
ARGI ALDIAN
Asfalto berotzailea
Gure planetaren eta Marteren arteko batez besteko distantzia 80 milioi kilometro da. Kilometro asko badirudite ere, Lur osoan errepideak egiten ari garen erritmoan segituz gero, hamabost urte barru distantzia hori bera izango dugu asfaltatuta gure planetan. Errepideen metro batzuetako zabalera kontuan hartzen badugu, mundu osoan milaka kilometro asko asfaltatuta daude dagoeneko. Asfaltoaz gain, beste material batzuk erabiltzen ditugu lurrazala estaltzeko, esaterako, porlana, galtzada-harriak, harlauzak, eta abar. Horrek bi ondorio ditu. Batetik, lurrazalaren biodibertsitatearen eta landareek estalitako azalaren galera eta, bestetik, albedoaren aldaketa, alegia, zenbat argi islatzen duen atzera lurrak; asfaltoak eta bideetako beste materialek argia xurgatzen dute, eta, ondorioz, beroa. Horri guztiari gehitu behar zaizkio hiriak, herriak eta, oro har, eskualde urbanizatuak. Faktore hori maiz ahaztu bada ere, garrantzi handia du, lurrazalaren berotzea eta tenperatura erregulatzearen eragozpena ekartzen baititu. Hortaz, asfaltatzea, bideak egitea eta urbanizatzea ere, klima berotzearen eragile zuzenak dira. Errepide baten asfaltoa uda beroan ukitzea besterik ez dago sentitzeko nola berotzen diren. Gero eta gehiago, gainera, udak gero eta beroagoak baitira. Azken 2.000 urteetako datu ahalik eta zehatzenak ari dira lortzen egun hainbat tokitako zuhaitzen eraztunetan. Aurreneko III. eta IV. mendeotan, udak beroak izan ziren baina, handik aurrera, beroa moteldu zen, gorabeherak barne, XX. mendera arte. Ordutik hona, beroaldi indartsuak ari dira gertatzen. Orokorrean, azken 30 urteotan, aurreko mendeetako klimaren aldakortasun naturaletik kanpo egon dira beroaldiak. Horrek, berriz ere, frogatzen du gizakion eragin zuzena. Segituko dugu, hala ere, neurririk gabe asfaltatzen mundua grisa bihurtu arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu