Mikel Iriondo Orensanz.
ARGI ALDIAN

Australia eta Papuako aborigenen jatorria

2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Azken urte hauetan genomika ezinbesteko tresna bilakatu da giza populazioen historia berreraikitzeko. Gizaki modernoa, hots, gu, Afrikatik atera ginen orain dela 60.000 urte inguru, eta genomikaren bitartez jakin izan dugu Afrikatik atera eta gutxira neandertalekin gurutzatu ginela, eta geroago Asian barrena bizi ziren denisovarrekin ere bai. Genomikari esker, poliki-poliki giza populazioen historian sakontzen joan gara; oraindik alde ilun ugari geratzen badira ere, Australiako eta Papuako aborigenen jatorria, esaterako. Gauzak horrela, lehengo astea oparoa izan zen aborigen horien genomikaren inguruan, Nature aldizkarian hiru ikerketa atera baitziren.

Alde batetik, Malaspinas eta lankideek 108 aborigenen genomak sekuentziatu dituzte, eta Eurasiako beste gizataldeak bezala orain dela 60.000 urte inguru Afrikatik ateratako gizakien ondorengoak direla ikusi dute. Neandertalekin eta denisovarrekin izan zuten nahasketa ere detektatu eta kuantifikatu dute, egungo aborigenen genomaren %2,3 neandertala eta %4 denisovarra izanik. Nature aldizkarian, The Simons Genome Diversity proiektuaren lehen emaitzak ere atera dira, eta, aurrekoan bezala, Australiako eta Papuako aborigenek orain dela 60.000 urte inguru Afrikatik egindako irteeran edukiko lukete jatorria, Europa, Asia eta Amerikako beste gizatalde guztiak bezala. Baina hain sinplea da historia?

Hirugarren artikuluan, Pagani eta lankideek 148 populaziotako 483 indibiduoren genomak sekuentziatu dituzte, horien artean zenbait papuar. Eta hara non, aurrekoek detektatu ez duten zerbait aurkitu dute. Horien emaitzen arabera, aborigenen genomaren %2 jatorri urrunagoa duten gizaki moderno batzuetatik letorke, gutxienez orain dela 100.000 urte inguru Afrika utzi zuten gizaki moderno ezezagun batzuetatik. Orain dela 60.000 urte Afrikatik izandako irteeraz gain, egon al zen lehenago besteren bat? Baietz dirudi. Bibliografian sakonduta, beste lan batzuekin erlaziona daiteke emaitza hori. Adibidez, orain dela urtebete, Nature aldizkarian, Liu eta lankideek 100.000 urte inguru zituzten gizaki modernoen hortz batzuk aurkitu zituzten Txinan.

Ikerketa horiek guztiek horrela uzten dute Australiako eta Papuako aborigenen jatorria. Orain dela 60.000 urte Afrikatik ateratako gizaki modernoak Eurasian jada bizi ziren beste hiru gizataldeekin nahastatu ziren: neandertalekin, denisovarrekin eta milaka urte batzuk lehenago Afrika utzi zuten gizaki modernoen talde batekin. Guztira, aborigen horien genomaren ia %10 Eurasian emandako nahasketetatik dator. Genomaren portzentaje horrek zein eragin eduki zuen aborigen horien morfologian edo fisiologian? Hor dugu egun erronka berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.