Jonathan Caro.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Babes zorrotzaren arriskuak

2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Badago hemen koronabirusaren bigarren olatua, eta oso bortitz dator oraingo honetan. Aurreko olatuak zenbait gauza irakatsi zizkigun; adibidez, eskuak desinfektatzeko ohitura, eta etxetik lan egiteko modu berria. Egoera honetan erakundeek gogor ekin diote zaharren babesari haien bizimodua aldaraziz. Baina egokiak izan dira neurri horiek adinekoak babesteko? Zaharren bizimodu aldaketa hori eraginkorra izango da? Eta galderarik garrantzitsuena: COVID-19aren ostean nola egongo dira pertsona zaharrak?

Zahar egoitzetan bizimodua zeharo aldatu zen martxoan. Konfinamendu luzea eta gogorra jasan zuten. Hilabeteak pasatu ziren bisitak eduki gabe eta aktibitate urriarekin, eta bat-batean badago hemen bigarren olatua eta berriro neurri gogorrak. Pandemia pasatu ondoren erresidentzietan aurkituko duguna: pertsona tristeak, dependentzia handiagoa dutenak eta bizitza normala berreskuratzeko beldur direnak.

Euren etxeetan bizi direnen zaharren egoera ez da askoz hobeagoa. Pandemia aurretik bilobak zaintzeko edo Imsersoko bidaiak ordaintzeko guztiz baliotsuak eta indartsuak zirenak erakundeentzako oso ahulak bilakatu ziren konfinamendu garaian. Ondorioz, kalera ateratzeko ordutegiak ezarri zirenean zaharrentzako ordua ez zetorren bat biloben edo seme-alaben ordutegiarekin; beraz, bakarrik pasatu zutendenboraldi hori, bai etxean bai kalean, eta, dirudienez, olatu berri honetan gauza berbera gertatuko da.

Osasun arloan baliabide guztiak koronabirusari aurre egiteko erabiltzen dira, eta, ondorioz, kontsultarako ordua lortzea zailagoa bihurtu da, kronikoen jarraipen egokia ezinezkoa da, ebakuntza asko bertan behera gelditu dira eta larrialdietara joateko beldurra ezarri da. Horiei guztiei gehitu behar diegu pertsona zaharrek teknologia berriak erabiltzeko daukaten zailtasuna; gainera, teknologia berriei buruzko informazio eskasa jaso dutenez, tele-osasunari etekina ateratzeko aukera galdu dute.

Badakigu gaixotasun kronikoko kontrol eskasak osasuna okertu dezakeela, kontsulta berriak eskatzeko beldurrak edo zailtasunak osasun arazo berriak sortu ditzaketela, etxetik ez ateratzeak eta komunikabide berriak erabiltzeko zailtasunek sortutako isolamendua izugarrizko eragina daukatela pertsona zaharretan, eta egoitzetan bisitak ezabatzeak eta konfinamendu gogorra ezartzeak ondorio larriak sortzen dituela. Beraz, ondo aukeratu behar ditugu babes neurriak eta haien luzera; bestela, babesa pertsona nagusien arerio handiena bihurtuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.