gotzon hermosilla
ANALISIA

Azkuna zentroa

2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ofiziala da: lehen Alhondiga Bilbao zenak —euskaldunentzat, betiko Alondegia— Azkuna zentroa du izen berri. Hango langileei ere kosta egiten zaie oraindik izendapen zaharra ez ahoratzea, baina denbora kontua da: izen berriak bidea egingo du, eta laster gehienentzat Azkuna zentroa baino ez da izango Indautxuko eraikin dotorea.

Izena aldatzeko erabakiak, nola ez, polemika ekarri du. Ez da ahots askorik altxatu, seguru asko norbaitek desadostasuna hildako hautetsiarekiko begirune faltatzat hartuko ote duen beldurrez, baina desadostasunak egon dira, egon ere.

Hasteko, erabakia Azkunak berak behin baino gehiagotan erabilitako irizpideen kontra doalako. Memoria historikoaren legea betetzeko edo andreen ikusgarritasuna ahalbidetzeko xedez, kale, eraikin publiko eta abarren izenak berrikusteko eskatzen ziotenean, Bilboko alkate zenak beti argudiatu ohi zuen aldaketak nahasgarriak direla, izendapen ofizialak luzaro mantentzeko direla, eta halako kontuak kale berriak inauguratzen direnerako utzi behar direla. Beraz, pentsatzekoa da Azkuna bizirik balego ez litzatekeela oso ados egongo hartutako erabakiarekin.

Plazaratu den beste argudioa sakonagoa da. Ukaezina da Iñaki Azkuna alderdi politiko zehatz bateko hautetsia baino askoz gehiago izan zela, eta haren ospea eta itzala EAJren ohiko boto-emaileetatik harago zihoazela. Bilboko gizartearen sektore askotara iristen asmatu zuen Azkunak, eta horren erakusgarri dira EAJtik oso urrun dauden politikari, hedabide eta pertsona publiko ugariren ahotan oraindik ere entzuten diren laudoriozko hitzak.

Baina hori bezain ukaezina da Bilboko gizartearen beste sektore askorekin kontrakoa gertatu zela. Eta arazoak ez du zerikusirik edozein lekutan ohikoa eta zilegi den iritzi desberdintasunarekin. Haren erabakiak ezbaian jartzen zituzten zenbait sektore—Kukutzako gazteak, konpartsak, jaiegunetan saltokiak zabaltzearen kontra agertutako sindikatuak— aurkari politikotzat baino gehiago, etsaitzat hartzeko joera izaten zuen Bilboko alkateak. Eta horren arabera jokatzekoa. Ez du merezi hemeroteka astintzea, baina denon buruan daude Azkunak sektore horiekin izandako jokabide eta adierazpen desegokiak, inor ez mintzeko moduan esanda. Beraz, ez da harritzekoa sektore horietako asko uzkur —eta, kasu batzuetan, minduta— agertu izana izendapen berria dela eta.

Desadostasunak eta iritzi kontrajarriak gorabehera, izendapen berriak badu ondorio positibo bat: aurrerantzean, Bilboko eraikin garrantzitsuak euskarazko izena izango du. Eta bati baino gehiagori aurrerapen txikia irudituko zaion arren, hainbeste exhibition center, foundation for science, break on stage, art & fashion, culinary center, pintxos experienceeta antzekoak dituen herri batean, ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.