Darwin eta gu

Aurrera bolie, Battisti!

Pastor
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Italiak Brasilen kontrako kanpainari ekin dio, hango justiziak Cesare Battisti ekintzailea libre utzi eta gero. Battistiri lau biziarteko zigor ezarri zizkioten Italian, Komunismoaren aldeko Langile Armatuak taldeko kidea zenean, 70eko urteetan, lau lagun hil zituela egotzita. Erromak Battistiren estradizioa eskatu dio Brasili, baina ez du lortu. Ondorioz, Hagako Auzitegira jotzea erabaki du. Gainera, produktu brasildarrak boikotatzearen aldeko deia egin du. Boikotaren barruan 2014an Brasilen egitekoa den munduko futbol txapelketa sartuko litzateke, Italia sailkatuko balitz. Squadra Azzurra eta turista italiarrik gabe Brasilgo ekonomiak larrutik ordainduko omen luke Battisti ez estraditatzeko erabakia, italiar batek, jakina denez, Persiako Golkoko xeke guztiek baino diru gehiago gastatzen duelako atzerrian.

Battistik kartzelatik ihes egin zuen 1981ean, eta Frantziara joan zen. Handik Mexikora jo zuen. 1990ean Parisera itzuli zen, Mitterrandek borroka armatua utzia zuten ekintzaile italiarrak ez estraditatzeko 1985ean hartu zuen erabakiaren ondorioz. Frantzian hogei urte pasatxo eman zituen Battistik. Eskuinak boterea hartu eta Mitterrand dotrina indargabetu zuenean, ihesari eman zion. Brasilen atxilotu zuten, 2007an.

Italiaren jokaera harrokeriaz beteta dago. Lehenmundukeria dario. Izan ere, Battisti Frantzian zegoen bitartean, behin eta berriro eskatu zuen Italiak haren estradizioa, baina Parisek ez zuen onartu. Frantziak aurre egin zion Italiari, baina Erromak ez zuen boikotik bultzatu. Ez zuen nazioartean salatu. Japoniaren aurka ere ez du ezer egin. Izan ere, Brasilen ez ezik, han ere badu nor bilatu. Bertan bizi da Delfo Zorzi, Ordine Nuovo erakunde faxistako ekintzailea. Piazza Fontana-ko atentatuan —Milanen, 1969an, hamazazpi hildako eragin zituen— parte hartzeagatik epaitu zuten. Zorzi jauna auzipetua da Piazza della Loggia-ko atentatuagatik ere —Brescian, 1974an, zortzi hildako—. Erromak estradizioa eskatu du, baina Tokiok uko egin dio, Zorzik pasaporte japoniarra duela argudiatuta. Italiak ez du Hagara jo Japoniaren kontra; ez du boikota bultzatu. Brasilen aurka, ordea, bai. 30 urte baino gehiago pasatu arren, preskripziorik ez Battistirentzat. Mitterrand dotrina kendu nahi diote eta Parot dotrina ezarri. Biziarteko kartzela. Hurrengo pausoa Battistiren aldeko elkartasuna kriminalizatzea izan daiteke. Badute non ikasi.

ETAren biktimen aldeko zenbait elkartek ere nazioartera jo nahi dute: delitu terroristak ez preskribatzeko eskatu berri diote NBEri. Kasualitatea dirudi eskaera orain egiteak, baina erabaki politikoetan kasualitaterik ez dagoenez, pentsa daiteke ekimenak helburu argi bat duela: euskal presoen eskubideen aldeko oihu gero eta ozenagoen kontra egitea eta immobilismoari arnasa ematea. Euskal Herrian ditugun aldaketa garaiak baldintzatzea eta geldiaraztea. Esperantzak zapuztea. Batzuk kapaz dira bake prozesuak leherrarazteko, hemen eta kanpoan. Bai, zeren, zer saltsa sor liteke NBEk eskaera onartu eta Irlanda iparraldeko biktimen elkarte batek kereila jarriko balu IRAko kide ohien kontra nazioarteko epaitegietan?

Italiak gustura asko jokatu zuen Frantziako munduko futbol txapelketa, 1998an. Inork ez zuen boikotatzeko deia egin, Battistik orduan Parisen bizitza normala egiten zuen arren. Italiak final laurdenetan galdu zuen. Noren kontra eta Frantziaren kontra, penaltietan. Saint Deniseko estadioan izan zen Battisti uztailaren 3 hartan, ala telebistaz ikusi zuen Del Pierok eta Zidanek nola mugitzen zuten bola? Zeinen alde egin zuen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.