Hilberria. Joseba Kanpo

AEK zabaltzen isilpeko eragile

Joseba Kanpo 2005. urteko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2013ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Korrikaren eta AEKren lehen urteetako sustatzaile nagusietako bat izateaz gain, euskararen alorrean «erreferente garrantzitsutzat» dute hura ezagutu zutenek. Euskararen aldeko langile «nekaezina» izan dela nabarmendu dute denek. «Instituzio bat».

Gaixotasun baten ondorioz, atzo goizaldean hil zen Joseba Kanpo Lasuen (Bilbo, 1955). Bizkaiko hiriburuan jaio bai, baina Otxandioko semetzat zuen bere burua —hangoa zuen amaren familia—. Urtsa Errazti lagun minaren arabera, Otxandio herriarekin maiteminduta zegoen. «Otxandio zen bere zaletasun handiena».

Ekonomia Zientzietako ikasketak Sarrikoko Unibertsitatean egin zituen Kanpok, Bilbon. Diru kontuez asko bazekien ere, publizitatearen munduaz, are gehiago. Hala, Bilboko publizitate agentzia batean egin zuen lan urte luzez. Publizitate kanpainak antolatzen «trebea» zela esaten dute gertutik ezagutu zutenek. Publizitatearen inguruko ezagutzak, gainera, euskararen mesedetan erabili zituen maiz.

Lehen Korrikak antolatzen

AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundearen hastapenetan eta aurreneko euskaltegietan lanean aritu zen Kanpo. Uribe Kosta eskualdeko koordinatzailea izan zen lehenbizi, eta Bizkaiko ekonomia arduradun lanetan aritu zen gero hainbat urtez. «Kanpainen bultzatzaile handia izan zen. Inprimaketan, publizitatean, eta ondotik AEKanpadak antolatzen ibili zen. Dirua lortzen handik eta hemendik aritzen zen», gogoratu du Erraztik, bizitzan beti «gertu» izan zuen lagunak.

Aurreneko Korrika antolatzen eta sustatzen aritu ziren Kanpo eta Errazti. Julen KaltzadakAEKren webgunean azaldu duenez, Albaro Gurrearen Algortako etxean izandako bilera batetik jaio zen Korrikaren ideia. Kanpo, Errazti eta Gurrearekin batera, bileran zeuden Joxepe Zuazo, Natxo de Felipe, Bittor Artola eta Enrike Ibabe. 1980ko azaroaren 29tik abenduaren 7ra egin zuten aurreneko Korrika hura. 2007. urtean Gara egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, honako hitz hauek egin zituen Kanpok: «Lehen Korrikak arrakasta itzela izan zuen. Ez zen ideia biribil bat izan, azkenean ekimena herriari utzi zitzaion eta herriz herri joan zen Korrika betetzen. Gaur egun ezagutzen dugun Korrika herriak egin du, nolabait».

Bigarren Korrika prestatzeko lantaldean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia aritu zen, 18 urte baino ez zituenean: «Talde handi bat zegoen AEKn, eta Kanporekin gauza asko partekatzeko aukera izan nuen. Nortasun handiko pertsona zen, baina maitakorra era berean». Garitanoren ustez, Kanpok ekarpen handiak egin ditu euskalgintzan, bereziki AEKn: «Beti euskalgintzan zebilen, herri mugimenduan, nazio eraikuntzan. Betiko izango dugu gogoan».

1980ko hamarkadan, Bilboko kaleetan, elkarrekin makina bat solasaldi izan zuten Kanpok eta Garitanok, Urtsa Errazti, Jon Idigoras, Edurne Brouard eta beste lagun batzuekin.

Beñi Agirrek ere ondo ezagutu zuen Kanpo, aurreneko Korrikak antolatu zituzten taldean parte hartu baitzuen. Gipuzkoako AEK-ko koordinatzailea izan zen garai hartan Agirre, eta Kanpo «oso pertsona aktiboa» zela esan du. «Euskaltzale eta langile sutsua zen».

AEKn eta euskararen alde egindako lanaren eskertza aurtengo Korrikan jaso zuen Kanpok, Erraztirekin batera. 2015. kilometroa egin zuten, Erromon (Getxo), eta Korrikako arduradunek lore sortak eman zizkieten.

Samina sortu du heriotzak AEKn, eta webgunean egin dizkiote goraipen hitzak: «Amets egin zenuen, eta ametsa egia bihurtu. Ez zaitugu ahaztuko, ez zu ez gainontzekoak, Joseba; eta lasai, ze, Korrika goaz, iritsi arte gure herriko helmugara». Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaileak, berriz, Twitterren eman zizkion eskerrak: «Joseba Kanpo Korrikaren sustatzaileak utzi gaitu. Zuk ereindako uztak jarraipena izango du. Eskerrik asko eta adiorik ez».

AEKn egindako lanen artean, EAJrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin izandako negoziazioak nabarmendu daitezke. «Irakaskuntza proiektu bat dugulako sinatu dugu akordioa EAJrekin», esan zion Argia-ri 1988. urtean. Ezagutzen dutenek aipatzen dute «isilpeko lan asko» egin zituela. Erakunde publikoen alorra ondo ezagutzen zuen. Eta gerora, AEK-ko hurrengo belaunaldietako kide askok jotzen zuten beragana aholku eske.

Erraztik nabarmendu du politika arloan ere isilpeko lana egin zuela Kanpok. «HBn ibili zen, baina ez zen inoiz karguetarako aurkeztu. Euskal Herriko alderdien arteko elkar ulertzea bultzatzen aritu zen urte luzez, isilpean».

Euskara eta Otxandio ziren Kanporen kuttunak, musikarekin batera. Gaztetan hasi zen kantatzen, 16-17 urterekin. Gaztetxoa zela, jendaurreko kantaldi gutxi batzuk ere egin zituen. Baina urteek aurrera egin ahala, taldean eman zion bide bere musikazaletasunari. Horren erakusgarri, Bilboko Txomin Barullo konpartsako fanfarrearen sortzaileetako bat izan zela. Konpartsa hori 1978. urtean sortu zen, eta Bilboko Aste Nagusiaren klasikoetako bat da. Azkeneko urteetan, berriz, Erromoko fanfarrean aritu zen jotzen. Bere musika tresna kuttunen artean saxofoia zegoen.

Erraztik hitzokin definitu du Kanpo: «Oso pertsona indartsua izan da, konbentzitua eta lan egiten oso tinkoa». Garitanok argi du: «Gure herriak omenaldi bat zor dio».

Ostiralean Otxandion egingo diote omenaldi bat. AEK-k hurrengo egunetan emango ditu xehetasun gehiago. 1. Korrika antolatu eta 18. Korrikan lasterka egin ostean, isildu dira bere saxofoi doinuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.