Ezker abertzalearen bilakaera. Alternatiba Demokratikoa. IRITZIA

Alternatiba, adjektibo eta guzti

Jose Felix Azurmendi
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
1995eko apirilaren 19an, ETAk atentatu bat egin zuen Jose Maria Aznarren kontra, zeina orduan oposizioko buru baitzen eta aukera handia baitzuen hurrengo legegintzaldian Espainiako Gobernuko presidente izateko. Eta Espainiako Barne Ministerioak beste ebidentzia baten gisa hartu zuen atentatu hura, indarrezko jarrera batetik «irlandarren bidetiko» negoziazio baten alde egiten zuelako beste adierazgarri bat. Xabier Arzalluzen irudiko, PPren gehiengo absolutua lortuko zuela iragartzen zuen horrek, eta hango presidentea heroi gisa tronuratuko zutela. Atentatua gertatu eta astebetera, magnizidio ia azken bururaino eramandako haren eragina baliaturik, eta hura bere gain hartzearekin batera, Alternatiba Demokratikoa agertu zen orduko jokaleku hartan: ENAM Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak luzaroan hausnartutako proposamena zen, KASen alternatiba taktikoaren eguneratze moduko bat; haien ustez, bazitekeen hark bide ematea bakeari. Horretarako, estatuak autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna onartu beharko zizkion Hego Euskal Herriari, eta euskal herritarrek —«erabakien subjektu bakarrek»— zer erabakitzen zuten, huraxe errespetatzea hitzeman beharko zuen ETAk. Aldez aurretik, baldintza bat jarri zuen, nahiz eta jakin behar zuen ezinezkoa zela, prozesua demokratikoa izan zedin: amnistia; hark parte hartu ahal izateko bidea emango zien presoei, iheslariei eta deportatuei. Jarduera armatuaren amaiera noiz etorriko zen, berriz, honela azaldu zuen: «Aipatutako edukinak akordio bidez lortu eta bermatzen direnean, bere ihardura armatua geldituko duela adierazten du ETAk».

Hasiera-hasieratik, proposamena dibulgatzeko ahalegin handia egin zuen ezker abertzaleak, baliabide ezohikoak ere baliaturik: esaterako, modu masiboan banatu zituen hainbat kartel eta itsasgarri, eta jendeari gonbit egin zion nork bere etxeko bebarruan, edo lanpostuan, toki publikoetan eta edonon itsats zitzan; izan ere, «Zu ere Euskal Herriko Demokrazia eta Pakearen aldeko militantea. Zu ere Alternatiba Demokratikoaren militantea». Hurrengo hilabeteetan eta urteetan, ENAMek bere diskurtsoen ardatz nagusi bihurtu zuen Alternatiba Demokratikoa. Zerabilen hizkerak, hain zuzen, KASen garaia gogorarazten zuen, eta negoziazio politikorako proposamen oinarrizko gisa saldu zuen, bi esparru hartzen zituena —eta hartan zetzan haren berritasun nagusia—: bata, ETAren eta Espainiako Estatuaren artekoa; eta bestea, euskal herritar guztien parte hartzea izango zuena. Baldintza berriak eta bitarteko demokratikoak sortu ahala, ETAk hitzeman zuen ezen egoera berrira egokituko zuela bere jarduna, azken helburuak alde batera utzi gabe: «Bestelako baldintzak eta bitarteko demokratikoak sortzen diren heinean, gatazkaren izaera berriari egokituko dio ETAk bere jarduera, azken helburu politikoei utzi gabe, hau da: Euskal Herriaren independentzia eta justizia soziala oinarri izango duen gizartea erdiesteko borroka».

ETAk eskatu zuen ezen prozesu hartan esku har zezatela sindikatuek, elkarteek, gizarte mugimenduek, alderdiek, erakundeek; «azken batean, gizarte osoak, eta defini zezatela zein ziren horretarako aukera eta eztabaidarako nahiz akordiorako esparru egokiak». Azaldu zuen ezen prozesuan zehaztu egin beharko zirela, «gutxienez», autodeterminazio eskubidearen garapena—formulazioa, metodologia, aukerak, epeak—, itundu beharreko antolakuntza berriaren eskumenak, Euskal Herria euskalduntzeko plangintza, plangintza sozioekonomikoa eta haren eredua, desmilitarizazioa, Polizien egitekoa, hezkuntza eskubideak eta eskubide demokratikoak, besteak beste. Florencio Dominguez kazetaria aritu izan da luzaroen ETAren estrategiak aztertzen eta borrokatzen, eta, hark horri buruz esana duenez, Alternatiba Demokratikoak berekin ekarri zuen alde batera uztea Euskadiren etorkizuna ETAren eta estatuaren arteko mahai baten gainean erabakiko zelako ideia; horren ordez, fronte nazionalista baterako oinarri batzuk ezarri zituzten, eta handik urte batzuetara Lizarra-Garaziko Itunean mamitu.

Alternatiba Demokratikoa ezin uler daiteke aintzat hartu gabe zein testuingurutatik sortua den. 1995eko urtarrilaren 23an, bere praktika historikoaren kontra jokaturik, ETA militarrak erail egin zuen Gregorio Ordoñez, Gipuzkoako Alderdi Popularreko presidente, Gasteizko parlamentari, Donostiako alkateorde eta aurrera begirako alkategaia. Izugarrizko inarrosaldia eragin zuen, baita ezker abertzale antolatuaren barruan ere, eta, batez ere, haien boto-emaileen eta ohiko gizarte babesaren artean ere. Aste batzuk lehenago beste atentatu bat egin zuen komando bati egotzi zioten Ordoñezen hilketa; komando hark erail zuen Alfonso Morcillo ere, Donostiako Udal Polizian drogaren kontrako borrokan ziharduen buruzagia —Intxaurrondorentzat oso deserosoa zen ikerlan bat zerabilen esku artean—. Uste bat hedatzen hasi zen, eta hurrengo hilabeteetan sendotu: alegia, ETAren hainbat atentatu ez ote ziren zenbait agente infiltratuk iradokiak, hala nola salatua zuen erakundearen zuzendaritzak berak Joseph Anido izeneko baten kasua, CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako kidearena, zeinak eskuragarri izan baitzuen 1992an Bidarten atxilotu zuten ETAren zuzendaritza ere. 1995eko urtarril hartan, Juan Alberto Belloch zelarik Justizia eta Barne ministro, Danborenea eta Vera kartzelatu zituzten, GALen izan zuten erantzukizunagatik. Asalduraz beteriko urte hartako martxoren 21ean bertan, Alacanten Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak aurkitu zituztela jakinarazi zuten. Inarrosaldia, beste arrazoi batzuengatik, izugarrizkoa izan zen, eta arnasberritu egin zuen ENAMen zuzendaritza, zeina inoiz baino ezbaianago jarria baitzuten. Orduantxe ezagutarazi zuen Alternatiba Demokratikoa proposamena ere; indar ahalegin bat egin zuen, halaber, erakundearen ahuleziak gezurtatzeko, erakunde barnean bat ez zetozen ahotsak isilarazteko eta koherentziazko gogoeta bat proposatzeko gizarte abertzaleari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.