen alderdi bat hauspotu dute.

Bestalde, Iker Casanova EH Bilduko bozeramaileak EAJk PSE-EErekin eta PPrekin egindako «jokaldi politikoa» gaitzetsi zuen. Haren iritziz, hiru alderdiak EH Bilduk hautetsontzietan lortu duen presentzia eta protagonismoa murrizten saiatu dira, berez koalizioari bi postu baitzegozkion mahaian. Baina, Elkarrekin Podemosen babesa lortzeko, bi postuetako bati uko egin behar izan zion koalizio subiranistak. Casanovak azaldu zuen Elkarrekin Podemosen alde egin zutela «eskuin kontserbadoreak» tokirik izan ez zezan mahaian. EAJk, berriz, osoko bilkuraren ostean adierazi zuen bere helburua izan zela mahaiak «aniztasun handiagoa» izatea.

Mahaian ordezkatuta egonda ere, talde propiorik ez du izangoElkarrekin Podemosek Batzar Nagusietan, eta talde mistoan egon beharko du. Izan ere, gutxienez hiru batzarkide behar dira talde propioa izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.